Ibon Salaberria

Hondartza efektua

Etxea –edota orokorrean arkitekturak–, bizitzen euskarri moldakor baino, dekoratutako espazio disfuntzional bezala onartzen dugu. Dekorazioari utzi diogu gure etxeen bizigarritasuna atontzeko funtzioa. Ustezko etxekotasuna elementu gehigarriak itsatsiz lortu nahian, jasotzen ditugun etxeko espazioak apaindu eta koloreztatzen ditugu. Pandemiak funtsezkoago diren gaiak atera baditu ere azalera, berriz ere bueltan estaltzen doaz, irratsaioz irratsaio, dekorazioz apainduta.

Estutxeak habitatu

Habitatzeaz eztabaidatzeak izan beharko luke erronka. Habitatze esperientziak sortzen duen memoriatik egingo genuke hitz. Gaiari heltzeko, lehenik Walter Benjamin gonbidatuko genuke; aspaldi, ‘Pasajes’ liburuan jaso zituen burutazioak lehen lerroan jartzeko: «La forma original de todo habitar no es vivir en una casa, sino en una envoltura que lleva las huellas de su inquilino. En el caso extremo, la vivienda se convierte en envoltura». Hemen, Benjamin habitatzearen oinarrizko ideiaz aritu zen, babesa ematearen beharraz. Testuan aurrera, honakoa zioen XIX. mendeko etxe motari buruz: «El siglo XIX, como ningún otro, era adicto al habitar. Concibió la vivienda como estuche para el ser humano, y lo metió, con todos sus accesorios, tan profundamente en éste que bien podría evocar la imagen del interior de un estuche de compás, donde el instrumento y sus accesorios yacen encajados en profundos nichos de terciopelo, casi siempre de color violeta».

Estutxe haiek, konpas batek eta honen pieza osagarriek zuten forma erreproduzitzen zuten. Estutxeak pieza bakoitzaren neurria eta tokia gordetzen zuen bere barnean. Eta belusezko akabera apaingarriak estaltzen zuen kaxaren euskarria. Horrelaxe irudikatzen zuen Benjaminek XIX. mendeko etxea. Geroago, XX. mendearen hasierako optimismoa agertu eta etxeak –baita eraikinak oro har- espazio argitsu eta malguak izango ziren ametsa zabaldu zen. Aldiz, egungo egoera ikusita pentsa dezakegu XX. mendeko lehen garaian zabaldutako positibismo hark ez duela XIX. mendeko etxearen izaera funtsean asko aldatu. Gaur, oraindik ere, Benjaminek aipatzen zituen estutxe eraikinak eraikitzen ditugu, aldez aurretik gure bizitzeko moduak determinatuko dituzten etxe funtzional eta mekanikoak ekoitziz. Arkitektura modernoak, azken finean demokrazia zekarren hark, etxeak metabolismo organiko bezala pentsatu zituen kasurik hobenean, habitatzeko makina bezala okerrenean.

Estutxea desegiteko bidea

Estutxea hausteko saiakera ugari izan dira arkitekturan, bai sinbolikoki nola baita fisikoki ere. 2001ean Xavier Monteysek –Pere Fuertesekin batera– argitaratutako ‘Casa Collage’ liburuak, kasu, etxea begirada ezberdin batetik ikusten laguntzen digu. Batez ere, etxe batek denboran aurrera jasan ditzakeen aldaketei buruz aritzen da liburua: «Los espacios que diseña el arquitecto son la tramoya, los bastidores, de esa ‘obra’ que cada uno quiere representar dentro de su casa; y esta posición debería, cuando menos, dotar de un mayor contenido a lo que hoy es una reacción automática al dibujar un mobiliario estándar en las viviendas».

Monteys eta Fuertesek aipatutako tramoya horren diseinuak, bizitzarako euskarri moldagarri baten antzeko irudia har lezake. Nolabait, etxeek –eta arkitekturek orokorrean– biztanleei aukerak ireki beharko lekizkieke, ez kondizioak inposatu. Estutxearen aurrean tramoya irudia jartzen du Monteysek.

Sarri aipatu dugun Rem Koolhaasek ere gai berdinari heldu zion 1995ean argitaratutako ‘S,M,L,XL’ liburu potoloan. Garaian puri-purian zegoen malgutasun beharraren inguruan, honela zioen: «La flexibilidad no es la anticipación exhaustiva a todos los cambios posibles. Muchos cambios son impredecibles. (...) La flexibilidad es la creación de una capacidad de amplio margen que permita diferentes e incluso opuestas interpretaciones y usos».

Azken adibide bat ekarriko dugu elkarrizketara. Gure arkitekto mundu zurrunean ezaguna izan zen Kazuyo Sejima (SANAA estudioa) arkitekto japoniarrak Almere hiriko antzoki eta kultur gune berria eraikitzeko lehiaketarako egin zuen proposamen irabazlea, 1998an. Eraikina egina dago baina lehiaketarako egin zuen marrazki batek izan du zabalkundea urteetan zehar. Marrazkian, espazio arruntak ikusten ditugu, tamaina ezberdinak dituzten espazio arruntak. Aldizkari batean, Kazuyo Sejimak honela erantzun zion eraikinaren organizazio malguari buruzko galderari: «Normalmente cuando a un arquitecto se le pide hacer alguna clase de construcción flexible, enseguida piensa en una estructura de grandes luces con tabiques pequeños y móviles. [...] En el caso del proyecto holandés, todos los espacios son muy corrientes. En él nada se mueve, pero la gente puede usarlo de un modo muy flexible».

Hondartza efektua

Nabaria da behin eta berriz mahai gainera datorrela arkitekturaren malgutasun eta moldakortasun gaitasunaren eztabaida. Eta beharbada, eztabaidak, hondartzan aurki dezake erantzuna, hondartza efektuan alegia. Gehienok ezagutzen dugun tokia da hondartza. Guztiok dakigu toki horren erabilpenak atzeragarritasuna dakarrela, nahi eta nahi ez. Araudi eskasa duen espazio publikoa da hondartza. Ziurrenik, ezaugarri horrek mantentzen du hondartzaren moldakortasun izaera. Hondartza ez dugu ‘urbanizatu’ –oraingoz– eta, ordainetan, hainbeste arautu eta trinkotu ditugun espazio ‘zibilizatuen’ malgutasun falta erakusten digute hondartzek. Horrek bizi ditugun espazioak ulertu eta gozatzeko moduak alda ditzakeelakoan, pentsa genezake, tramoya eta bestelako irudi edo metaforez gain, gure etxe, eskola, lantoki, kale, plaza eta bestelakoetan hondartzak inkorporatzen has gintezkeela. Jarraituko du.