Mikel Zabalza orbaiztarra gogoratu dute ostiral honetan bere jaiotetxearen atarian, Orbaitzetako Olan. Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea aldarrikatu dituzte Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak, senide eta lagunek. Joan zen igandean egitekoa zen ekitaldia baina eguraldiagatik bertan behera utzi zuten.
Beste urte batez, egiaz gain, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea eskatu dituzte. «Gaur da eguna zeinetan ez dugun Mikelen kasuan ez egiarik, ez justiziarik ez eta erreparaziorik», adierazi du Eneko Villegasek herri ekimenaren izenean. «Horma gogortu nahi digute, baina indarrez kolpatzen jarraituko dugu», ziurtatu du.
Villegasek jakinarazi duenez, aurten, Aezkoako Batzarraren eta Orbaiztetako udalaren elkarlanetik abiatutako ekitaldi instituzional baten bidez, Zabalzaren kasua behar den bezala ikertu, justizia egin eta kalteak erreparatu ditzaten eskatu dute Nafarroako 70tik gora udal eta 11 kontzejuk. Ordezkari politikoei aldarrikapenak entzun eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diete ekitaldian.
Mikel Zabalzaren auzia isolatua ez dela gogora ekarriz, Nafarroako Torturatuon Sareak ere parte hartu du ekitaldian. Marilo Gorostiagak 1960-1978 urteen bitartean izandako biktimez gain, gainerakoak ere ikertzeko eta torturak Nafarroan eragin duena zenbaterainokoa den aztertzeko galdegin dio Gobernuari.
36 urte
1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra, Donostian, bertan bizi baitzen. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez, eskuburdinak jarrita. Hogei egun joan ziren, ustez desagertu zen tokia goitik behera miatu zuten boluntario, Gurutze Gorria eta Dyako urpekariek baina, azkenean, Guardia Zibilak berak «aurkitu» zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean.
Familiak inoiz ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki ukitu eta hunkitu zuen herri hori eta Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Lurralde osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
