Arnaitz Gorriti

«Etsaien» aurka jokatzetik, «etxekoen» aurka jokatzera dator Alex Mumbru Bilbora

Ongietorri beroa emango dio Bilbao Arenak igande arratsaldean egun Valentzia Basket taldea zuzentzen duen entrenatzaile katalanari. Beltzezko gizonen artean, jokalariek eta Jaume Ponsarnau entrenatzaileak berak ere hala eskatu dute behintzat.

Alex Mumbru Miribillan eseriko da berriro, baina konpoko taldearen aulkian.
Alex Mumbru Miribillan eseriko da berriro, baina konpoko taldearen aulkian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Alfred Hitchcock zine zuzendari mitikoaren ustez, filme baten gailurra berton «gaizto» papera bete behar duen hark markatzen du: «Psycho» filmean Norman Batesen ama, esaterako. Kirol munduan ere sarri esan ohi da aurkariarengan «nemesi» bat errekonozitzeak neurri baten aurkari horren maila eta arriskua ere onartzea esan nahi duela. Esaterako, igande honetan 18.30etan Lenovo Tenerifek Gasteizen jokatuko du eta Saski Baskoniako zaleek badakite horrek Txus Vidorreta eta Marcelinho Huertas datozela esan nahi duela, eta «nemesi» horien aurka, Indautxuko entrenatzailea batik bat, gorriak eta bi ikusi beharko dituztela azken emaitza dena delakoa izanda ere.

Alex Mumbruren kasua ere Gasteizko zaleentzat «etsai» bati loturikoa da. Gehienetan kirol arlora mugatutako «etsaitza»; baina inoiz pausu bat harago ere joan izan dena. Jokalari gisa erretiroa hartu behar zuela aditzera eman zuenean, ia leku gehienetan txalo jo zitzaion Badalonakoari, baina ez Gasteizen. Bilbao Basket laga duelarik ere, Valentzia Basketekin sinatzea «okurritu» zaio, azken urteetan gasteiztarrek aurkitu duten «nemesi» onenetako bat, hain zuzen. Baina ez da ahaztu behar Joan Peñarroyak ostegun honetan esandakoa, Fonteta pabilioian Tarrassako entrenatzailea txistu artean agurtu eta gero. «Valentzian denboraldi bikaina igaro nuen, eta jende baten erreakzioari buruz ez daukat esateko ezer, hobe dela hori erabateko axolagabetasuna baino». Bada, Mumbru Gasteizko zaleentzat «etsaia» baldin bada, «etsai izateko adinako maila» duelako da, neurri baten.

Baina gauzak ez dira beti berdin izaten. Hala, Bilbao Arena pabilioian, igandean 17.00etatik aurrera Alex Mumbruk gidatzen duen Valentzia Basket etorriko da, eta ez da gutxiagorik espero aurkezpenean eta partida amaieran entrenatzaile katalanari eskainitako txalo zaparrada izugarri bat baino. Azken batean, Mumbru 2009an iritsi zen Bilbora eta 2018ra arte jokalari gisa Bilbao Basketen momenturik onenetan –ACB Ligako eta Eurocupeko finalak jokatzera, eta Euroligako final-laurdenetara sailkatzea– eta txarrenetan –diru arazoetan murgillduta eta LEB Ligara jaistean– ere bertan zen. Are gehiago, jokalari izateari laga eta Urrezko LEB Ligan hartu zuen Mumbruk beltzezko gizonen aulkiaren gidaritza, eta Bilbao Basket berriz ere ACB Ligara ekartzeaz gain, onenen artean egonkortzen lagundu du, nahiz eta 2020/21 denboraldian ia berriz ere maila galdu.

«Alex Mumbru mito bat da Bilbon». Gutxi gehiago esan liteke Ludde Hakansonek ostiral honetan esan duenaz gain. «Partida hasten denean bakoitzak bere alde jokatuko dugu, bai Alexek eta baita guk ere, baina horrek ez du kentzen Alex Bilbao Basketentzat erreferente eta mito bat denik, eta niretzat ere oso garrantzitsua izan ez denik ere», onartu du antolatzaile suediarrak.

Egia da Bartzelonako harrobian sortutako jokalaria Bilbon egonkortu dela ACB Ligako mailako jokalari gisa, aurrez Sevillan, Fuenlabradan eta Estudiantesen uste baino maila apalagoa eskaini eta gero, eta ACB Ligatik kanpo, Letonian eta Polonian urte pare bat igaro ostean.

Aipatu 2020/21 denboraldi korapilatsuan iritsi zen Hakanson Bilbora eta azken jardunaldira arte ia beti jaitsiera postuetan egonagatik, Alex Mumbruren aginduetara zaildu zen Estocolmoko antolatzailea. Antolatzaile zein eskolta postuetan bietan jokatzen hasi zen Hakanson eta neurri batean entrenatzaileak eman zion konfidantzari esker lortu zuen elitean egonkortzea.

Halako zerbait eskertu nahiko lioke Miribillak berak ere Alex Mumbruri igandean. «Kanpotik ikusita, Bilbon lan handia egin zuela bistakoa zen», gaineratu du Jaume Ponsarnauk berak ere. «Baina behin barruan nagoela, nabari da Alex Mumbruk egin duen lana Bilbao Basketen alde», gaineratu du Tarregako entrenatzaileak «Ikustekoa da zenbat gauza eman dizkion eta nola markatu duen kluba bere lanak!», gaineratu du. Hala, bere iritziz, ez du «gutxiago espero igandean Alexi merezi bezalako ongietorria emango zaiola baino».

Ekaineko agurra

Joan den ekainean esan zion agur Alex Mumbruk Bilbao Basketi. Aurrez, Real Madrilen aurkako partidan «15» zenbakiarekin erabili ohi zuen kamiseta ere erretiratu zuen talde bizkaitarrak. Mumbruk geroago esan zuenez, orduan erabaki omen zuen Bilbotik alde egiteko ordua zela. Hala, pasa den ekainaren 6an agurreko prentsaurrekoan negarrari eutsi ezinik esan zituen azken hitzak beltzezko gizonen entrenatzaile gisa.

«Asko hausnartutako erabakia izan da, denbora asko neraman pentsatzen. Klubean une zailen bat izan denean beti erabaki dut bertan geratzea, baina orain kluba Europan dago, ondo zuzenduta eta eramanda dago, une onean dago eta agian joateko unea da», esan zuen bere agurreko prentsaurrekoan.

«Ni naiz jende askoren lanaren burua. Batzuetan nik eramaten ditut merituak, baina jende asko dago atzean lanean. Baina bertatik irteteko unea dela uste dut; proiektuetatik eta lekuetatik ateratzen jakin behar da, bereziki maite badituzu», nabarmendu zuen Mumbruk.

Isabel Iturbe presidenteak berak ere esker ona adierazi zion bere agurrean. «Gutako bat zara, Bilbao Basketen historian funtsezkoa». Eta Rafa Pueyo kirol zuzendariak, berriz, gogorarazi zion Bilbo bere «etxea» dela: «Bilbao Basket, zure familia eta marea beltza, zure zaleak».