Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Interview
Miren Agur Meabe Plaza
2021eko Espainiako Poesia Sari Nazionalaren irabazlea

«Saria heldutasun poetiko betean heldu zait, asko esperimentatuta»

1962an Lekeition jaioa, «genero bakoitzean apur bat» idazten badu ere, beste ezer baino gehiago «poeta» sentitzen da txikitatik. «Nola gorde errautsa kolkoan» (Susa, 2020) bildumak espainiar Estatuko poesiagintzako saririk handienerako bidea zabaldu dio.

Miren Agur Meabe Plaza, «Nola gorde errautsa kolkoan» liburua aurkezten, 2020an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Miren Agur Meabe Plaza, «Nola gorde errautsa kolkoan» liburua aurkezten, 2020an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Lehendabiziko aldia izan da 2021 honetan euskaraz idatzitako lan batek Espainiako Poesia Sari Nazionala irabazi duena. Miren Agur Meabe Plaza izan da aitorpena jaso duena, ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ (Susa, 2020) obragatik.

Pozez betetzeaz gain, zurrunbilo batean sarrarazi du horrek lekeitiarra. Elkarrizketaz elkarrizketa harrapatu dugu, horiek bukatu eta sorkuntza lan berriei ekiteko irrikatzen. Kontatu digunez, sariak berpiztu egin ditu salmentak. Hedabideek eragina izaten dute liburuen harreran eta irakurrita ez zeukan jendeari jakin-mina piztu zaio. Bestalde, gaztelaniazko itzulpena, ‘Cómo guardar ceniza en el pecho’, hirugarren aldiz argitaratu da hilabeteko epean eta kritikaren oihartzuna ere jasotzen ari da. Hainbat irakurketa egin ditu idazleak Madrilen, Logroñon, Cordoban… eta datorren urterako ere aurkezpen eskaerak ditu han-hemen.

«Nola gorde errautsa kolkoan» saria jaso duen lanaz gainera, «Quema de huesos» ipuin liburuaren autoitzulpena aurkeztu zenuen joan den azaroan.

Bai. Izan ere, bi liburuen argitalpena bat etorri da, ustekabean. Eta uste dut bi liburuak bata besteari laguntzen ari direla, ‘Quema de huesos’ –‘Hezurren erretura’, Susak 2019an kaleratua– ere asko zabaltzen ari delako. Batetik, Consonniren argitalpena oso zaindua da, erakargarria, eta bestetik, hemendik kanpo badago euskal ahotsak ezagutzeko gogoa. Hori sumatu dugu Madrilen eta Bartzelonan. Batera aurkeztu genituen Miren Amurizak bere ‘Basa’ nobela indartsua eta nik neure ipuin liburua, ‘Quema de huesos’.

Espainiako Poesia Sari Nazionala irabazi zenuenetik denbora bat pasatu da eta liseritzeko eta haurnartzeko tarte gehiago izan duzu segur aski. Zein gogoeta dituzu buruan?

Sari guztiak dira garrantzitsuak, hastapenetako xumeena nahiz gaur eguneko hau, ospetsuena. Hala ere, sari hau heldutasun poetiko betean heldu zait, urte askotan gaiak eta formak esperimentatzen ibili eta gero. Eta lehendik ez neukan irakurlego batengana eraman nau. Dena den, inguruan sentitu dudan poza eta harrotasuna dira politena, eta behin eta berriz esan dudan moduan, sari hau gure hizkuntzari eta kulturari egiten zaion aitortza bat ere bada. Egia esanda, saria eman zidatenetik aldrebestu egin zait nire martxa normala. Bakerik ez daukat lasai lan egiteko, ezta gogoetarik egiteko ere [kar, kar].

Liburua barrokoa da, korapilatsua, baina barrenak hala agindu eta senari jarraitzea erabaki zenuen, ibilbide literario eta pertsonalean urrats bat aitzinera zelakoan.

Liburua barrokoa da aniztasun formal handia biltzen duelako: prosazko poemak, haikuak, herri kantuetako esakuneak, narratiboak, biografikoak… Hala ere, barrokismo horrekin batera –elementuen pilaketarekin batera–, badira estilizazioa eta abstrakzioa ere. Liburu exijentea izan da niretzat eta, ondorioz, baita irakurleentzat ere. Hala ere, zaila izan arren ulertzeko, material hori aurrerapauso bat da nire ibilbidean, eta alde horretatik, hala eskaini behar nuen, autozentsurarik gabe.

