NAIZ

Allande Socarrosen omenez, idazlan eta lekukotasunen liburua aurkeztu dute

Berrogei urtetan idatzitako artikuluak eta liburuetako zatiak biltzen ditu ‘Allande Socarros (1957 - 2021)’ liburuak. Horrez gain, ondo ezagutzen zuten lagunen kontakizunak ere jaso dira, kazetariaren izaera islatzen saiatzeko.

Battitu Coyos eta Jean Michel Bedaxagar Allande Socarrosen inguruko liburuaren aurkezpenean.
Battitu Coyos eta Jean Michel Bedaxagar Allande Socarrosen inguruko liburuaren aurkezpenean. (Euskaltzaindia)

Iaz zendu zen Allande Socarros zuberotar euskaltzain urgazle jakintsua ohoratu nahi izan dute Euskaltzaindiak eta Sü Azia elkarteak ‘Allande Socarros (1957 - 2021). Euskal idazlan eta lekukotasunak’ liburuaren bidez. Testua bi zati nagusitan antolatu dute: alde batetik, Socarrosek berrogei bat urtez idatzi zituen artikulu eta liburuetako lan hautatu zonbait biltzen ditu eta, bestetik, Allande ontsa ezagutu zuten hamabi pertsonaren lekukotasunak eskaintzen ditu.

Hamabi lagunek argibide anitz eman dituzte Allanderen lanez, kolaborazioez eta egitateez. Horrez gain, Allanderen nortasuna eta ikusmoldeak deskubrituko ditugu. Hots, gizon libre bat ageri zaigu, euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriari bizitza osoa eman diena.

Battitu Coyos euskaltzainak zera azpimarratu du: «Behin elkarrizketa batean erran züan honek Allande ontsa laburbiltzen du: Militantziak bizitza hartu dit». Bestetik, Jean Michel Bedaxagar kantariak hauxe adierazi du: «Lagun mina galdu dugu eta langile handia; Allande omendu nahi izan dugu liburu honekin, bide batez Xiberuaz eta euskaraz jakintsu baten lanaren aztarna utzi ondoko belaunaldientzat».

Euskararen Erakunde Publikoak eskainitako laguntzari esker argitaratu ahal izan da liburua.

Allande Socarros Etxebarren (Zuberoa) 1957ko uztailaren 12an sortu zen, eta Maulen (Zuberoa) hil, 2021eko abenduaren 9an. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 2018ko uztailaren 20an. Euskaltzaindiaren lau batzordetan lan egin zuen: Euskalkien lantaldean (2013-2021), Euskara Batuaren Eskuliburua batzordean (2017-2021), Euskara Eskuz Esku egitasmoan (2018-2020) eta Onomastika batzordean (2019-2021).

Ofizioz argazkilari izanez, laster kazetaritzara joan zen. Aldizkari anitzetan idatzi zuen, nahiz euskara batuaz, nahiz zubereraz: Zeruko Argian, Egian, Abilen, Ekaitzan, Argian, Jakinen, Herrian... baina nagusiki lanbidez Euskaldunon Egunkarian eta Berrian (1990-2008). Laurogeiko hamarkadatik goiti militante abertzalea izan zen eta bizi osoan militatzen egon. Kazetaritzaz gain, lan anitz eraman zituen sare sozialetan, itzulpengintzan, elkarteetan. Liburu zenbait argitaratu zituen eta zuberera zorrozki landu zuen, euskara batuarekiko zubia eginez. Oro har, erran genezake Allande Socarros Zuberoako eta zubereraren enbaxadorea izan zela.