Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Interview
Koldo Colomo
«Izengoititegia» ikerlanaren egilea

«Liburuak gure eskualdeko garai bateko euskararen sena gaurko hiztunei eskaini nahi die»

Izarbe eta Mañeru ibarretan azken hiruzpalau mendeetan erabili izan diren hainbat izengoiti bildu ditu bere azken saioan, ondare onomastikoaren berri eman eta lagunarteko euskara aberasteko baliabide bat ere eskaintzeko asmoz.

Iñigo URIZ/FOKU
Iñigo URIZ/FOKU

Koldo Colomok Garesko AEK-ko euskaltegian euskara ikasi ondoren, bertan jarraitu zuen zazpi urtez irakasle. Filosofia eta Hezkuntza Zientziak ikasi zituen, baina Soziolinguistikara egin zuen gero. Euskara teknikari lanetan jardun du Garesko Udalean eta gaur egun Euskarabidean. Hainbat lan etnografiko argitaratu ditu, baita hizkuntza arloko beste zenbait ere, beste egile batzuekin elkarlanean.

Oraindik orain “Izengoititegia. Izarbe eta Mañeru ibarretako euskal izengoitiak” liburua argitaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik. Colomoren lan hau Euskarabideak antolatutako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketan saritu zuten, Jose Luis Erdoziaren “Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak” lanarekin batera. Patxi Salaberrik eta Mikel Velascok lagundu diotela dio arlo linguistikoan zenbait zuzenketa eginez, eta uste du «horrek lanari berme bat eman diola Euskarabideak antolatu zuen lehiaketan saritua izateko».

Maribel Tenak komiki itxurako zenbait ilustrazioz hornitu du liburua, «ikerlanaren etiketa nolabait ere arintzeko, gazteendako erakargarriago egin nahi bainuen lana», eta Kike Amonarrizek hitzaurrea idatzi du; izan ere, «perfektua zen liburuaren xedea ongien emateko», dio Colomok.

«Ondare onomastikoa izateaz gain, Izarbe eta Mañeru ibarretako euskal izengoitiak euskaraz gozatzeko sormen iturri aparta dira», irakurtzen da liburuaren atzeko azalean.

Aspaldi samar euskararen transmisioa eten zen inguru batean 425 izengoiti aurkitu dituzu.

Aspaldi samar… iruditzen zaigu hemen duela urte asko galdu zela euskara. Bi belaunaldi pasatu dira baina ez dira pasatu euskararik gabe gurean; hala ere, memoria oso motza da. Azken urteetan lan batzuk egin dira, Aitor Aranak egin dituenak eta Perez de Labordak ere bi liburu argitaratu ditu horren inguruan, eta Interneten ere aurki dezakezu informazioa “El euskera en Valdizarbe” blogean… Azken jatorrizko hiztunak gerra zibilaren garaian hil ziren, 1934an edo. Badaude hiruzpalau hiztun lokalizatuta, bat Utergan, oso ospetsua izan zen garai hartan, [Fermin Irigarai] “Larreko”-k egin ziolako elkarrizketa Utergako gizon bati eta aurkeztu zuen bertako azken euskaldun gisa, oker ez baldin banago 1924an argitaratua. Beraz, hain urrun ez dago.

Edonola ere, ez dira toponimoak edo bestelako izenak, izengoitiak baizik, eta denak dokumentatuta.

Dokumentazio lana egon da, bai. Iturri nagusia eta bultzada nagusia edo nolabait pizgarria izan zen 2014an egin genuen Izarbeibarko eta Mañeruibarko etxe izenen bilduma, Internetetik deskarga daitekeena. Halako lantalde bat osatu genuen eta proiektuan bi ibarretako 18 lagun inguruk parte hartu genuen. Aitor Aranak hainbat lan osatu ditu, besteak beste, Izarbeibarko hiztegia eta gramatika liburuak, Izarbeibarren galdu den euskarara hurbiltzeko. XVIII. eta XIX. mendeetako doktrinak ere baditugu, oso iturri interesgarriak, eta iruditu zitzaidan bazegoela horrelako lan bat egiteko aukera. Gainera, oso gai dibertigarria iruditzen zitzaidan. Ni euskara teknikari lanetan nabilenez, ez nion eman nahi ikuspegi linguistikoa bakarrik. Metodologian eta forman ikuspegi linguistikoa dauka, baina benetako helburua beste bat da, esan daiteke soziolinguistikoa dela; hau da, erregistro informalak aberastea.

Izengoitien kontua ez da oso ohikoa gurean, uste dut onomastikan ez dela gehiegi landu.