 

Aurrerapausoa
«Liburu exijentea izan da. Aurrerapauso bat da nire ibilbidean, eta autozentsurarik gabe eskaini behar nuen» 


Hamarkada bateko materiala jasotzen du, eta erronka bati erantzuten dio: «Egin ahal dut poema itxurarik ez duen poemarik?». Ariketak eta esperimentuak egin dituzu. Koska bat gehiago estutu duzu. Gozatzen duzu horretan? Sufritu? Biak? Nolakoa izaten da zure sortze prozesua?

Nire sormen prozesua beti izaten da luzea eta metamorfikoa. Bulkada bati erantzuteko idazten hasten gara –bulkada intelektuala, morala, espirituala edo fisikoa izan daiteke–, baina gero forma eman behar zaio. Poema adierazpen bat da, baina pentsamendua egituratzeko edo emozioak ikertzeko toki bat ere bai. Beraz, tentsioa hazi egiten da idatzi ahala, eta amaitzean betetasuna etortzen da. Testu guztiak sortzen dira esfortzuaren eta emaitzaren arteko tirabira horretatik.

Sarrera bat eta sei atal ditu obrak. Aztertuko ditugu banan-banan? «Metodoa» poema liburuaren laburpena da?

Liburuan ibilbide moduko bat egiten da. Memoriatik genealogia femeninoetara; handik bidaiaren alegoriara; indarkeriak, zapalkuntzak eta ardura pertsonala datoz gero; dolua eta heriotza ondoren; eta, amaitzeko, literaturaren gaineko poesia. Liburua, beraz, izenburuko galderari ikuspuntu ezberdinetatik heltzeko saiakera bat da. ‘Metodoa’ poeman, hain zuzen ere, ez dagoela metodorik esaten da, ziurtasunei oratzeko ahalegina alferrikoa dela, bizitzako argi-ilunak kudeatzeko errezetarik ez dagoela.

Metodorik ez
«Liburua izenburuko galderari ikuspuntu ezberdinetatik heltzeko saiakera bat da. ‘Metodoa’ poeman bizitzako argi-ilunak kudeatzeko errezetarik ez dagoela esaten da»

 

Lehendabiziko atalean albuma agertzen da oroimenaren pieza solteak batzeko tresna gisa. Eta «Ama pixelatua» poema itxurarik gabeko poema narratibo luzean bere bizitzaren errepaso ederra egiten duzu, zintzotasunez, atergabe.

Albumen funtzioa zein den badakigu. Hau album proposamen bat da, bestelakoa ere izan zitekeen eta. Beraz, blok bateko argazkien funtzio bera betetzen du. Memoria ezin da oso-osoan izoztuta gorde: paisaiak, jolasak, eskola, familia... teselen moduan agertzen dira. Eta horiekin uztartuta, denboraren pisua, ikasbideen balantzea eta zahartzearen esperientzia.  

Amari dagokionez, lagun handia izan nuen, gazterik hil zen, eta munduaren erdia ere hiltzen zitzaidala nabaritu nuen. Joyce Carol Oates idazleak ‘Ama’ izeneko nobelan esaten duenez, amak dira haurtzaroaren memoria. Oraindik ere nigan bizi dela igartzen dut, nire jarrera batzuetan eta. Horregatik omenaldi hori.

Ama
«Ama lagun handia izan nuen, gazterik hil zen. Amak dira haurtzaroaren memoria. Oraindik ere nigan bizi dela igartzen dut, nire jarrera batzuetan eta. Horregatik omenaldi hori»



Bigarren atalean, sororitatea azaltzen da salbabide bezala.

