NAIZ

Bidasoa-Irunek eta Anaitasunak bi aurkari zuzen aldendu nahi dituzte larunbat honetan

Gipuzkoarrek bigarren postua indartu nahi dute laugarren den Logroñoren etxean. Nafarrek puntutan berdinduta dagoen Benidorm atzean utzi nahi dute bosgarren posturaino igotzeko aukera benetazkoa izanda.

Bidasoa-Irunek eta Helvetia Anaitasunak oso altu begiratu nahi dute sailkapenean.
Bidasoa-Irunek eta Helvetia Anaitasunak oso altu begiratu nahi dute sailkapenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urteko momentu hau iritsita, kirol guztietan gauza asko egoten dira jokoan. Eskubaloiko Asobal Ligari dagokionez, taldeen helburuak betetzen diren edo ez ikusten hasteko garaia izan daiteke. Bi talde euskaldunek erronka politak dituzte aurretik. Alde batetik, Bidasoa-Irunek Logroño La Riojari bisita egingo dio (12.00, Gol + LaLigaSports) bigarren postua indartzeko helburuarekin. Errioxarrak laugarren dira, gipuzkoarrek baino lau puntu gutxiagorekin, eta tartean Granollers dago, bidasotarrekin 30 puntura berdinduta.

Bestalde, Helvetia Anaitasunak Benidorm hartuko du Iruñean (19.00, Navarra TV + LaLigaSports). Lau talde daude momentu honetan 21 punturekin berdinduta, eta bi hauek horietakoak dira. Irabaziz gero, nafarrak bosgarren posturaino igo litezke, beti ere Cuencak eta Morrazok ez badute irabazten.

Logroño-Bidasoa

Dudarik gabe, hasiera batean jardunaldiko partidarik erakaragarriena izan daiteke honakoa. Hori bai, zeharo ibilbide ezberdina izan dute bi taldeek azken neurketetan. Errioxarrek Ligako azken bi partidak irabazi dituzte, Nava (25-34) eta Puente Genilen aurka (33-30). Irundarrak, ordea, azken hiru partidak galtzetik iritsiko dira: Ademar Leon Ligan (26-27), Granollers Kopan (36-37) eta Danimarkako GOG EHF European Leaguen (28-30). Ikusten denez, hiru porrotak oso emaitza justuagatik izan dira, baina ikusi beharko da taldea nola dagoen moralki eta fisikoki.

Hasteko, Jacobo Cuetarak ezin izango du Jon Azkue eta Iñaki Caverorekin kontatu, eta ikusi beharko da nola dauden Kauldi Odriozola eta Rodrigo Salinas. Azken bi hauek GOGen aurka jokatu zuten eta astean zehar entrenatzeko aukera izan dute.

Entrenatzailea kezkatuta agertu da azken hiru partida hauek bere jokalariei «esfortzua eta desgastea» sortu izanagatik. Hala ere, baikorra da eta taldea oso maila onean dagoela adierazi du atarikoan.

Biharko aurkariari irabaztea zer den ondo dakite irundarrek. Lehen itzulian 31-29 irabazi zuten Artalekun eta azken hiru bisitetan bitan irabazi dute Logroñon. «Beraien aurkako partidetan erakutsi dugu beti oso lehiakorrak garela», azpimarratu du Cuetarak. «Emaitza onak lortu ditugu beraien aurka, baina badakigu oso partida zaila izango dugula aurretik oso eskubaloi ona egiten dutelako eta Ligako aurkari zailenetarikoa delako», gaineratu du asturiarrak. Horri gehitu behar zaio Logroño Europako postuak ziurtatu nahi dituela datorren denboraldirako; beraz, oso aurkari zaila izango da.

Anaitasuna-Benidorm

Iruñean jokatuko den beste partida honek ere espektatibak sortu ditu. Biak, aurkari zuzenak izanda, bosgarren posturaino irits litezke. Horretarako, garaipenaz gain, Cuenca eta Morrazoren emaitzei begira jarri beharko dira.

Anaitasunak erritmo faktorea baliatu beharko luke garaipena lortzeko. Izan ere, Benidormek hiru aste daramatza lehiatu gabe eta hasieratik erritmo altua ipintzea berebizikoa izan liteke. Iruindarrek Kopa jokatu dute tartean, nahiz eta Barçaren kontra galdu, baina lehiakorrak izan ziren eta Ligan daramatzaten bolada onari –hiru garaipen jarraian– segida eman nahi diote.

Quique Dominguez Anaitasunako prestatzailea zuhur ageri da atarikoan; izan ere, «partida izugarri konplikatua» izango dutela aurrean uste duelako. «Oso ondo ari dira jokatzen eta talde ona du», azpimarratu du entrenatzaileak.

Talde iruindarrak denboraldiko errekorra apur dezake bihar, lau partida jarraian irabaziz. Duela hilabete batzuk, urrian hain zuzen ere, lortzeko gertu izan zen, eta kasualitatez bihar izango duen aurkariaren kontra. Baina 32na berdindu zuten bi taldeek eta bihar beste aukera bat izango dute nafarrek.

Anaitasunak «konfiantza, baikor eta anbizio askorekin» lehiatuko da Liga amaiera arte ahalik eta sailkapenaren gorenean amaitzeko. Hori bai, etxean dituen estatistikak hobetzeko aukera izango du. Sei garaipen eta bost porrot dituzte iruindarrek, 22 puntutik 12 lortuta.