Anaiz AGUIRRE OLHAGARAY

Arbona: Berruetako lurrak salgai dira berriro hiru miloi eurogatik

Berruetako lau hektareako lursaila zein bertako etxea erosteko hiru milioi euroko eskaintza bat jaso du Safer erakundeak. Iazko abuztuan beste erosketa saiakera bat geratzea lortu zen ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak bultzatutako herri mobilizazioari esker.

ELB sindikatuak eta Lurzaindiak egindako agerraldia, iazko uztailean.
ELB sindikatuak eta Lurzaindiak egindako agerraldia, iazko uztailean. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

«Probokazio bat da», adierazi dio irmo Safer Landa Lurren eta Establezimenduen Garapenerako Elkarteko Ipar Euskal Herriko batzorde teknikoko presidente Jean-Claude Saint-Jeanek Mediabask hedabideari. Baieztatu du Berrueta bidean, Arbonan, lau hektareako zabalera duen lur eremu bat eta etxea erosteko asmoa agertu dutela bezero batzuek, eta gogor kritikatu du nekazaritza lurren balizko salmenta.

Izan ere, iragan abuztuaren 26an, etxea eta 4,07 hektarea lursail saltzeko jakinarazpen berri bat jaso zuen Saferrek, hiru milioi euroren truke. «Eskandalagarria», dio Saint-Jeanek, eta zehaztu du finka erosi nahi dutenek sinatu dutela eskaintza. Mediabaskek kontsultatu ahal izan duen Safer zerbitzuaren jakinarazpenaren arabera, eskaintza egin dutenak 16. barrutian bizi diren paristar bikote bat izango lirateke, Michel eta Marie-Jose Carite Lemestre, zehazki.

2021ean, etxea eta hamabost hektarea lursail 3,2 milioi euroren truke erosi nahi zituen Diane de L'Espeek, atzera egin behar izan zuen. Salmenta bertan behera geratu zen ELB sindikatuaren eta Lurzaindia elkartearen mobilizazio luze baten ondoren. Mobilizazio horrek gizarte zibilaren babes handia jaso zuen. Babes kanpaina hura urriaren 24an eman zen amaitutzat, Lurrama nekazaritza jasangarriaren biltzarrarekin.

Eskaintza berriaren aurrean ere, Saferreko presidenteak espero du nekazaritzaren, Lurzaindiaren eta, batez ere, Ipar Euskal Herriko komunitatearen erreakzioak egotea oraingoan ere salmenta ekiditeko. Safer erakundeak bi hilabete ditu bere irizpena emateko. «Lurra zaindu behar dugu», nabarmendu du kezkatuta Saint-Jeanek.

Azken eskaintzaren harira, lurraren eta etxebizitza eskubidearen alde lan egiten duen Ostia kolektiboak bilera bat antolatu zuen atzo arratsaldean Berruetan bertan. «Gure haserrea adierazteko eta mobilizazioei buruz hitz egiteko» zela aurreratu zuten, beraz, espero da deialdi berriak izatea.

Urtebete geroago

Iazko abuztuan, hain justu ere, aurreko erosketa saiakeraren harira, mobilizazio ugari izan ziren Arbonan. Orduan mahai gainean zegoen erosketa eskaerak, hala ere, ez lau, baizik eta 15 hektareako lur-eremua hartzen zuen, eta interesa agertu zuen pertsonak ez zuen lursaila nekazaritzari eskaintzeko asmorik, orduan baserritarrek, sindikatuek eta beste eragile batzuek salatu zutenez.

Gogor egin zitzaien kontra asmo haiei eta ekainean Arbonako finka okupatu zuten nekazaritza lurren defentsan. Okupaziotik 40 egun igaro zirenean, Ipar Euskal Herriko hautetsi asko bertaratu ziren ekintzari babesa agertzera.

«Badirudi, azkenean, espekulazioaren eta nekazaritza-lurren galeraren arazoa ulertzen dela. Arbonako ekintza honek etapa bat markatuko du gure borrokan», adierazi zuen orduan Dominique Amestoy Lurzaindiko kideak.

Handik hilabete batzuetara, iazko azaroan, Arbonako auzapezaren salaketagatik, Lurzaindia eta bere presidentea epailearen aurrera deklaratzera deituak izan ziren. Izan ere, elkarteak 2018an eskuorri bidez salatu zuen etxebizitzak eraikitzeko laborantzarako lurrak 50 aldiz garestiago erosi zituela Arbonako Herriko Etxeak, eta Marie-Josee Mialocq auzapezak difamazioagatik salaketa jarri zuen.