Beraz, izengoitiak aukeratu zenituen, besteak beste, lagunarteko hizkera aberasteko aukera eskaintzeko.

Gurean, zein da euskaldun berriaren profila? Alde batetik, D eredutik sortzen dena, zorionez gero eta gehiago; momentu honetan D ereduko matrikulazioa nahiko altua da hemen, Garesen, %60tik gorakoa. Eta beste alde batetik, euskaltegian ikasitakoa; adibidez, nire profila, harreman informaletan erabiltzeko edo lagunarteko euskara falta zaigunak. Iruditzen zitzaidan, alde batetik, hemengo ondarea izanda, gai interesgarria zela eta izengoitiak dibertigarriak direla. Baina helburua ez da jendeari izengoitiak paratzea, oraindik hori bizirik dagoelako gure herrietan, baizik eta garai bateko izengoitiak definitzea, ez soilik erabiliz, baizik eta nola osatzen ziren ezagutuz: nolakoak ziren hipokoristikoak, gertutasun hori adierazteko halako formulak… Baliabide gisa eskaintzea.

Eta ongi pasatzea, gozamena bultzatzea. Azken finean, askotan pentsatzen duzu, gure garaian hizkuntza bat genekiela, edo gehienez jota bi, eta gaur egun gazte bat hiruzpalau hizkuntza jakinda ateratzen dela eskolatik. Zerekin lotu behar dute euskara gehiago erabiltzeko? Orduan, hemen dagoen eskaintza da, alde batetik, bertako ondarearekin gozamena eta, bestetik, lagunarteko hizkera hori aberasteko baliabideak.

Erabilera bultzatzeko pizgarria, azken batean.

Badakizu erabilera bultzatzeko alde batetik behar dugula gaitasuna, beste alde batetik beste euskaldun batzuekin egoteko esparruak eta, horretaz gain, jarrera, euskaren kultura nolabait ere zure bizitzaren zentraltasun batean egon behar da, eta falta dena da halako baliabide adierazkorrak edo biziak izatea, zure eguneroko hizkerari goxotasuna eta bizitasuna ematen dizkiotenak, lagunartekoa bihurtzeko, euskaraz askotan giro horretan pixka bat hankamotz sentitzen baikara, mugatuak. Orduan, hemen agertzen direnak erabil daitezke edo, bertzela, nola osatu ziren, nondik hartu ziren kontuan izanda, berriak sortu euskal senari edo euskal tradizioari jarraituz.

Sormena nabarmena da izengoitietan; kasu honetan, «euskal sena»-ren arabera?

Bai, eta burura datorkit Koldo Zuazoren “Euskararen sendabelarrak”. Aspaldi irakurri nuen, eta han aurkitu nuen euskal senaren kontzeptua; ni garai hartan euskara ikasten ari nintzen. Hemen euskal sen gutxi daukagu, ez dugulako erreferenterik. Euskara presente dago euskaltegiaren barnean, nolabait ere laboratorio egoera batean, edo eskolaren barnean, eta zer da guretako euskal sena? Denboraren poderioz, gaitasunaren eta ikasketaren poderioz nik uste dut garatuko dela, edo garatzen dugula edo, bederen, badagoela gure barnean zerbait esaten diguna: «Iruditzen zait horrela ez dudala erran behar, baizik eta beste modu batean». Baina gure eskualdeko benetako euskal sena non eta noiz zegoen? Nik ulertzen dut euskara bizi-bizirik zegoenean eta izengoitiak erabili eta asmatzen zirenean bazegoela euskal sena oso piztuta, oso aktibo. Orduan, helburua litzateke gure eskualdeko beste garai bateko euskaldunen, euskararen senaren erabilera gaur egungo hiztun berriei eskaintzea. Hori izan da nire hausnarketa eta nire ariketa bereziki liburu honekin.

Zein irizpide erabili dituzu izengoitiak hautatu eta sailkatzeko?

Izengoitiak hautatzeko lau irizpide erabili ditut. Bat, bertakoa izatea, Izarbe eta Mañeru ibarretan erabili izana, nahiz eta horrekin ez duzun deus berezirik bermatzen, gehienak errepikatzen baitira segur aski Euskal Herri osoan; egia da badaudela beste hitz batzuk Nafarroa Garaiko euskalkiarekin lotzen direnak eta nolabait ere berezkoak direnak, baina ez soilik Mañeru eta Izarbe ibarretan, baizik eta Nafarroa osoan edo gehienean erabiltzen direnak.

