Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Berak eta Zuazok helburu ezberdinak izanik ere, «derbiak dena parekatzen du»

Bera Bera eta Zuazo aurrez aurre egongo dira larunbat honetan 18.00etatik aurrera Donostiako Jose Antonio Gasca kiroldegian. Talde gipuzkoarrean hutsune nabari bat egongo da, Adriana Cardoso hegaleko jokalariarena, alegia. Bizkaitarrek donostiarren erregulartasuna proban jarri nahi dute. 

Bera Bera eta Zuazo, pasa den denboraldian berdinketan bukatu zen partidakoa. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Bera Bera eta Zuazo, pasa den denboraldian berdinketan bukatu zen partidakoa. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Ezustekoa eman edo halako zerbait. Horixe bilatuko du Zuazok Bera Beraren etxean. Talde donostiarren arerio guztiek dute helburu bera –liga txapelduna izanik, egun txapelketako liderra, Bera Bera garaitzea beti da ezusteko– baina gutxik lortu dute. Inork ez, egiari zor. Denboraldia hasi denetik Imanol Alvarezen taldeak ez du partidarik galdu. Bi berdinketa egin ditu, bat ligan –Porriñon– eta bestea EHF European League kanporaketaren joaneko partidan.

Pasa den denboraldian, hain zuzen ere, Bera Bera sekulako sasoian zegoela bisitatu zuen Zuazok Gasca. Lehenengo fasean soilik Malagak erdietsi zuen berdinketa Imanol Alvarezen taldearen aurka, baina talde barakaldarrak gauzak nahi baino gehiago estutu zizkion eta azkenean, hogeitabosna goleko berdinketarekin bukatu zen norgehiagoka. Inoiz, Zuazok lortu gabeko balentria lortu zuen baina, zorionez batentzako eta zoritxarrez bestearentzako, bi puntu horiek ez ziren inora joan, Alvarezek atarikoan gogoratu bezala. 

Oraingoan, baina, desberdina izango dela abisatu du. «Taldeak badaki irabazi beharreko partida dela, etxean jokatzen dugu eta iaz ez bezala, biharko bi puntuak bai dira garrantzitsuak», adierazi du. Izan ere, lidergoa mantentzeko eta sendotzeko balio dezakete bi puntu horiek. 

Batentzat lidergoa sendotzeko funtsezkoak diren moduan, bestearentzako are garrantzitsuagoak dira jaitsiera postuak geroz eta gehiago urruntzeko. Zonzamasen aurka eskuratutako garaipenak hauspoa eman zion Joseba Rodriguez "Haito"-ren taldeari, jaitsiera postuetatik atera baitziren. oraindik jaitsieran dauden taldeek bezainbeste puntu dituzten arren, gol diferentzia murritzak lagundu die arriskutik ateratzen. 

Nolanahi ere, entrenatzaile bizkaitarrak azaldu du «behingoz atzean utzi nahi badugu jaitsiera, punturen bat batu behar dugu ezinezkoak diruditen partida horietan». «Pabilioi konplikatuetan xehetasun ñimiñoengatik galdu egin dugu eta behe aldean dauden taldeen aurka nagusitasunez irabazi dugu. Gauden lekuan zerbaitengatik gaude eta sailkapenean gora egiteko arerio zailen aurka kolpe bat eman behar dugu», laburtu du Gascara egingo duten bisitaren atarikoan. 

Haitok azpimarratu du pasa den denboraldian lortutako puntuak bidea markatu diezaieketela norgehiagoka honetan. Kontziente dira Bera Beraren kontraerasoa gelditu beharko dutela. 

Imanol Alvarezek, bestalde, «adi ibiltzea» eskatu dio bere taldeari. Jakitun da partidak pilatzen ari direla eta horrek, despiste txikiren bat eragin dezakeela baina esfortzu bat gehiago eskatu die laster etorriko den geldialdiaren aurretik. Lau partida geratzen zaie –bi ligako eta EHF European Leagueko kanporaketa– eta Zuazoko partidari «garrantzia» eman behar diote. 

Zuazoren aurkako azken partida duela hilabete jokatu zuten Elgoibarren, Open Cup txapelketako finalerdietan. Orduan ere Bera Berarentzat izan zen garaipena eta beraz, finalerako txartela (32-26). Denboraldi-aurrean jokaturiko bi partidetan ere donostiarrak izan ziren nagusi, bai Euskal Koparen finalean eta baita Lasesarreko lagunartekoan ere. 

Erregulartasuna bilatu duen honetan, Alvarezek zehaztu du «partidak irabaztea ez dela kontu erraza», are gutxiago partida guztiak edo gehienak irabaztea. Granollerseko partida ekarri du gogora. Sekulako jipoia eman zion talde katalanari baina azkenean, ondo egindakoaren saria izan zen, «pabilioi horretan duela bi urte liga bat galdu genuela gogoratu nahiko nuke». 

Cardoso, baja nagusia

Bi taldeak zenbait bajekin iristen dira partida honetara baina nabarmenena Adriana Cardosorena izango da. Hegaleko brasildarrak kontratua eten du Bera Berarekin, Estatu frantseseko Metz taldera joateko. Hark Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen ziola baliatuta, Cardosok Bera Beran eman duen bigarren etapa bukaerara iritsi da. 2017-2018an itzuli zen Donostiara, aurretik hiru urte Alemanian eman ostean. Orotara, sei urte eta erdi eman ditu Bera Beraren koloreak defendatzen. 

«Sekulako lana egin izan du urte guzti hauetan», adierazi du Imanol Alvarezek, zeinak onartu duen «entrenatzaile moduan penatuta» dagoela baina pertsonalki, berarekin harreman oso ona duela zehaztu ostean, «guztiok berdina egingo» genukeela iritzi du. Hala, onena opa dio brasildarrari. 

Hori atzean utzita, Maddi Aallaren baja izango du Bera Berak. Espero baino denbora gehixeago emango du kantxetatik kanpo atezainak. Bestalde, Eli Cesareo deialdira itzuliko da eta minutu gutxi batzuk izan ditzake, erritmoa hartu dezan baina aldi berean, tentuz ibilita, «horrelako lesioak konplikatuak baitira». 

Zuazoren kasuan ere badira baja garrantzitsuak. Maddi Bengoetxeak min hartu zuen eta Zonzamasen aurka ere ez zen aritu. Alba Sanchez zalantza dela aurreratu du Haitok, atzamar batean pairatu duen traumatismo baten ondotik.