Imanol Carrillo

Sestaok eta Santurtzik jasoko dute Eusko Label Liga Euskadiko Txapelketa ospatu aurretik

Larunbatean Sestaoko Udalaren XXI. Bandera eta igandean XLIII. Santurtziko Ikurriña ospatuko dira. Biak Ligarako puntuagarriak izango dira eta nolabait asteleheneko Euskadiko Txapelketarako prestaketa ere izan litezke.

Cabo eta Ares, iragan larunbatean bien arteko abordaia aurretik.
Cabo eta Ares, iragan larunbatean bien arteko abordaia aurretik. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Asteburu honetan Euskotren Ligak ez du estropadarik. Oriok lidertza sendoa eskuratu zuen iragan asteburuan etxean eta Zierbenan egindako probetan irabazi ostean, baina asteburu honetan atseden hartuko dute lau traineruek –ETE Ligakoek, aldiz, proba dute larunbatean, baina ez igandean–, astelehenerako iragarrita dagoen Euskadiko Txapelketan lehiatzeko.

Bertan –iaz bezala Lekeition, ezer ez bada aldatzen– izango dira gizonezkoak ere. Hori bai, lehenago Eusko Label Ligako bi estropada izango dituzte jokoan. Larunbatean Sestaoko Udalaren XXI. Bandera izango dute jokoan. Ohiko estropada Itsasadarreko uretan egingo da, Portugalete parean hain zuzen ere, eta 5.556 metroko luzerako ibilbidea egin beharko dute, lau luze eta hiru ziaboga eginda.

Estropada 18.13ean hasiko da, lau traineruko hiru txandatan banatuta. Lehenengo txandan Cabo, Ondarroa, Ares eta Santurtzi izango dira lehian. Bigarrenean ariko dira Lekittarra, Zierbena, Kaiku eta Getaria, eta ohorezko txandan izango dira Urdaibai, Orio, Hondarribia eta egungo liderra den Donostiarra.

Igandean, berriz, XLIII. Santurtziko Ikurriña izango da jokoan. Lau luze eta hiru ziabogako estropadan parte hartuko duten traineruak aurreko eguneko emaitzen arabera banatuko dira hiru txandetan, eta 3 itsas miliako ibilbidea egin beharko dute (5.556 metro), 12.13an lehen traineruak irtengo direlarik.

Donostiarrak lidertza mantendu edota sendotu nahiko du iragan asteburuan, igandean hain zuzen ere, Petronor Banderan lortutako garaipen bikaina ostean. Olatu ona hartu eta helmugara arte surfa egiten joan ziren gipuzkoarrak eta bi puntuko aldea ateratzen diote Hondarribiari, bost Urdaibairi eta sei Oriori.

Atzerago dago Getaria buru den beste traineru talde bat eta, beheko aldean, Cabo –azkena– eta Ares galiziarrek ixten dute sailkapena iragan larunbatean euren artean gertatutako abordaia ostean ez baitzuten puntuatu.