NAIZ
Baiona

ELBk eta Lurzaindiak salatu dutenez, ezohiko moldea baliatu dute Arbonan lurrak saltzeko

12 hektareako lurrak saltzeko protokolo bat izenpetua izan da, baina jabetza huts gisa Arbonan. ELB eta Lurzaindiako kideek ezohiko molde hori arbuiatu dute. «Pertsona batek lur horiek 200.000 euroren truke erosi nahi ditu, guretzat prezio arrunt espekulatiboan» salatu dute.

ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko kideak, irailaren 29an, Harriague Notaritzaren bulegoetan.
ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko kideak, irailaren 29an, Harriague Notaritzaren bulegoetan. (Guillaume FAUVEAU)

Irailaren 29an, ostegunarekin, ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak jakinarazi dutenez Arbonako Berroeta bidean laborantza lurren 12 hektareak jabetza huts gisa salgai jarri dituztela, hektareako prezio bikoitzean.

Ezohiko dispositibo hori baliatu dute laborantza lurren zaintzeko ardura duen Safer egiturak lehentasunez erosteko duen eskubidea bertan behera uzteko.

Akordio horren arabera, «Ipar Euskal Herrian bizi den eta laborantzan jarduten duen emazte laborariak» ezingo ditu lurrak laborantzarako erabili, Yves Borotra jabearena izanen baita usufruktua edo ondasunaren gozamena.

ELB eta Lurzaindiako kideek ezohiko molde hori baliatu izana salatu dute, baita salerosketaren prezioa ere.

«Pertsona batek lur horiek 200.000 euroren truke erosi nahi ditu, hau da, hektareako 17.000 euro baino gutiagoan», zehaztu zuten kontratua kudeatu duen notarioaren bulegoan sartuz.

Militanteak Baionako Aritxage etorbidean den Miguel Harriague notarioaren bulegoa okupatu dute ordu laurden bat iraun duen ekintza horren bidez.

Notarioaren erantzuna

«Badakizu zertan parte hartzen duzun?», galdegin diote notarioari. Azken honek erantzun duenez, berari ez dagokio ez moralaren eremuan jokatzea ezta legearen mamia epaitzea ere. Gaineratu duenez, «zerbait gaizki egina bada, dagokionari galdetu behar zaio berriz egin dezan».

«Guretzat prezio arrunt espekulatiboa da, eta erreferentzia bilakatuko da inguruko laborantzarako», deitoratu zuen, bere aldetik, salmenta horren karietara ekintzan parte hartu zuen Johanne Foirien Lurzaindia elkarteko kideak.

Berroetako bidean okupazioa burutu zuten elkarteko ordezkariek nabarmendu dutenez, lurra salgai den prezioa orain artekoaren bikoitza da.

Salmenta hori muntaia finantzario bat dela ageria jarri zuten ekintza horren bidez ELBk eta Lurzaindiak. «Gure ustez, leiho ttipi bat erabiltzen da, legezkoa dena, baina Saferren lehentasunez erostea saihestea bilatzen duena», gehitu du ELB sindikatuko Maritxu Lopepek.

Oroitzearren, joan zen abuztuan ELBk eta Lurzaindiak salatu zuten jabetzako etxea eta ondoko beste lau lur hektareak 3 milioi eurotan salgai eman zituztela eta eroslea Parisko bikote bat litzatekeela.

Saferrek lehentasunez erosteko hautua egin zuen irailaren 22an laborantzako lur gisa baliatuak izateko.