Ane  Urkiri
Kirol burua / Jefa de Deportes

Eli Capa-Bianca Rech: oroitzapen zaharrek ere argia ikusiko dute Munichen

Txapeldunen Ligako aurre-kanporaketako itzulerako partida jokatuko du Realak ostegun honetan Munichen (19.00etan). Anoetako oroitzapenak berragertuko dira, baina baita zaharragoak ere. Eli Capa –Realeko delegatua– eta Bianca Rech –Bayern-eko kirol zuzendaria– 20 urte beranduago elkartu baitira.

Bianca Rech, egun Bayern Municheko kirol zuzendaria da.
Bianca Rech, egun Bayern Municheko kirol zuzendaria da. (DFB)

Realak 0-1 galdu zuen Txapeldunen Ligako estreinakoan, Anoetan jokaturiko joaneko partidan. Egindako merituengatik, txuri-urdinek zerbait gehiago merezi izan zuten –berdinketa, gutxienez– baina azken metroetan huts egin zuten –bi jaurtiketa langara bota zituzten–. Bizirik jarraitzen du talde donostiarrak eta hori ere nahiko meritu bada, aurkaria Bayern Munchen zela kontuan hartuta. Anoetako oroitzapenak berragertuko dira ostegun honetan Munichen –itzulerako partidan– baina baita zaharragoak ere.

Hogei urte pasa dira Athleticek Frankfurten aurka jokatu zuenetik. 1-8 galdu zuen. Orduan, oraindik ez zegoen zuri-gorrien atepean Eli Capa, Athleticera iritsi berria baitzen. Hala ere, ondo gogoratzen du partida hura eta baita orduko protagonista bat ere, Bianca Rech atzelaria. Bayern Munich Anoetara iritsi bezain laster, segituan errekonozitu zuen jokalari alemana eta duela 20 urteko oroitzapenek argia ikusi zuten. 

Sekulako erakustaldia eman zuten alemanek –orduko Europako talde onenetakoa zen eta 2002an Txapeldunen Liga irabazi zuten–. San Mames zaharrean jokatu zen partida hura, 2002ko abuztuaren 25ean, historian zelai hartan emakumezkoek jokatu duten hirugarren partida izan zen eta 10.000 zale batu ziren.

Solasaldi horretan hainbat gauza aipatu ziren baina Capak gogoratzen ez zuena zen Rech-ek belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuela lehendabiziko zatian eta atsedenaldira iritsi arte ez zela ordezkatua izan.

Duela hogei urte ez zegoen kolorerik Bundesliga eta Espainiako ligaren artean. Athletic orduan sortu zen, 2002an Leioaren estruktura guztia beregain hartuta. Orduan iritsi zen Capa Athleticera, Añorgatik. Iaztik Realean dago, delegatu lanetan eta duela hogei urteko arantzatxoa ere kendu lezake ostegun honetan Munichen.

Duela bi hamarkadako bi kide hauek, beraien postuetatik, zelaitik kanpo, norberaren taldearen alde borrokatuko dute, orduko oroitzapenen indarra lagungarri izan dadin ostegun honetako partidan.