Iraitz Mateo Gogorza
Interview
Sustrai Colina Acordarrementeria
Bertsolaria

«Nahiko nuke jendeak mikrora hurbiltzen naizenean ‘kontuz, zerbait gertatu daiteke’, sentitzea»

Urruña, 1982. Seigarren Txapelketa Nagusia, seigarren finala. Inoizko bertso plazarik anitzena da egungoa urruñarraren iritziz eta bere marka utzi nahiko luke Iruñeko finalean.

Txapelketa bikaina egiten ari da Colina.
Txapelketa bikaina egiten ari da Colina. (Marisol Ramirez | FOKU)

Zazpigarren finala duzu aurtengoa, erraz esaten da baina...

Niretzat finalista eta gauza hauek ez dira titulu biziartekoak inondik inora; aldiro irabazi beharrekoak dira. Jendeak uste du gauzak horrela direla (finalista zarela), ez diren arte. Horretan denok oso memoria gutxikoak gara. Zerbait betikotzat jotzen dugu, eta egun batetik bestera aldatu eta jada egoera berrira ohitu gara, eta iruditzen zaigu egoera berria dela betiko mantenduko dena. Oso kontziente naiz horretaz eta badakit aldiro zerotik hasten dela txapelketa bat.

Nola bizi izan duzu aurtengo txapelketa?

Niretzat bi zati ditu: norbera kantatzen hasi aurrekoa eta txapelketa hasi ostekoa. Lehen fasean, entzun egiten duzu, sentitzen dituzu mila emozio, mendi errusiar batean zabiltza etengabe, zuk ere ez dakizu nola kokatu entzuten duzunarekiko, beldurra sentitzen duzu, pentsatzen duzu ez zarela gai izango haiekin jarduteko eta aldi berean haiekin zabiltza asteburuero… sentsazio kontraesankorrak, nahasiak sortzen dira eta nahi eta nahi ez bizi egin behar dira.

Bigarren fasea txapelketa hasten denean dator. Nik Irunen hasi nuen. Zorionez lehen saioa ongi atera zitzaidan eta, ondorioz, gerokorako emozionalki orekatuago nengoen; horrela, arreta bertsoan eta nik egin nahi nituen gauzetan jar nezakeen, errazago.

Eta prestaketa zein zatitan sartuko zenuke?

Txapelketa prestatzen aspaldi hasi gara denok. Denbora dexente daramat nik txapelketa prestatzen, batzuetan intentsitate handiagoarekin, baxuagoarekin… Etengabeko lan bat da, txapelketa aitzakia hartuta areagotzen dena, baina prestaketa ez da irailean hasten, nik behintzat ez dut irailean hasten. Beraz, lehen zatia baino lehenago hasten da. Nik uste Euskal Herriko txapelketa bat ez dela hasten irailean ezta bertsozalearentzat ere.

Baionako bakarkako lanari begiratuta, esperimentatzen zabiltzala esan genezake?

Nahiko nuke finalera aldarte horrekin joan, arriskatzekoarekin. Horrek ez du esan nahi kamikaze bat izatea. Uste dut plazan jarraitzen nauenak badakiela gustatzen zaidala jolastea, gauza ezberdinak probatzea, eta nahiko nuke hori erakutsi finalean. Eta nahiko nuke, batez ere, nire burua aldarte horretan sumatu, hegan egiteko aldarte horretan, badakit bestea ere tokatuko dela (lan egitea), finala luzea delako, baina nahiko nuke hegan egiteko aldarte hori bilatu eta sentitu mikrofonora hurbiltzen naizenean ‘power’ hori, ez? Ea nondik harrapatzen diodan honi. Nahiko garbi daukat niretzat jada bertso oso onak kantatzea ez dela nahikoa; horrez gain, jendea hunkitu nahi dudala bere zentzu zabalean, harritu, interpelatu, emozionatu… Uste dut bertsotan ez dugula guretzat bakarrik egiten; guretzat bai baina jendearentzat ere bai.

Euskal Herriko lau puntetatik datorrenean jendea, sarrera ordainduta, nik bilatzen dut jende hori joan dadila etxera bere ahalegin hori justifikatzen dion bertso batekin, ariketa batekin. Eta nahiko nuke batzuetan behintzat jendeak espero nauen tokietatik apartexeago ibili, topatu nazatela beste toki batean edo esan dezatela ‘ui!’. Nahiko nuke jendeak izatea sentsazio hori, mikrofonora hurbiltzen naizen bakoitzean: ‘Kontuz, zerbait gertatu daiteke’.

