NAIZ

Queer, nezeser eta txantxiku dira Euskaltzaindiaren Hiztegian sartu diren hitz berri batzuk

Euskaltzaindiak 592 forma berri jaso ditu bere hiztegian azken sei hilabeteotan. Miriam Urkia arduradunak azaldu duenez, «batez ere, forma berriak dira aurten landu direnak, corpus eguneratutik eskuratutakoak, hau da, egun dabiltzan hitzak. Baina garai batean baztertu ziren formak ere badaude».

Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu guztira. (EUSKALTZAINDIA)
Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu guztira. (EUSKALTZAINDIA)

Azken sei hilabeteotan 592 hitz gehitu dizkio Euskaltzaindiak bere hiztegiari. Gutxi batzuk aipatzearren: queer, nezeser, koronabirus, zaurgarritasun, nahasmendu bipolar, asanblada, trajeria, euste, birziklapen, dedio, aurri, txantxiku, ustiaketa, zupatu, telelaguntza, hitzemate, pirateatu, esanbidezko, gobernantza, telelaguntza eta heteropatriarkal.

Miriam Urkia hiztegiaren arduradunak eta euskaltzain osoak adierazi duen bezala, hitz berrien artean badira lehendik baztertuak zeudenak eta orain onartuak izan direnak, «Euskaltzaindiak ez erabiltzeko esanda ere, bidea egin dutelako, hiztunek erabiltzen jarraitu dutelako».

Binario, biluztu eta eskumalde

Binario da horren adibide. Lehen bitar eta biko erabiltzeko esaten zen, baina orain adiera berria onartu da: «Sexu edo genero sistemez mintzatuz, bi kategoria −emakumea eta gizona– dituena».

Biluztu ere onartu da, batez ere bizkaieraz eta gipuzkeraz erabilia. Hasiera batean, garbizaleago jokatu zen (biluzi jaso zen bakarrik) eta euskalkietako aldaera batzuk isildu edo baztertu egin ziren, baina orain, batzuk berreskuratu egin dira.

Eskumalde hitzarekin gauza bera. Bizkaieraz erabiltzen da, batez ere Eskuinalde bakarrik zegoen lehendik, baina bizkaieraz eskuma da eta berreskuratu egin da ‘Bizk.’ markarekin.   

Azpisarrera berrien artean ere badira berrikuntzak. Esaterako, arreta(-)zerbitzu, gibel gizen, malo-malo, nahasmendu bipolar, kirol(-)lege, ziztuan edo pubis(-)zorri gehitu zaizkio hiztegiari.

Berrikuntzak, urtean bitan

Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu guztira (39.800 sarrera eta 9.486 azpisarrera) eta 68.181 adiera (horietatik 2.368 azpiadierak dira).

Euskararen akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2021eko lehen sei hilabeteetan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu ostiral honetan sareratu den eguneratzeak.