Asier Aiestaran

Lehen estropadako txanden zozketa eginda, TKE Liga prest da lehiari ekiteko

Bilboko aurkezpen ekitaldian egin da uztailaren 3an A Coruñan lehiaketari hasiera emango dion estropadaren txanda zozketa. Lehen txanda Ondarroa, Hondarribia, Zierbena eta Bermeok osatuko dute; bigarrena Lekittarra, Ares, Orio eta Santurtzik; eta hirugarrena Tiran, Cabo, Donostiarra eta Zarautzek.

Orioko neskak, Euskotren Ligako irabazleari dagokion saria jasotzen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Orioko neskak, Euskotren Ligako irabazleari dagokion saria jasotzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Datorren uztailaren 3an A Coruñan hasiko diren Eusko Label eta Euskotren Ligak Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu dituzte urtero egin ohi den ekitaldian. Aurtengoan ere, iaz bezala, ohikoa baino ekitaldi xumeagoa izan da pandemiaren eraginez, baina iaz irabazitako sari desberdinak banatzeko balio izn du eta, batez ere, Galiziako lehen estropada horretarako txanden zozketa egiteko.

Zozketa horrek hala erabakita, lehen estropadako lehen txanda Ondarroa, Hondarribia, Zierbena eta Bermeok osatuko dute. Bigarren txandan Lekittarra, Ares, Orio eta Santurtzi neurtuko dira. Eta hirugarren eta azken txandan arraun egingo dutenak Tiran, Cabo, Donostiarra eta Zarautz izango dira.

Aurkezpenari ekiteko Borja Rodrigo TKE Ligako presidenteak hartu du hitza, eta ohiko eskertza guztiez gain, arraun munduko ordezkari guztiei eskatu die ez erlaxatzeko. «Hastear den Eurokopak erakutsi digu covid-19a oraindik gure artean dagoela eta ezin dugula guardia jaitsi», gogoratu du. Gainera, Oinatz Arretxe, iazko abenduan istripu larria izan zuen Zarauzko arraunlaria, eta Txomin Orbañanos, otsailean hil zen Hondarribiako bigarren entrenatzailea, omendu nahi izan ditu.

Ondoren, sari banaketan txanda izan da. Emakumezkoei dagokienez Orio izan da protagonista, iazko Euskotren Liga irabazle moduan Caixabank koroa jaso dutelako eta patroi onenaren saria Nadeth Agirre oriotarrarentzat izan da. 2019an ere bera izan zen saritua eta garaikur hura ere gaur jaso ahal izan du.

«Sari hau ez da nirea bakarrik, talde osoarena da. Beti esaten dugun moduan hau taldeko kirola da eta guztion lanari esker lortzen dira sariak. Saiatuko gara hirugarrena ere lortzen, baina zaila izango da, talde guztiek gora egin dutelako eta lehia gero eta parekatuagoa delako», adierazi du Agirrek saria jaso ostean.

Gizonezkoetan, sari banaketa arraroa suertatu da. Batetik Asier Zurinagak jaso du iaz Santurtziko Soteraren patroi bezala irabazitako saria, nahiz eta jada arrauna utzita duen. «Iaz ere ia utzita neukan, baina azkenean Santurtzirekin asko gozatzeko aukera izan nuen. Orain beste aldetik jarraituko dut arrauna», esan du orain gutxi bizikletan zebilela lepauztaia apurtu zuen Zurinagak.

Gainera, 2019ko saria ere banatu da. Arkaitz Diaz Donostiarrako patroiak irabazi zuen, baina ezin izan du Bilbora gerturatu eta bere izenean Jon Iruretagoiena taldeko beste patroiak jaso du.

Larunbatean, test polita Ondarroan

Arrauna, ordea, ez da geldirik egondo uztailaren 3ra arte. Larunbatean, 11.30etan hasita, IX Antiguako Ama Estropada jokatuko da Ondarroan. Denboraldia ofizialki hasi aurretik azken testa izango da ontzi askorentzat eta gertutik jarraitu beharko da bertan gertatzen dena.

Lehenik emakumezkoen estropada jokatuko da, eta bertan hamar ontzik hartuko dute irteera, denak ETE Ligakoak: Castro, Zarautz, Lapurdi, Lutxana, Isuntza, San Juan, Deustu, Zumaia, Hibaika eta Ondarroa.

Ondoren, gizonezkoen proba hasiko da eta hor 17 traineruk eman dute izena: Deustu B, Hibaika, Busturialdea, Hondarribia B, Donostiarra B, Orio B, Zumaia, Arkote, Deustu, San Pedro, Kaiku, Zarautz, Isuntza, Zierbena, Bermeo, Santurtzi eta Ondarroa.

Igandean, 11.00etan hasita, Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko da Donostian. Informazio guztia esteka honetan aurki daiteke.