Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Gascak infernu izaera hartu eta bosgarren garaipenera bideratu du Bera Bera (27-23)

Bera Berak bosgarren garaipena jarraian erdietsi du Atletico Guardes 27-23 mendean hartuta. Ederki sufrituta, donostiarrek markagailua irauli dute bigarren zatian, Gascako publikoaren laguntza ezinbestekoarekin. Hurrengo astean, Beti Onaken aurka lehiatuko da Atarrabian.

Giuliana Gavilanek 6 gol eginda bukatu du partida.
Giuliana Gavilanek 6 gol eginda bukatu du partida. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bera Berak hortzak ederki estutu behar izan ditu, beste behin. Aurtengo liga parekatuagoa dela jabetzeko pabilioi batera hurbiltzerik besterik ez dago. Kostata lortzen dira garaipenak eta egungo liga txapelduna ere ez da libratzen sufrimendu horretatik.

36. minutura arte ez du lortu markagailuan aurretik jartzea. Atletico Guardes eta donostiarren arteko lehiak beti dira ikusgarriak, nahiz eta azken denboraldietan, ligako partidetan, Bera Berak, etxean, nahiko nagusitasun erakutsi izan duen. Kopako finalerdietako partida izan daiteke bi talde hauen lehiakortasunaren erakusle argiena eta bide horretatik garatu da igande honetako dema ere. Ligako zortzigarren jardunaldia aurreratuta jokatu dute, abenduan aurre egin beharreko egutegiari arnasa eman asmoz.

Limak, Illunben egin legez, partida bikaina jokatu du, Santiago eta Fernandezen laguntza ezin hobearekin. Erasoan atera da Fernandez eta 1-5eko markagailua ezarri dute lehendabiziko bost minutuetan. Alde nabarmena, hasi orduko, erasoan konektatzea zaila egin zaion Bera Bera baten aurrean. Arrojeria, Mariane eta Arcosen arteko jokaldiak ez du emaitzik eman saiatu diren bi alditan.

13 minututan 3 gol besterik ez ditu sartu Bera Berak eta aurkaria 7 golera iritsi da. Egungo liga txapeldunarentzat, baina, ez dago gehiegizko distantziarik eta ekinaren ekinez, 6-7ra hurbildu da. Emma Boada atera da erasoan eta katalanak argia eskaini dio talde donostiarra. Zazpi golera berdintzeko aukera ezeresean geratu ostean, bi goleko errenta berreskuratu dute galiziarrek, baita hirukoa ere, Cristina Cifuentesi esker (6-9).

Korrontearen kontra igeri egin behar izan du Bera Berak, Motive.co Gijon taldearen aurka gertatu legez. Gascako publikoa jabetu da taldeak bere beharra zuela, inoiz baino gehiago, txapeldun izanagatik ere babesa ezinbestekoa baita garaipenak eskuratzeko.

Hala, infernu izaera hartu du Donostiako kiroldegiak eta ikuskizun zirraragarria bizi izan da, tentsio handikoa. Laura Hernandezek, 7 metroetatik, bi gol egin eta 8-9koa jarri du; Emma Boadak partidako bigarren berdinketa ezarri ahal izan du baina zutoinak saihestu du eta azkenean, Atletico Guardesek bi eraso huts egin ostean –Imanol Alvarezek txartel horia ikusi eta bigarren aukera bat izan dute galiziarrek, publikoaren haserrerako–, Alicen gelditu baten ondotik Maitane Etxeberriak egin du 10-10ekoa lehen zatiko azken hatsean.

Lehen zati guztia atzetik joan ondoren –eta ez gol batengatik, baizik eta 3 edo 4ko diferentziarekin– bigarren zatia berdinketa batekin abiatzea sekulakoa izan da. Berdintasun hori ez da apurtu 36. minutura arte. Mariane Fernandesen partidako lehen golak –lehen zati oso apala egin du brasildarrak– Bera Bera markagailuan aurretik jartzeko balio izan du, partidan lehen aldiz.

Defentsa eta erasoa ondoen moldatu diren minutuak izan dira ondorengoak (Loidi eta Menendez handi egin dira defentsan), Maitaneren beste gol bati esker 15-13koa ezarrita. Lehen lerroko brasildarraren bertsiorik onena ere iritsi da (lau gol egin dita eta Gavilan pibotearekin ondo konektatu du), Anne Erauskin ere fin ibili da ate aurrean asmatzen (hiru gol), baita Laura Hernandez 7 metrokoan ere. Hau guztia, atepean Sempere jarri den arte.

Miriam Sempereren mamua

Bi goleko aldea motzegi izan da azken minutuetarako, Campos eta Amoresek Santiago eta Limaren testigua hartu baitute gola egiterako orduan eta gainera, 50. minutura arte ondo atera diren erasoak Semperek zapuztu ditu hortik aurrera. Berak eta bere presentziak. 7 metroko jaurtiketa gelditzen hasi du erakustaldia, ondoren bi kontraeraso gelditzeko. Illunbeko mamuak ere agertu dira Gascan Maitane Etxeberriak, bere aurrean bakar bakarrik, baloia urrutira bota duenean.

Mariane Fernandes agertu da orduan –baita defentsa sendo eta Gascaren infernu izaera ere– eta 23-21ekoarekin lasaitasun apur bat jarri du. Bi goleko errenta donostiarren alde zela iritsi da partida azken bost minutuetara eta Emma eta Gavilanen arteko konexio ederra, lehendabizi, eta ondoren Esther eta argentinarraren artekoak, lau golera handitu du abantaila (25-21). Argentinarrak, lehen zatian kaskar aritu den arren, bigarren zatian eginiko bost golekin sentsazioak txukundu ditu (6 gol orotara).

Gakoa izan dira aipatu gol horiek. Frustrazioa eragin dute Atletico Guardesengan –bi eraso jarraian galdu ditu– eta Mariane Fernandesek, beste bi golekin, galiziarren zauria handitu du eta gaizki hasi duen deman golegile nagusi izaten bukatu du.

Fitxa teknikoa:

Super Amara Bera Bera: Silva, Etxeberria (2), Arcos (1), Arrojeria (1), Gavilan (6), Fernandes (7) y Hernandez (4 p.) –hasierako zazpikoa- Tapia, Menendez (1), Boada (2), Erauskin (3). Deialdian: Aalla, Polonio, Urretabizkaia eta Bautista.

Mecalia Atletico Guardes: Carratu, Moreno, Lima (4), Cifuentes (3), Gómez (3), Santiago (3) y Amores (5) –hasierako zazpikoa- Fernandez (3), Sancha (1) , A. Sempere (1) y M. Sempere (p.s.). Deialdian: Nieto, Lopez, Menendez.

Epaileak: Lorena Garcia (Aragoi) eta Aritz Zaragueta (Nafarroa). Gavilan eta Fernandes kanporatu zituen Bera Beratik eta Santiago, Amores eta Fernandez, Atletico Guardesetik.

Partzialak: 1-5, 3-5, 5-7, 6-8, 8-10, 10-10 –atsedenaldia- 13-13, 17-16, 20-18, 22-21, 23-21, 27-23.