Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Londresen hartu dute bizia Maider Aldasororen 'jantzi-artefaktuek'

BACE Project (Basque Artist Contemporary Exhibit) akronimoaren babesean egongo dira ikusgai ia hilabetez –irailaren 29tik urriaren 31ra– Maider Aldasororen (Mexiko, 1992) eskulturak Londreseko Art Lacuna galerian. Nazioartean euskal artista berriak ezagutarazteko ekimena da.

 

Ezkerretik eskuinera, Irati Azpeitia eta Eugenia Griffero (galeriakoak) eta Maider Aldasoro, Londresen erakusketaren prestaketa lanetan.
Ezkerretik eskuinera, Irati Azpeitia eta Eugenia Griffero (galeriakoak) eta Maider Aldasoro, Londresen erakusketaren prestaketa lanetan. (ALDAMA FABRE)

«Prestakuntza lanak egitera etorri naiz, egin dizkidaten metalezko egiturak ondo ote dauden ikusi nahi nuelako. Hemengo errementari batzuengana jo dugu nire piezei eutsiko dieten metalezko piezak egiteko eta, hain justu, orain ari gara galerian hori guztia prestatzen», zioen asteartean Londresetik Maider Aldasorok telefonoaren beste aldetik.

Pozarren –behin baino gehiagotan ihes egin zion ‘ilusio’ hitzak–, Art Lacuna galerian ostegunean zabalduko duen ‘Flexy, My Tether’ bakar erakusketaren prestaketan ari zen buru-belarri, Aldama Fabre galeriako produkzio taldearekin batera.

BACE ekimena Bilboko gune pribatu honek sortu eta bultzatu du, Bizkaiko Diputazioko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak babestuta, eta hiru urte daramatza nazioartean euskal artisten lana ezagutarazten eta bultzatzen. Hain zuzen ere, 2019an Helena Goñi argazkilariaren lana New Yorkera eraman zuen. 2021ean, Ignacio Goitia eta Eduardo Sorrouille Lisboako Nave galeriara eraman zituzten.

Ekimen honekin, gure artista berriak ezagutarazteaz aparte, «ekoizpen eta erakusketa-espazioen eta arte-galerien arteko lankidetza sustatu nahi da, zubiak eraikitzeko eta kulturaren munduko eragileak (galeristak, artistak, bildumagileak eta kultura erakundeak) elkar lotzeko», zioen Eugenia Griffero Fabre argentinarrak, Bilbo Zaharreko gunearen zuzendari eta sortzaileak.

Alexander Duncan eta Chris Cawkwell, Art Lacuna-ren sortzaileetako bat eta zuzendaria, Maider Aldasororen erakusketaren ekoizpenaz arduratu dira. «Hauxe galeria ertain bat da –zioen euskal artistak–. Hemengo zuzendariek ere artista bezala egiten dute lan eta, galeriarekin batera, beste artistentzako estudio antzeko gune bat dago». Battersea parketik gertu, hamargarren urteurrena ospatzen ari da Art Lacuna. «Honek zer dakarren niretzat? Ni Londresen bizi izan naiz eta horrelako zerbaitera itzultzeak ilusio handia egiten dit, orain arte ez dudalako bertako galeria batean nire lana sekula erakutsi. Proiektu honetan parte hartzeak ilusio berezia egiten dit artista berrien lanak nazioarteko beste tokietan erakustea garrantzitsua delako», adierazi digu.

Euskal-mexikar sustraiak dituen Maider Aldasorok Bilboarteko beka bati esker ari da lanean Bilbon. Donostiako Tabakalerako Medialab taldeko langilea da,  era berean. Londresen erakutsiko dituen artelanak ‘jantzi-artefaktu’ bezala definitu dituzte, eskultura hauek bizia hartzen dutelako bideoan jasotako performanceen bidez.

Arte eszenikoekin lotura dutela esan daiteke: «Konturatu gabe izan da, baina bai, horrelako zerbait dutela dirudi –aitortu du–. Nik jantziekin edo zuntzekin egiten dut lan eta horrek antzerkiarekin lotura handia du, gorputzarekin lan egiten dudalako. Ehungintzarekin lan egiten denean gorputza oso performatibo bihurtzen da. Jantzi hauek modu eskultorikoan egiten ditut, baina betiere “aktibatzeko” memento horri garrantzi handia ematen diot. Bada, beraz, alde performatibo bat, baina ni ez naiz artista performatiboa».

Fin de semana de arte en Donostia

Este fin de semana el arte contemporáneo será protagonista en Donostia con la inauguración de la temporada expositiva de las galerías de la ciudad. Será la segunda edición de Irekiak Gallery Weekend, en la que durante cuatro días habrá todo tipo de actividades: encuentros, talleres, visitas guiadas...

Por ejemplo, Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrián y Ekain abrirán seis exposiciones y  Tabakalera presentará la instalación ‘Entremaliat’, de Alba G. Corral, en la fachada del Kursaal.