NAIZ

Karlos Apeztegia aske da, bi espetxealdiak batuta 26 urteko preso izan ostean

Auzitegi Nazional espainolak ezarri zion bigarren kartzelaldia amaituta, aske geratu da ostiral honetan Karlos Apeztegia. Aurretik 22 urte preso eman zituen eta orain lau gehiago bete behar izan ditu.

Karlos Apeztegia, Martutenetik ateratzeko unean.
Karlos Apeztegia, Martutenetik ateratzeko unean. (Etxerat)

Guztira 26 urte espetxean eman ostean eta bi kartzelaldi gaindituta, aske da azkenik Karlos Apeztegia Jaka, Iruñean jaio eta Hernaniko bizilaguna dena.

Lau urtez izan dute preso azken boladan. 2018ko urrian ustekabean atxilotu eta espetxeratu egin zuten eta berriro ETArekin lotu zuen Auzitegi Nazional espainolak, espetxetik igorritako gutun bat akusazio gisa baliatuz. Etxerat, Sare, Sortu, LAB eta abarren gaitzespena eragin zuten kartzelaratzeak eta trikimailu polizial-judizialak. Guardia Zibilak bultzatu zuen inputazioa eta burutu zuten atxiloketa, Hernanin lanean ari zenean gauzatuta.

Toledoko Ocaña espetxean izan zuten preso 2020a amaitu arte, eta geroztik zigorra Euskal Herrian bete ahal izan du Apeztegiak, Iruñean lehenik eta Martutenen gero.

Aurretik jada 22 urte espetxean eginak zituen iruindarrak, oso baldintza zailetan. Datu adierazgarri gisa, Puerto de Santa Marian amaitu zuen kondena, Iberiar Penintsulako kontrako muturrean, 2013ko maiatzean.

Honekin bi dira azken 24 orduetan askatasuna berreskuratu duten euskal presoek: Ion Kepa Parot ostegunean, azkenik baldintzapeko askatasuna onarturik, eta Karlos Apeztegia gaurkoan. Honezaz gain, beste hamaika preso Euskal Herriratuko dituela iragarri berri du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak.