NAIZ

Elkarretaratzea egin dute mundakarrek Mikel Bilbao alkatea babesteko

Mikel Bilbao Ruiz Mundakako alkateak –EAJren zerrendetan atera zenak, baina independente modura– truke urbanistiko irregular baterako erabiltzea leporatu zion alderdi jelkideari eta honek udal taldetik bota zuen. Herritar talde batek Bilbaori elkartasuna adierazi eta EAJren jarrera salatu du.

Mundakako elkarretaratzea, Mikel Bilbao alkatea babesteko, igande eguerdian.
Mundakako elkarretaratzea, Mikel Bilbao alkatea babesteko, igande eguerdian.

Mikel Bilbao Ruiz Mundakako alkatea babesteko elkarretaratzea egin dute igande eguerdian herritarrek, Udaletxe Plazan. Bertan, ezetz esan diote «klientelismo politikoari», eta baietz «gardentasunari eta herritar guztien aldeko lanari». Salatu dutenez, higiezinekin lotutako operazio irregularrak egin dituzte Udalean. Hain zuzen, alkateak truke urbanistiko irregular baterako erabiltzea leporatu zion EAJri eta honek udal taldetik bota zuen.

Bilbao EAJrekin iritsi zen alkatetzara, baina alderdi honek berak haren aurkako zentsura mozioa bultzatu zuen 2020ko udazkenean, aurrerago EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bermatuko zuena. Behin-behinean etenda dago indargabetze hori. Alkateak helegitea jarriko zuela iragarri du, gainera.

Aferak hautsak harrotu ditu Mundakan eta herritar ugarik Bilbao babestea erabaki du. Igande honetan mobilizazioa egin dute alkateari elkartasuna adierazi eta, bide batez, jelkideen jarrera salatzeko.

Erroxeli Ojinaga manifestazioan izan den herritar batek NAIZ Irratiari adierazi dionez, «Udal garden, zabal eta parte-hartzailea» eskatzeko batu dira. «Oso ondo erantzun dute herritarrek, 150-200 lagun bildu gara». Alkateak eskerrak eman dizkie eta hunkitu ere egin da.

Higiezinekin lotutako interes ekonomikoak atzean

EAJk bere zerrendan joan zen Mikel Bilbao independentearen kontra aurkeztutako zentsura mozioaren atzean «sekulako interes ekonomikoak» daude, higiezinekin lotuak, Ojinagak azaldu duenez.

«Higiezin batzuen bidez proiektu ekonomiko suntsitzaileak bultzatu dituzte. Dena lehertu zen kanpo aholkulari bat kontratatua zutelako, alderdiaren barruan sekulako pisua zuena, legez kanpo. Kontratu publikoak lau urtekoak izaten dira eta berak hamabost bat zeramatzan. Ez zen legezkoa berriro kontratatzea pertsona hori, eta hori izan zen dena lehertu zuena».

Bizilagun talde bateko kide den Ojinagak esplikatu duenez, horren atzean higiezinen operazio bat dago, erabat ezkutuan kudeatua. Besteak beste, «lursailen elkar-trukeak» egin dituzte, «legaltasun gutxikoak, susmagarriak».

Mikel Bilbaok izen-abizenak jarri zizkien irregulartasunei, besteren artean Unai Rementeria alkate ohia eta gaur egungo Bizkaiko ahaldun nagusia aipatuz, Aitor Egurrola alkate ohiarekin eta Javier Aldamiz Etxeberria aholkulari ohiarekin batera.

Informazio publikoa eskatu dute elkarretaratzean, Udalean «gardentasun falta» dagoelako. EAJren jarreraren aurkako mobilizazio hau aldaketa baten seinale izan daitekeen galdetuta, baietz erantzun du Ojinagak. «Jende gaztea bereziki erreta dago, oso babesgabe sentitzen da. Berdin du alderdi batekoa edo bestekoa izan, nola kudeatu daiteke udal bat gardentasun falta honekin?».