Martxelo Díaz

Ildo beretik jo du Ana Malagon idazleak hirugarren ipuin sortarekin

Aurreko bi liburuekin hasitako ildoarekin jarraitu du Ana Malagonek hirugarrenarekin (‘Ez dakit zertaz ari zaren’, Elkar). Berrikuntza batzuk sartu baditu ere, irakurleek aurreko bietan topatu zutenaren antzekoa aurkituko dutela esan du idazleak.

Ana Malagon idazlea, gaur Donostian argitaratu duen hirugarren liburuarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Ana Malagon idazlea, gaur Donostian argitaratu duen hirugarren liburuarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aurreko liburuen ildotik segitzen du Ana Malagon idazleak ‘Ez dakit zertaz ari zaren’ (Elkar) lanean. Lehenengo lanean (‘Lasai, ez da ezer gertatzen’) mikropuinak ziren. Orain, berriz, luzeagoak dira, ipuinak, ‘Gelditu zaitezte gurekin’ bigarren lanean egin zuen modura. Lau urte eman ditu hirugarren lana argitara emateko, Xabier Mendiguren editoreak nabarmendu duenez. «Hogei izan direla dirudi», onartu du asteazken honetan Donostian egin duten aurkezpenean Malagonek. Izan ere, «azkenekoa hogei urte bezalakoa izan baita».

Gin-tonic edariarekin konparatu du Mendigurenek Malagonen lana. Elementu desberdinak nahastuz (tonika, limoia eta ginebra) bakarka ematen duten sentsazioak hobetzen dituzte. «Eta adiktiboa da», gaineratu du, gin-tonic-a gogoko ez dutenentzako ere liburu egokia dela azpimarratu ondoren.

Inguruan zer gertatzen den ulertzeko saiakera dela idaztea adierazi du Malagonek. «Hori da egin nahi dudana», esan du. «Ez da introspekzioa», erantsi du.

«Aurreko liburuak irakurri dituen jendeak ez du ezer berririk ikusiko. Ildo beretik doa, tono bera dauka», aurreratu du Malagonek. Halere, hori ez da egia borobila aurreko liburutik hona berrikuntza batzuk sartu dituelako.

Badira berrikuntzak

Horietako bat kolektiboarena. Aurreko liburuetako istorio guztietan protagonista pertsona indibiduala zen. Jakin eta definituak gehienetan. Hori gertatzen da ere liburu berriaren ipuin gehienetan, baina badira bizpahiru protagonista kolektiboak dituztenak. Emakume talde bat edo ikastola bateko klaustroko irakasleak dira kasu hauetan protagonistak. «Orain arte ez dut horrelakorik egin», azpimarratu du Malagonek. Honekin batera, aurreko liburuetan beti lehen pertsonan idatzitako ipuinak ziren. «Hemen ikuspegiak tartekatu ditut», esan du. 

Beste berrikuntza bat ipuin pare bat «errealtitatea eta distopiaren arteko mugan kokatu» nahi izan dituela da. Babesa ez izatearen sentsazioa landu nahi izan du. Sistemak bere gain hartzen ez dituen eta kanpora botatzen dituen pertsonen abandono sentsazio hori. Abandono horretan murgilduta izatera kondenatuak izan direnen bizimodua kontatzea.

Familia, bikotea, bakardadea, gainetik kendu ezin diren zamak, ikustezinak diren etsaiei aurre egiten dietenak, erabaki txarrak hartzen dituztenak... osatzen dute Malagonen liburuaren unibertsoa. «Itxaropenarentzako zirrikituren bat edo beste bada», gaineratu du.

Zorroztasuna eta ironia

Malagonek zorroztasuna eta ironia uztartzen dituela esan dio Mendigurenek. «Zorrotza naizela esaten didate. Oskol horretatik ateratzen saiatu naiz. Pertsonaje miserableak lantzen ditut, baina nondik datozen, zer nahi duten azaldu nahi izan dut. Enpatia eragin. Hor sortzen da ironia, babesleku bezala. Hainbat pertsonaje nirekin ados egongo dira», erantzun dio.

Aurreko liburua argitaratu zuenetik lau urte pasa badira ere, honek ez du esan nahi tarte luzea idatzi gabe egon denik. Oxigenaziorako unetxo bat hartu ondoren, ipuin berriak sortzeari ekin zion. Horretarako, inspirazio iturri ugari erabili izan ditu: aldizkari batean irakurritako erreportaje bat, lagun batek beste bati kontatutakoa, ikusi duen zerbaiten xehetasun bat bertatik tira egin ahal izateko... «Denetatik dago».