NAIZ
Bilbo

Bilboko Guggenheim museoa guztientzako doan izango da asteburuan

Urriaren 22 eta 23ko asteburuan Bilboko Guggenheim museoak dohainik zabalduko ditu ateak mundu guztiarentzat, bere urteurrena ospatzeko helburuz. Sarrera ziurtatzeko, aldez aurretik erreserbatu beharko dira txartelak museoaren webgunean.

Guggenheimek gordeta zituen funtsak atera ditu bere 25. urteurrenean.
Guggenheimek gordeta zituen funtsak atera ditu bere 25. urteurrenean. (Oskar MATXIN)

Asteburu honetan, hau da, urriaren 22 eta 23ko asteburuan, dohainik ikusi ahal izango da Bilboko Guggenheim museoa. Aldez aurretik erreserbatu beharko dira txartelak Museoaren webgunean eta egun horietan sarrerarik gabe bertaratzen direnak tokia badago sartu ahalko dira soilik, ilaran zain egon ondoren.

Halere, museoak argitu duenez, informazio gehiago izan nahi dutenek 944 359 080 deitu dezakete, museoaren ordutegian.

Hortaz gain, BBKrekin batera, museoaren 25. urteurrena ospatzeko erakusketa berria dohainik bisitatzera gonbidapena zabaldu diete EAEko biztanleei sei astetan, hau da, urriaren 25etik abenduaren 2 arte. EAEn bizi direnek dagoeneko erreserbatu ditzakete sarrerak museoaren webgunean edo telefonora deituta.

‘Denontzako BBKartea para todos’ izeneko ekimena bat dator Museoaren Bilduma eraikineko erakusketa-gune guztietan ikusgai jarri duen jendaurreko aurkezpenarekin. «EAEko biztanle guztiekin partekatzea eta haiei esker ona helaraztea du helburu, bereziki museoari eman dioten babesagatik eta gizartean errotzen lagundu izanagatik, horixe izan baita erakundearen arrakastaren gakoa», museoaren esanetan.

Doako sarrera ugari jarri dira eskuragarri museoa irekita dagoen ordutegian erabili ahal izateko, hau da, 10.00etatik 19.00etara asteartetik igandera. Ordu-tarteak betetzen joan ahala, desaktibatu egingo da data eta ordu horiek hautatzeko aukera.