NAIZ

Kontzertu eta ekitaldi handietan eraso sexistak saihesteko protokoloa sortu dute

BECen udan egingo den Euskal Encounter bezalako ekitaldi handiek erabaki dute protokolo berria aplikatzea, eraso sexistarik ez egoteko. Protokoloak oinarria du herrietako jaietan erasoak ekiditeko egin zuten arauetan, baina musika sustatzaileekin bilduz egokitu dute.

Udan ekitaldi jendetsuak gehiago dira, non sexu erasoak biderkatzen diren. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Udan ekitaldi jendetsuak gehiago dira, non sexu erasoak biderkatzen diren. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri duenez, bere Sailak, musika sustatzaileekin batera, kontzertuetan eta ekitaldi handietan eraso sexistak saihesteko protokolo bat prestatu du.

Artolazabalek Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, gida datorren astean aurkeztuko dute eta udalentzat egindakoaren jarraipena da, herrietako jaietan eraso sexistak saihesten laguntzeko tresnak martxan jartzeko.

«Jaialdietara, kontzertu handietara eta kongresuetara» bideratutako protokolo berriak «normalean jazarpen mota ezberdinak jasaten dituzten» langileak eta artistak hartuko ditu barne. Adibidez, udan BECen egingo den Euskal Encounterreko antolatzaileek protokolo hau eskatu dute «hurrengo edizioan erabiliko dutelako».

Artolazabalek adierazi du Kultura Sailarekin eta musika sustatzaileekin lan egin duela, eta gai horren inguruan duten «sentsibilizazioa» azpimarratu du. Izan ere, jakitun dira formatu handiko ekitaldi horietan sexu erasoengatik izaten diren salaketei aurre egin behar zaiela. Ildo horretan, adierazi du emakumeen %43k adierazi duela sexu jazarpena jasan duela noizbait jaialdi batean.