Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Hondarribiak berregin egin ditu bere aukerak Castro Urdialeseko uretan garaipena lortuz

«Ama Guadalupekoa» ontzia, ohorezko txandatik, azkarrena izan da, bosgarren bandera lortuta, bigarren txandan aritu den Donostiarraren denbora hobetuz. Urdaibai liderra bigarren izan da estropadan eta sailkapen nagusian hiru puntuko aldea dago orain.

Hondarribiko trainerua eta Ioseba Amunarriz patroia, ziaboga bat egiten.
Hondarribiko trainerua eta Ioseba Amunarriz patroia, ziaboga bat egiten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Atzo ez bezala, igande honetan Hondarribiak Ligarako borroka horretan aukera guztiak berreskuratu ditu berriro ere Castro Urdialeseko uretan denboraldiko bosgarren garaipena lortuz. Gainera, aurreko asteburuan egindako akatsa zuzentzeko arantza kendu dutela esan daiteke. Ohorezko txandan arraun eginda, aurrekoan Donostiarrak lortutako denbora zuten berdeek hobetzeko. Eta kosta egin zaie! Pentsa, ez da azken biraketa arte iraulia gertatu. Hortik aurrera garaipena bere eskuetan zegoen eta estropadako bigarren posturako lehia horretan nork irabazten zuen bakarrik zegoen jokoan. Urdaibai izan da bigarren postuaren jabe, oso ehun gutxirengatik, eta lidertza mantenduko du sei estropada geratzen direnean.

Beheko postuetan, aldiz, Aresek oso zaila du azken postutik ateratzea, eta Lekittarra eta Santurtzi arazo larrietan daude, gehienbat lehenengoek asteburu guztian sufritu ostean.

Ohorezko txanda: Hondarribia, denen kontra

Urdaibaik eta Hondarribiak "lagun" berriak izan dituzte ohorezko txandan: Ondarroa, larunbatean etxean garaile, eta Cabo. "Ama Guadalupekoa" ontziak hartu du lidertza lehen paladetatik, baina hiru segundogatik ezin izan du aurreko txandan Donostiarrak egindako denbora hobetu. Urdaibai Ligako liderrak gertu jarraitzen zion lehen biraketan, 3 segundora, eta "Antiguako Ama" eta galiziarrak atzerago geratu dira.

Bigarren biraketan ere Hondarribiak ezin izan du Donostiarraren denbora hobetu, ur korronteengatik. Baina adi, zeren eta hurrengo luzean hiru segundotik bakarrera jaitsi da bien arteko aldea. Urdaibai, aldiz, atzean geratzen hasia zen zegoeneko eta estropadako momentu gakoa izan zitekeen.

Berdeek ez dute garaipena lortzeko aukera galdu, eta Urdaibaik hortzak estutu behar izan ditu azken unean, oso ehun gutxirengatik bigarren postua lortzeko eta sailkapen nagusian duen aldea hiru puntutan uzteko.

2. txanda: Donostiarra, bere lekutik kanpo, azkarrena

Donostiarra eta Oriori arraro egingo zitzaien txanda honetan aritzea, Ligan ikusitakoaren arabera. Baina larunbateko estropadak txikizioa egin zuen, lehen txandakoen mesederako. Horregatik nabarmendu dira bi ontzi gipuzkoarrak beste bien aurrean. "Torrekua II.a" ontzia izan da lidertzan denbora guztian, eta Oriok behetik gorantz egin du nabarmen laugarren kale zailetik, hasierako galera estropada joan ahala hobetuz.

Lehen ziabogan bi segundogatik hobetu du Donostiarrak aurreko txandan Getariak egindako denbora. Bigarren luze horretan, gainera, Orio atzerago utzi dute eta bigarrengo maniobran aldeak handiagotu dituzte Getariarekiko.

Azken biraketan, itsasoak ondo astindu du Donostiarra bere olatuekin, baina ordurako denbora onena mantentzen zuen eta, nahiz eta ez duen txikizio handiagoa egin, txandako garaipena lortu du, Orio (+8.50), Santurtzi (+17.95) eta gaur, atzo bezala, beste traineru batekin arraun egin duen Aresen (+36.26) aurretik.

1. txanda: Getaria, nagusi; Lekittarra putzura

Lau traineru hauei arraro egingo zitzaien ere lehen txandan aritzea, baina bertan aritu behar izan dira gaurkoan Getaria, Zierbena, Kaiku eta Lekittarrak.

Getariarrak izan dira nagusi, lehen kaletik, baina Zierbenak, bigarrenetik, borroka latza planteatu die. Bi traineruak asko gerturatu dira luzeetan, baina uretako epailea gertu zegoen eta mugan egonda, gauza ez da gehiagora joan.

Lehen ziabogan, 4 segundoko aldea zegoen bien ontzien artean Getariaren mesederako, bigarrenean 3koa zen aldea eta hirugarrengoan denbora bera markatu dute. Atzean aldiz, Kaikuk eta Lekittarrak denbora asko galdu dute lehen biraketatik eta hirugarren eta laugarren kaleetatik asko sufritu dute.

Zierbenak, Borja Lopez patroiaren eskutik, lidertza eskuratu du azken maniobra ostean, baina Getariako Unax Eizagirrek ondo eutsi dio bere taldeari, bizkaitarren pare jarri dira eta gainditu egin diete 2.69 segundogatik gailenduta. Bestalde, Kaiku estropada eremuko mugaraino joan da eta hirugarren izan da, arazo serio batean sartu den Lekittarraren aurretik. Bizkaitarrak jaitsierarako play off postuetan daude kokaturik orain.

X. CaixaBank Bandera - Castro Urdiales
    1.    Hondarribia      20:30.74        
    2.    Urdaibai           20:36.04
    3.    Donostiarra      20:36.78
    4.    Orio                 20:45.18
    5.    Getaria             20:54.04
    6.    Santurtzi          20:54.48
    7.    Zierbena           20:56.62
    8.    Ondarroa          21:03.44
    9.    Kaiku               21:07.72
    10.   Cabo              21:08.04
    11.   Ares                21.12.76
    12.   Lekittarra       21:14.76

Eusko Label Liga - Sailkapen Nagusia
    1.    Urdaibai           149 puntu        
    2.    Hondarribia      146
    3.    Donostiarra      144
    4.    Orio                129
    5.    Getaria             88
    6.    Kaiku               79
    7.    Zierbena          72
    8.    Cabo                65
    9.    Ondarroa          63
    10.   Santurtzi         59
    11.   Lekittarra        54
    12.   Ares               43