Andoni Arabaolaza

Barearen eta ekaitzaren artean, neguko zortzimilakoetako espedizioak “in off” daude

Stef Maginelle, Sofie Lenaerts eta Paula Strengell, Manaslun ezer gutxi egin eta gero, etxera itzuli dira. Txikonen taldea Samagaunen dago, iragarpenari adi. Nanga Parbaten, berriz, Herve Barmasse eta David Gottler-ek bi gau egin dituzte 6.200 metrora. Eta Jost Kobusch leiho luze baten zain dago. 

Neguko zortzimilakoetan jarduten duten espezialistek egoera aldakorrek patxada handiz hartu behar dute. Protagonistek beraiek behin eta berriz berresten digute pazientzia dela armarik garrantzitsuenetariko bat. Jakina, ez dute beste irtenbiderik. 

Urtaro honetan Manaslu igo nahi duten espedizio guztiak itxaronaldi luze batean murgilduta daude. Erritmoa erabat eten duena eguraldi kaskarra izan da. Hiru metro elur metatuarengatik, joan den 8an Alex Txikonen taldeak kanpaleku nagusia utzi eta Samagaun herrixkan aterpe hartu zuen. 

Beste espedizio batzuk oinarriko kanpaleku nagusi horretan geratu eta eguraldia atertu zenean lehen kanpalekura igo ziren. Tartean ziren Stef Maginelle, Sofie Lenaerts eta Paula Strengell. Bada, hiruko horrek, mendiaren zein klimaren egoerak ikusita, etxera itzultzeko erabaki hartu du. Bitxia da alpiniston agerraldia. Hilaren lehenean etxetik irten ziren, eta Manaslu igotzeko soilik hilabeteko “oporraldia” zuten. Hots, oso denbora gutxi zortzimilako bat neguan saiatzeko. Beste taldekide batek, Oswald Rodrigo Pereirak, zein alpinista nepaldarren taldeak esku artean dituzten asmoei eusten diete.

Txikonen taldeak, berriz, Samagaunen jarraitzen du, eta bertatik bizkaitarrak aurreratu du eguraldia oraindik txarra izaten ari dela: «Iragarpenari oso adi gaude. Datozen egunotan hotz eta elur gehiago izango dugu. Itxoiten jarraitzea besterik ez dago. Gaur egun ezinezkoa da bigarren kanpalekura iristea, aste hauetan elur asko bota duelako eta guztia finkatzeko eguzki egun nahikorik ez delako egon».

Rupal isurian

Bien bitartean, duela egun batzuk Nanga Parbaten dagoen espedizioak  beste irteera bat egin zuen. David Gottler eta Herve Barmasse Rupal aurpegiko “Schell” bidean sartu eta Mazeno ertzara (7.000 m) iristen saiatu ziren. Baina mendiaren baldintzak oso latzak ziren, eta Barmassek aurreratu du 6.200 metrora etenaldia egitea erabaki zutela: «5.600 metrotik aurrera zailtasun tekniko handiak izan genituen. Baldintzak asko aldatzen ari dira. Sekzio batzuetan izotz oso gogorra aurkitu dugu; eta beste batzuetan, berriz, gerrira heltzen zitzaigun azukre moduko elurra. Horrek geure erritmoa erabat moteldu zuen. 6.200 metrora heldu ginenean, baldintzak ez ziren batere aldatu. Eta kota horretan bi gau egin eta gero, kanpaleku nagusira jaitsi ginen. Aitortu behar dut nire bizitzako gau hotzena bibak horretan igaro dudala. Orain, bai, jabetu naiz neguko zortzimilakoetan hotzaren esanahia zein den».

Itxaroten

Bestalde, Jost Kobusch alemanak Everesten duen xedearekin aurrera jarraitzen du. Une honetan Lobuchen atseden hartzen ari da. Eta alpinista honek aitortu duenez, leiho luze baten zain dago: «Gogo handia dut berriro mendebaldeko ertzan sartu eta, behingoz, Hornbein korridorea ikusteko. Baina horretarako badakit  egoera hau lasai hartu behar dudala. Eguraldi egonkorra iragartzen dute, baita haizeteak ere.  Esan didatenez, hilaren amaieran antizikloi bat eremu honetara helduko da».

Kobuschek berak esan du aurtengo baldintzak duela bi urtekoak baino gogorragoak direla. Batez ere, Lho La lepoan dagoen serac batek ibilbide alternatibo bat bilatzera behartu du. 

Gogora dezagun aleman honek bere proiektua hiru etapatan banatu duela. Duela bi urtekoan arrakasta izan zuen. Eta bigarren honetan 8.000 metroko kotara iritsi nahi du.

Hasteko dira

Cho Oyu mendia, azkenik, mendizaleen zain da. Himalaiako zortzimilako honi dagokionez esan behar dugu Gelje Xerpak zuzendutako espedizio bat lanean hasteko prest dagoela. Denera, hamalau alpinista nepaldar saiatuko dira Cho Oyuko hegoaldeko aurpegian ibilbide komertzial bat irekitzen. Momentuz, igo nahi duten zortzimilako horren horma helikoptero batetik aztertu dute. Gelje Xerpak berak aipatu du baldintzak ikustera irten zirela: «Eskuarki, Cho Oyu Tibetetik igotzen da; Nepalgo isuritik, berriz, askoz ere eskalada gutxiago ditu. Gure asmo nagusia bide alternatibo bat bilatzea da, espedizio komertzialei ateak zabaltzeko. Helikopteroz egin dugun irteera hori ez zen batere atsegina izan, besteak beste, -20 graduko tenperaturak eta haizete bortitzak zeudelako».