NAIZ

Kanadak, historian lehen aldiz, Estatuburu indigena du

Mary Simonek historia egin du Kanadan, bertako gobernadore nagusi –estatuburua– kargua hartu ondoren. Postu horretarako izendatu duten lehen pertsona indigena da.

Mary Simon Kanadako gobernadore nagusi berria, kargua hartu ondoren. (Sean KILPATRICK/AFP)
Mary Simon Kanadako gobernadore nagusi berria, kargua hartu ondoren. (Sean KILPATRICK/AFP)

Mary Simon da Kanadako lehen estatuburu aborigena. Atzo izendatu zuten gobernadore nagusi kargurako 73 urteko emakumea Ottawan egin zen zeremonia batean eta herrialdeko lehen ministroak, Justin Trudeauk, historikotzat jo zuen izendapena. Kanadiarren artean zubiak eraikitzen lagunduko duen itxaropena agertu zuen Trudeauk. Izan ere, bertako komunitate indigenen aurka iraganean egindako sarraskiak azalera atera diren unean iritsi da izendapena.

Simon inuit komunitatearen buruetako bat da eta Kanadako 33. gobernadore nagusia da, Ingalaterrako Isabel erreginaren ordezkaria. Bere izendapenak polemika ere piztu du kanadiarren artean eta kargua hartu baino lehenago ere Kanadako Hizkuntza Ofizialen Bulegoak ikerketa abiatu du izendapenaren inguruan, herrialdeko frankofonoen aldetik ehunka kexa jaso ondoren.

Simon Kangiqsualujjuaq-en jaio zen, Quebeceko probintziaren iparraldean dagoen inuk komunitatearen herrian, baina ez du frantsesez hitz egiten, Kanadako hizkuntza ofizialetako bat. Horregatik, Trudeauk joan zen uztailean gobernadore nagusi izango zela iragarri zuenean, komunitate frankofonoko kide ezagun askok beren atsekabea agertu zioten lehen ministroari.

Kezka frankofonoen artean

Frankofonoen ustez Simonen izendapena «atzerapausoa da». Kanadan frantsesa beti ingelesaren mendeko izan dela diote eta gobernadore nagusia inuiten hizkuntza eta frantsesa hitz egiten dituen inuit komunitateko indigena bat ez den arte egoera ez dela aldatuko defendatzen dute.

Kargua hartzeko ekitaldian Simonek bere hitzaldi baten zati bat frantsesez egin du, baita ingelesez eta inuktitut hizkuntzan ere, baina une batean protokoloa hautsi du frantsesez irakurtzean arazoak izan dituelako eta onartu behar izan du ez duela hizkuntza hori ezagutzen. Hutsegitearen ondoren, frantsesa ikasiko duela hitz eman du estatuburu berriak.

«Nire ama hizkuntzak, inuktitut-a, inuitak herri gisa definitzen dituena da. Eta hori da gure biziraupenaren oinarria. Nere bigarren hizkuntzak, ingelesak, munduaren gainerako herrialdeei ateak ireki zizkidan. Agintzen dizuet Kanadako beste hizkuntza ofiziala, frantsesa, ikasiko dudala», adierazi du.

7,2 milioi kanadiarren ama hizkuntza da frantsesa Kanadan eta haien artean Simonen izendapenak kezka sortu badu ere, indigena askoren artean bestelakoa da sentipena. Izan ere, lehen ministroak Kanadan aborigenengana gerturatzeko keinu gisa hautatu du emakume indigena bat gobernadore nagusi kargurako, komunitate horien aurka egin ziren bidegabekeriak «berpizten» ari diren honetan eta haien kulturak desagerrarazteko ikasle aborigenentzat antolatu zituzten barnetegietan ehunka hilobi agertzen ari diren unean.

Trudeauk ez ditu zuzenean aurkikuntza horiek aipatu zeremonian baina bai zeharka, eta Simonek Kanadaren iraganaren «errealitate eta egia zail horiei» aurre egiten lagunduko duen itxaropena agertu du.