Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Peio Etxeberria: «Iaz kanpoan geratu izana kudeatzea kosta zitzaidan»

Zenotzeko aurrelariak ostiral hometan jokatuko du bere lehen partida Binakako Txapelketan titular gisa, Azkoitian, Rezusta atzelari duela, bere lagun Ezkurdia eta Martijaren aurka. 

Peio Etxeberriak aspaldiko ametsa beteko du gaur Azkoitian.
Peio Etxeberriak aspaldiko ametsa beteko du gaur Azkoitian. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Astelehen eguerdian jaso zuen Peio Etxeberriak urte luzez itxaron izan duen deia. Bigarren urtez jarraian Lau eta Erdiko bikain bat jokatu ostean, aurkezpenaren bezperan konfirmatu zion enpresak Binakakoa jokatuko duten Aspeko lau aurrelarien artean zegoela eta asteartean Iruñeko ekitaldian egon beharko zuela. «Ilusio handiarekin nago, halako dei bat jasotzea batzuentzat normala izango da baina niretzat sekulakoa izan zen, oso polita. Negu guztia onenekin lehiatzen aritzeko aukera daukat, 14 astez gutxienez jarraian jokatzeko aukera eta hori niretzat handia», azaldu zigun Zenotzekoak. 

Objetiboki begiratuta, iaz agian aurten baina emaitza hobeak lortu zituen, zeren Lau eta Erdikoan laugarren izan zen oraintxe amaitu den txapelketan bezala, baina iazko udan San Fermin torneoa ere eskuratu zuen, Jose Javier Zabaletarekin bikotea osatuz. «Ez da nire esku dagoen zerbait, azkenean zuk zure esku dagoena kontrola dezakezu eta ahalik eta hobekien egin eta gero erabakia beste batzuena da. Enpresari eskertua nago aukera hau eman izanagatik eta nire aldeko apustua egiteagatik», gaineratu zuen.

Aurten, ordea, badirudi Aspek jerarkiei garrantzia kendu eta uneko sasoia lehenetsi dutela, txapelak dituzten pilotariak Irribarria edo Elezkano kasu, kanpoan utzi eta kaiolan lau onenen artean izan diren Peio Etxeberria eta Elordi sartzeko. «Aurten kanpoan utzi izan baninduten desberdina izango zen. Nik uste iaz barruan ez egotea kudeatzea kostatu zitzaidala, oso negu txarra egin nuen, eta aurten beste era batera hartu nuen kontua. Barruan egotea tokatuz gero aukera zoragarria izango zen eta kanpoan geratuz gero, lanean jarraitu beharko nuke, hor nagoelako eta egunen batean nire atea joko zutela banekielako», adierazi zuen ultzamarrak.

Rezustarekin oso gustura

Jarri dioten atzelariarekin ere inolako kexurik ez du, Beñat Rezusta kantxan oso pilotari segurua delako eta batez ere, frontoitik kanpo are eta hobea dela uste duelako. «Beñatekin oso ondo, gainera harreman ona dut berarekin, aldagelan oso ondo eramaten gara eta nik uste hori oso garrantzitsua dela, ze 14 aste dira batera, bidaia asko batera egin behar, denbora asko batera entrenatzen eta oso gustura nago berarekin jokatzearekin».

Eta debuta berez berezia bada, parean Joseba Ezkurdia lagun mina izateak are bereziagoa egingo du Gurea frontoiko partida. «Partida guztiak izango dira zailak baina Josebaren aurka are gehiago. Argi dudana da bere aurka lehiatzen ari banaiz hori seinale ona dela». Arbizuarrak kaiolako finalean egotea eragotzi zion duela hiru bat aste eta Azkoitian du arantza hori kentzeko lehen aukera.