Sororitatea gai inportantea da, baina ez bakarra. Natalia Litvinovaren hitzak aukeratu ditut hori erakusteko: ‘Besarkatzen nautenak neure labirintoko izakiak dira’. Eta emakume asko agertzen dira, hainbat eratan, neure alter ego gisa, solaskide, beren artean: Allien filmeko Ellen Ripley, Lucy Weston (Drakularen amorantea), Wendy (Peter Panen laguna), Xerezade, Brontë ahizpak, Mary Shelley, Andre Maria Birjina, Milia Lasturkoa eta Emily Dickinson, Maria Frantziakoa trovairitza eta Bizenta Mogel, Kasandra iragarlea eta Ayla crogmagnona. Zertarako? Honako kezka hauek adierazteko: ahizpatasuna, parasitismo sentimentalaren arbuioa, erlijioa biktimario bezala, absolutuaren bilaketaren alferra, betebeharren kontzientzia, amodio erromantikoaren kritika, jakituria tradizionalaren estimazioa, bakartzea edo erretiroa ahalduntze-bide gisa, kultura klasikoaren pedagogia, botere-jokoei buruzko hausnarketa eta emakumearen eta izadiaren arteko harremana…

Hirugarren atalean, «Erdiminei buruzko bost gutun» poemak eman dit arreta. Hasteko, formagatik.

Bidaiaren partea da. Bidean, poeta hainbat elementutan pausatzen da –draga, ontziola, okaranondo bat– eta esanahiak atzematzen ditu, edo bere subjektibitatetik esleitzen dizkie. Bidaia horrek metamorfosiaren premiari erantzuten dio eta horregatik erdiminak, ‘askatasunaren hegoak’ jaiotzeko.

«Beste dimentsio bat hartzen du doluak, urgentziazkoa»

«Nola gorde errautsa kolkoan» liburuaren laugarren atala sozialena izan daiteke. «Gutunak» poema gustatu zait.

Laugarren atal hori Pandoraren kutxarekin hasi eta amaitzen da, eta munduaren ondoeza adierazten da bertan: gerrak, migrazioak, mugen itxiera, krimen ekologikoak, bortxaketak... Horien aurrean zer jarrera dugun pentsaraztea da, neure buruari lehenik eta behin, ‘La mauvaise conscience’ (Kontzientzia txarra) izeneko poeman ikusten denez. Gure garaian injustizia da nagusi, eta horregatik jarri diot izen ironikoa, ‘Tempo giusto’. Eta ironia hori azpimarratzeko, Bibliako Epaileen Liburuko aipu bat gehitu.

Liburu osan zehar sumatzen da biografiak maite dituzula. Eta horiek birbaloratzen dituzu.

Horregatik esaten dut ‘biografia orok igortzen du izpi bat’. Emakume ospetsuei buruz nahiz neure amari buruz hitz egin, denek merezi dute aintzat hartzea. Ikusgarritasunaren aldarrikapena da.

Bosgarren atala doluaz ari da. Idazteak on egin dizu?

Bi dolu daude: desamodioarena eta maite ohiaren heriotzarena. Nire aurreko liburuan amaren heriotzarekin lotutako dolua ageri zen, baina hemen beste dimentsio bat hartzen du doluak, urgentziazkoa. Gainditzea beharrezkoa da bizitzen jarraitzeko.

Seigarren atalean, poema baten curriculuma egiten duzu. Margaret Atwoodekin gin tonic bat hartzen duzu Miramarren. Metaidazketa bada zure ezaugarri.

Miramar neure ortua da, Lekeition daukadan lursailtxo bat. Atal horrek asko du jolasetik. Parte horretan esaten dut badela patologia moduko bat idaztera bultzatzen gaituena, arrazoi bat, geure erritualak, prozesuak, ildoak… baina zein da zertarakoa? Margaret Atwoodekin antzeztutako elkarrizketan egiten da galdera hori: zertaz idatzi? Hor dago sortzaile bakoitzaren konpromisoa.

Eskaintzak eta aipuak ugariak dira. Gustuko esaldiak apuntatzeko ohitura duzu?

Erreferentzia literarioz josten ditut liburuak, zalea naiz. Inoren esaldiak norberarenak baino biribilagoak, ederragoak edo zehatzagoak izaten direlako kontu konkretuak nahiz abstraktuak azaltzean, edo haien gogoetatik jaio delako neure pasarteren bat.

Zure epitafioak eta semeak asmaturiko kontraepitafioak grazia egin dit. Idatzi gabe hobeto biziko zinela diozunean, halaxe dio: «Ez egin kasurik, orain ere idazten ari da». Kontatu zure harremana idazketareki

Harreman hori da, hain zuzen ere, liburuko azken poeman deskribatzen dena: hitzei erregutzen diet ez nazatela abandonatu; bestela, neurri batean, galdu egingo nuke nire bizitzaren justifikazioa.