Maite Ubiria

Emazteen Nazioarteko Egunean gizonen aldeko gorazarre mezua bota du frantses Poliziak

Puy de Domme frantziar departamenduko Poliziak martxoaren 8an sareratu zuen mezuak zalaparta handia eragin du. Emazteen Nazioarteko Eguna kari hiru pertsonalitate ezagunek, hiru gizonek, historian zehar berdintasunaren alde eginiko lana nabarmendu zuen ondoren ezabatu behar izan zuen txioan.

Ezabatutako txioaren pantaila-irudia.
Ezabatutako txioaren pantaila-irudia. (Naiz)

.@PoliceNat63 kontutik martxoaren 8an zabalduriko mezua hasieratik erratua zela esatea gutxi da.

Hain zuzen #JournéeInternationaleDuDroitDesFemmes traola asmatu zuten Puy de Domme departamenduko uniformadunek. Emazteak eskubide bakar baten -auskalo zein- jabe direla aditzera emateko?

Mamia begiratuta gauzek ez zuten hobera jo. Eta sareetako erabiltzaileek fite itsusitu zioten gizonkeria poliziari, honek txioa desagertarazi zuen arte.

«Gizon guztieri eskainia, horiek gabe ezer ez baitzen posible izan» idatzi zuen, sarrera gisara, Poliziaren kontuaren kudeatzaileak.

Handik aurrera hiru pertsonaje esanguratsuek, denek gizonek, berdintasunaren alde eginiko ekarpena goraipatu zuen.

Jakin dezaten frantziar –zein Ipar Euskal Herriko– emazte guztiek ondoko gizon hauek aintzat hartu behar dituztela borroka feministaren erreferente gisara.

-Jules Ferry: derrigorrezko hezkuntza sistema laikoaren sustatzailea.

-Jean Jaures: emazteei boto eskubidea aitortzearen aldekoa zen politikaria.

-Charles De Gaulle: jeneralaren agindupean botoa emateko eta hautatuak izateko eskubidea aitortu zitzaizkien frantses emakumeei.

Zorionez, hiru gizon horien izen eta potreta zaharren ondoan, esperantzarako betarik uzten duen ortografia-zeinu gehitu zuen polizi txiolariak.

Zehazki ... idatzi zuen, hau da, hiru puntu txiki edo etenpuntu. Agian pertsonaje esanguratsuen zerrenda osatzeko aukera zabalik dela agerian uztearren. Agian Historian nabarmentzeko meritu adina egin duen emazte baten bati gorazarre egiteko tokia uzteko... hurrengo Emakumearen Nazioarteko Eguna kari.

Ideia batzuk ematearren soilik:

- Olympe de Gouges idazlea: Emazteen eta Herritarren Adierazpena sortu zuen.

- Simone de Beauvoir filosofoa: mugimendu feministari euskarri teorikoak eskaini zizkion.

- Simone Veil ministroa: abortua zigorgabetzeko legea izenpetu zuen.

- Gisele Halami abokatua: auzitegietan emazteen eskubideak defendatu zituen.