
Aurtengo Binakako Txapelketako lehen jardunaldian garaile atera ziren bi bikote arituko dira aurrez aurre igande honetan Azkoitiko pilotalekuan txapelketako bigarren jardunaldian.
Elezkano II-Zabaleta eta Irribarria-Rezustak material aukeraketa egin dute ostegun honetan partidako eszenatoki berean. Bertan izan dira denak, Zabaleta izan ezik, arrazoi pertsonalengatik ezin izan baitu bertan egon.
Bi bikoteek nahiko erraz irabazi zituzten euren partidak aurreko asteburuan. Elezkano II-Zabaletak 7-22 irabazi zieten Ezkurdia eta Tolosari Mungiako pilotalekuan. Irribarria-Rezustak, aldiz, antzeko garaipena erdietsi zuten Altuna III eta Martijaren kontra Bartzelonan (11-22).
Igande honetan, ordea, partida gogorra espero da. Gehienbat jotzaileen arteko lehia espero delako atzeko koadroetan. Nor baino nor arituko dira Zabaleta eta Rezusta, gaur egun pilotarien artean dauden bi jotzaile nagusienak.
Zabaletaren bikoteak ez du inondik inora ezkutatu beraien lana edo jokoa zein den. «Badakigu gure lana oso ondo egin beharko dugula, defenditu ere oso ondo egin beharko dugula aukerak izan nahi baditugu. Guk badakigu gure jokoa zein den. Jose (Javier Zabaleta) saiatuko da pilota atzean ibiltzen eta ea nik aukerak aprobetxatzen ditudan», azaldu du Danel Elezkanok gaurko material aukeraketan.
Beste aldean, Bartzelonaraino bidaia egin behar izan zuten Irribarria eta Rezusta egongo dira. «Konfiantzarekin» iristen direla aitortu du Aramako aurrelariak. «Jose (Javier Zabaleta) oso ondo dagoela uste dut. Danelek ikaragarrizko partida egin zuen. Baina gu ere konfiantzaz gatoz, aurreneko partidan lanak ondo eginda, eta hori ere inportantea izango da», azpimarratu du gipuzkoarrak.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