Bigarren irizpidea da euskarazkoa edo historikoki euskarazko konstruktu batean erabili izana; hau da, sarjento agertzen da, adibidez, baina XVIII. mendean Sarjentorena aipatzen da, orduan argi dago sarjento hori euskaldunek ere erabiltzen zutela.

Hirugarrena da dokumentatua izatea, eta dokumentatuta ez zegoena baztertu dut. Hainbat iturri erabili ditut; alde batetik, etxe izenen lanetik atera ziren batzuk, gero Fernando Maiora artaxoarrak hainbat lan egin du, adibidez, “Los apodos de Navarra”, eta hortik eta beste toki batzuetatik tira egin dut, argitalpen txikietatik… Beraz, beti oso kontuan hartu izan dut dokumentatuak izatea eta gainera data ematen dut, gehienak XVII, XVIII eta XIX. mendeetakoak dira. Uste dut horrek ere motibazioa pizten duela, antzinatasunak halako xarma ematen diola.

Laugarren irizpidea da ulergarria izatea; hain zuzen ere, erabilerarako eskaini nahi nituelako. Nik ez banuen ulertzen, eta ez banuen definitzen zer zen… Noski, batzuetan zaila da jakitea zer erran nahi zuten izengoiti hori norbaiti paratu ziotenean, baina suma dezakezu nondik jo, eta Aitor Aranak eta Fernando Perez Labordak lan politak egin dituzte arlo horretan, eta Patxi Salaberrik ere bere garaian irainen inguruko liburu eder bat atera zuen.

Orduan, irizpidea hori da, izengoitiaren erran-nahia argia izatea. Ez dut erran nahi horrekin asmatuko dudanik, oso zaila delako; hain zuzen ere, izengoitiaren ezaugarri bat delako semantikoki aldatzen dela. Bati zergatik deitzen dioten modu batean, batek gauza batengatik dela erranen du, eta beste batek ezetz, beste gauza batengatik dela.

Zer berezitasun dituzte izengoiti horiek, zuri zerk eman dizu arreta gehienbat?

Lehen erran dizudan bezala, badira batzuk Nafarroa Garaiko euskalkiarekin lotzen direnak: Altxirria, Arrapo, Artaxi, Banauka, Gixurti, Kristio, Mandarra… horiek guztiak hemen agertuko dira eta ziur aski Bizkaiko edo Gipuzkoako euskalkiekin ere lotuta egongo dira.

Beste ezaugarri berezi bat izan liteke hipokoristikoak eta izen txipiak osatzean betiko kontuak agertzen direla baina, adibidez, bi kasutan Pollit agertzen da, eta llarru, eta palatalizazio hori azpi-ekialdekoa da; hala ere, gurean ere aurkitu dugu.

Eta arlo semantikoari dagokionez, beste ikerketa txiki bat egin nuen nolabait definitzeko zeri erreparatzen zioten garai hartako euskaldunek izengoitia paratzeko, %22,6k ezaugarri fisikoari erreparatzen zioten; %13,7k, ezaugarri psikologikoari; %13k, jentilizioari, hau da, pertsona hori nongoa den edo nondik datorren aintzat hartuta, eta %12,7k, lanbideari. Horiek multzo nagusiak dira. Jentilizioari esker jakin dezakegu nondik zetorren jendea, eta oro har mugimendua Nafarroan bertan gertatzen zela; baten bat Ipar Euskal Herritik etortzen zen eta besteren bat Arrotza agertzen da. Goitizena da, eta uste izatekoa da kanpoko norbait zela.

Ezaugarri fisikoak nagusi dira, baina psikologikoak ere ugari.

Adibidez, sentimenduekin loturik daude batzuk: tristurarekin, Aitatriste; haserraldiarekin, Muturra; zakarkeriarekin, Lazkarro, Muxin, Ozpin; aspergarritasunarekin, Matraka; faltsukeriarekin, Zuria; zikintasunarekin, Okelu izan daiteke; zekenkeriarekin, Andur, Erresumin; gaiztakeriarekin, Maltzur; sorginkeriarekin, Aztia, eta abar. Horiek ezaugarri psikologiko kontsideratu ditut. Izan ere, Patxi Salaberrik dio izengoiti hitzaren baitan badaudela bi mota. Bata goitizena litzateke, ezaugarri psikologikoari eta fisikoari erreparatzen diona, eta batez ere erran-nahi konnotatiboa duena, eta bestea deskriptiboa da. Arotz, adibidez, beharbada baten bati jarri diote ez hain zuzen ogibideagatik, baizik eta beste arrazoi batengatik, baina hori deskriptiboa litzateke eta Zakarro, berriz, konnotatiboa. Biak dira izengoitiak, baina Zakarro goitizena ere bai.

