Asier Robles

Alde Zaharrak eta Atxurik kalitatezko hezkuntza zerbitzu publikoa exijitu dute

Alde Zaharreko eta Atxuriko ikastetxeetako guraso elkarteek eta auzoko hainbat eragilek mobilizazio jendetsua egin dute auzo horietako eskola eta ikastetxe publikoen «gabeziak» salatzeko eta hobekuntzak eskatzeko.

Alde Zaharreko eta Atxuriko hezkuntza komunitatearen mobilizazioa. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Alde Zaharreko eta Atxuriko hezkuntza komunitatearen mobilizazioa. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bilboko Alde Zaharreko eta Atxuriko hezkuntza komunitateak kaleak hartu ditu ostegun honetan auzo horietako ikastetxe publikoen «gabeziak» salatzeko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzu publikoa exijitzeko. Giro alai batean, 17.00ak aldera, irakasleak, ikasleak, gurasoak eta auzotarrak Solokoetxeko eskaileretan bildu dira, euren aldarrikapenak plazaratzeko.

Azaldu dutenez, Atxuri eta Alde Zaharra azken urteotan demografikoki eta sozioekonomikoki eraldatuz joan diren auzoak dira. Nahiz eta azkenengo urteetan 2-4 urteetako haurren populazioaren pisua jaitsi den, auzoetako eskola publikoak (Mujika eta Atxuri) dagoen eskariari erantzuteko «ez direla gai» nabarmendu dute. Zehazki, 2020-2021 ikasturtean, 28 haur ezin izan dira Atxuriko eskolan matrikulatu.

«Era berean, beren seme-alabak auzoko eskola publikoetan matrikulatzeko interesa duten familia askok ez dituzte gure eskolak lehenesten, berton matrikula eginda eta plaza ez lortuta, inguruko beste ikastetxe batzuetan plaza ez lortzeko beldurragatik», adierazi dute.

Gainera, bi eskolen «espazio eta azpiegitura» faltaren ondorioz, familia askok euren seme-alabak auzotik kanpo dauden itunpeko ikastetxeetara bidaltzen dituztela azpimarratu dute. Izan ere, ehun urte inguruko bizia duten eraikinak dira bai Mujika zein Atxuri, eta elkarteek salatu dutenez, azken hamarkadetan Bilboko Udalak zein Lakuako Gobernuak ez dute egiturazko inbertsiorik egin eskoletan.

Ikasleen ibilbidea jarraituz, Solokoetxeko institutuan arazo antzekoa dagoela salatu dute. 2004an Lakuako Gobernuak Solokoetxeko BHIa Campuzano eraikinera lekualdatzeko konpromisoa hartu zuen, baina aldaketa ez da gauzatu eta, hezkuntza komunitateak dioenez, 2019-2021eko Hezkuntza Azpiegituren Planean ez da hezkuntza-egitura horren aipamenik ageri.

«17 urte daramatzagu DBH eta Batxilergo Institutu berri baten zain eta Eusko Jaurlaritzak, ez du gure auzoko haur eta gazteekiko konpromiso argirik hartu», adierazi dute gaurko mobilizazioan.

Aldarrikapenak

Hezkuntza-zentroek dituzten arazoen aurrean, barruko eta kanpoko espazio «zabalak eta duinak» eskatu dituzte, «haurren garapen osasuntsua bermatzeko»: gimnasioa, liburutegia, patio estali zein irekia, jantokia, aretoa eta irakasleen gela.

Halaber, naturarekiko kontaktua bermatuko duten udal-espazio publikoen edo inguruneko espazio zabalen erabilera erraztea eskatzen dute.

Eskolako eraikinek egiturazko hobekuntzak behar dituztela ziurtatu dute, eta azpiegiturak eguneratzeko eta eraikinak egungo beharretara egokitzea eskatu dute.

Halaber, eskolarako bide segurua bermatzea eskatu dute. «Ikastetxeetako sarrera- eta irteera-orduen inguruan, kaleak moztu edo gainbegiratu behar dira, gure seme-alaben segurtasunerako eta oinezkoentzako guneetan ibilgailuen zirkulazioak eragiten dituen arriskuak murrizteko», adierazi dute.

0-2 urteko etapan kalitatezko hezkuntza-zerbitzu publikoa exijitu dute. Eta hurrengo adin-tarteetarako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Institutu berri bat eskatu dute, «ikasle guztientzako espazio bat bermatuko duena eta norbere hautu akademikoari erantzuna emango diona».

«Azpiegituretan egindako inbertsio handien aro honetan, gure seme-alabentzat benetan estrategikoa dena aldarrikatzen dugu, hau da, kalitatezko etorkizuna ziurtatzea, desberdintasun sozialak murriztuz. Eskola erakargarriak behar ditugu, behar beste baliabidez eta beharrezko azpiegituraz hornituta», nabarmendu du Alde zaharreko eta Atxuriko hezkuntza komunitateak.