NAIZ

Lehen aldiz bi diputatu transgenero izango dira Alemaniako Parlamentuan

Tessa Ganserer-ek 44 urte ditu eta Bavierakoa da. Nyke Slawik-ek 27 urte ditu eta Iparraldeko Renania-Westfalia landerrean bizi da. Biak Berdeen alderdiko diputatuak dira, Bundestagen lehen aldiz izango diren diputatu transgeneroak.

Tessa Ganserer, Berdeen alderdiko diputatu transgeneroa. (Daniel Karmann / DP)
Tessa Ganserer, Berdeen alderdiko diputatu transgeneroa. (Daniel Karmann / DP)

Alemaniako Parlamentuak, Bundestagek, bi diputatu transgenero izango ditu lehen aldiz legealdi honetan. Biak Berdeen alderdiko diputatuak dira eta pasa den igandeko hauteskundeetan hautatu zituzten herritarrek.

Tessa Gansererrek 44 urte ditu eta Bavierakoa da. Nyke Slawik gazteagoa da, 27 urtekoa, eta Iparraldeko Renania-Westfalia landerren bizi da. 

Hautatuak izan ondoren, biek beraien poza adierazi zuten sare sozialen bitartez. Eta lortutako garaipena azpimarratu zuten, batez ere emakume zein gizon transgeneroen eskubideen aldeko borrokan.

«Politika arloan kapitulu berri bat idatzi dugu, pertsona transgeneroen bazterketak amaitu dezan», adierazi zuen Slawikek.

Biak Berdeen alderdiko diputatuak dira eta legealdi honetan ardura handia izango dute, izan ere ekologistak ezinbestekoak dira Gobernua osatzeko.

SPD eta CDU indar nagusiak dira eta beraien eskuetan dago Gobernua osatzeko martxan jarri behar den prozesuaren ardura. Baina Berdeen laguntza beharko dute Kantzilertza eskuratzeko.

Ganserer eta Slawik Bundestagen izango dira, ez ordea CDUren zenbait ordezkari ezagun. Haien artean daude Julia Klöcker, azken urte hauetan Nekazaritzako ministroa izan dena, eta Hans Gerog Maassen, Zerbitzu Sekretuko buru ohia.