Umorea ere izengoitien ezaugarri izan ohi da.

Bai, bai. Nik barre asko egin dut. Badaude gauza oso txukunak eta politak. Batzuk aipatuko dizkizut. Adibidez, Nonbaitor, ‘hor nonbait’, XVII: mendekoa. Auskalo nolakoa zen pertsona hori; edo Banauka, zertan ariko ote zen pertsona hori, beti pentsatzen «izango banu hau…», edo «egingo banu hau…». Animalia izenak agertzen dira: Arrapo [apo] horrela deitzen diete Biurrungoei; Axariko, Nafarroan oso ezaguna zena erlijiosoen seme-alabei deitzeko; Zakilotz, eta Zakilbeltz ere badago; Kirkirra, Txinurri, Xorria… Ezaugarri fisikoei lotuta, Aurrandi, haur handia izan daitekeena edo umeen artean handiena; Kaskasoil, Kaskaxabal, Kolkolaxo… Asko edaten zuenari Mozkor edo Mozkorrillo, baita Pinterdi ere... Lanbideen artean, Guantegilea, eta Zolame ere agertzen da, badirudi espartingile bati zegokiola, segur aski zola meheak egiten zituelako. Landareen artean, Tipulin, Txumarro... Meteorologiarekin lotutako hauek ere oso politak dira: Ixxotx, Lantxurda eta Lañua; pentsa ezazu nolakoak izango ziren hauek. Objektu eta lanabesekin lotuta, Atabut, Xaliandi. Leku txikiekin lotuta, batzuk kolektiboak, Torremotza, horrela deitzen diete Obanosekoei. Zikinkeriarekin lotuta, Aldabuzako, Altxirria…

Beste izengoiti bitxi eta dibertigarri batzuk ere badaude: Zarkume, Erriberan el tardano eta la tardana erraten dutena, azken seme-alaba jaio eta, adibidez, hamar urte geroago jaiotakoa; Kristioberri, XIX. mendean Legardan agertzen dena; Alkateko; Baruro, barau egiten duena; Txakagorri, Txakatxuri, Txapelazar, Zapatezar... Añorben Tirrita deitzen zioten ijito bati XX. mendean, gerezi asko jaten zituenean kaka egitera zihoanean tirri-tarra egiten zuela erraten zuelako. Badago beste bat Hogeitabi erraten ziotena. Horiek izan daitezke dibertigarrienetako batzuk.

Ondo pasatu duzu, beraz, lan hau egiten.

Bai, izen horiek nondik etor zitezkeen ikertzea, egia erran, dibertigarria da.

Zenbait emakumeren izengoitiak ere bildu dituzu.

Emakumeak ere agertzen dira, hala nola Marimoko, Marimokordo. Horiei atal txiki bat eskaini diet, ahal izan dudan guztietan paratu zitzaizkienen izen-abizenak aipatuz, dataz gain.

Baina emakumeen bisibilizazioa ez zen oso argia. Irakurrita, bazirudien gehienak edo denak gizonak zirela; orduan, zatitxo bat eskaini diot, emakumeen izengoitiak ere ikusarazteko. Adibidez, Añorben agertzen dira Urdina deitzen zioten emakume bat 1554an eta 1772an Buruzuri deitzen zioten beste bat, Garesen Mariurdin 1585ean, Biurrunen Maribeltza 1827an, Legardan Joanagaztea, Ziraukin Mariamotza XVI. mendean, Garesen Mariamotza 1821ean, Marimokordo eta Gaixo 1744an, Ezkerra 1607an, Katalintxantxo XX. mendean, Potota, La Mañeruka, Koska, Moskorra, Moskorrika, Serorea, Xubaratza, Kuxina... Saiatu naiz emakumeen presentzia ere azpimarratzen.

Zure lan hau nolabait transmisio ariketa edo ahalegin bat izan liteke.

Hau lehenengo pausoa da. Biltzea, informazioa antolatzea eta eskaintzea, eta gero ikusiko da interesa pizten den edo ez. Eta aukera baldin balego zerbait antolatzeko, ni prest nengoke, dudarik gabe. Ni honaino heldu naiz; hau barnean neukan eta aspalditik egiteko gogoa. Bederen jasota dago ondare hori eta orain hiztun bakoitzari dagokio berarekin zer egin nahi duen erabakitzea.