Finala egungo bere bizitokian izango da, Iruñean. Marisol RAMIREZ | FOKU

Aurten aldaketa egongo da oholtzan. Horrenbeste final bizkarrean dituen baten iritzia zein dugu?

Talde oso polita da. Berme artistiko edo bertsolaristikoak badauzkan talde bat da. Beste talde bat ere izan zitekeen eta berdin-berdin bermeak izan. Konponente ezberdinak dauzka: hiru emakume finalean lehenengo aldiz; nafar bat ere finalean aspaldiko partez; gazte-gazte bat -23 urtekoa finalean esango nuke aspalditik ez dela egon-; hiru belaunaldi badaudela esango nuke. Iruditzen zait asko abarkatzen duen argazki bat dela, eta horrek kointziditzen du, gainera, leku aldaketa batekin. Uste dut horregatik guztiagatik daukagula aldaketaren sentsazio hori oso presente.

Baina ez da erabat berritu, ez dira egon zortzi aldaketa, erdia baino gutxiago berritu da, batez besteko adinari erreparatuta ere ez da bereziki final gaztea. Ongi dator haize freskoa eta uste dut ongi dagoela gauza horiei arreta jartzea, badaudela datu esanguratsuak, esan ditudan horiek. Baina argazki bat da, eta jakin behar da argazki hori izan zitekeela beste bat, hobea edo okerragoa bakoitzaren gustuen arabera. Eta argazkiak irakurtzen jakitea bezain garrantzitsua da errealitatea irakurtzen jakitea. Kasu honetan, ez dut uste oso aparte daudenik momentu honetan plazako errealitatea eta finaleko argazkia, baina errealitateak dauka pisua.

«Bertsolaritza beharrean esango nuke jada bertsolaritzak daudela; plaza zirkuitua ez, zirkuituak daudela, pluralean»

Eta zein da errealitatea?

Errealitate horrek momentu honetan, nire ustez, aniztasuna du ikur. Bertsolaritza beharrean esango nuke jada bertsolaritzak daudela; plaza zirkuitua ez, zirkuituak daudela, pluralean. Eta batean izan zaitezke jainkotua, eta beste batean ez izan interesantea, eta hori geniala iruditzen zait. Zoragarria iruditzen zait bertsolari batentzat horrek sortzen duen motibazioa eta mugimenduarentzat sortzen duen aberastasuna.

Hankak ere lurrean jartzen dizkigu horrek. Txapelketa oso ongi dago, baina jendeak bestelako bertso saioak antolatzen ditu eta deitzen ditu gustatzen zaizkion bertsolariak. Oso ongi iruditzen zait. Bertso mugimendua uste dut hortik doala, eta niretzat hori da errealitatea eta badago jende bat inoiz txapelketako argazki horretan agertuko ez dena, baina plazako errealitatean beti edukiko duena tokia. Zorionez, momentu honetan plazako errealitatea ni bertsotan nabilenetik anitzenetakoa dela esango nuke: bai adinez, bai bertso moduz, bai plaza motaz. Osasuna hori da.

Oholtza gainean izandako aldaketak dabiltza ahoz aho, baina entzulea ere aldatu al da?

Bertsolari bakoitzak publiko mota bat erakartzen duela bistakoa da. Joanes Illarregi edo Aitor Bizkarraren adin bueltako jendea askoz identifikatuagoa sentituko da Illarregik edo Bizkarrak kantatzean guk kantatzen dugunean baino. Jende horri txapelketaren trenera igotzeko aukera eman zaio zale bezala, beren burua islatuta ikusi dute oholtzan. Era berean esango nizuke entzule helduak ere hor daudela, eta ez dakit zenbaterainoko aldaketak egon diren edo ez.

Aipatuko nukeen aldaketa nabarmenena da konturatzen ez garen aldaketa bat. 2001eko finalean nengoenean ez neukan mugikorrik, eta inguruko jende askok ere ez, eta ez zegoen Internetik mugikorretan. Orain topatzen duzu jendea Txapelketa Nagusiko finalaurreko bat ikusten, mugikorrean Lau eta Erdiko pilota partida duela; edo komunera ateratzen norbait kantatzen ari denean eta komunean saioa entzuten… gauza horiek aldatu dira.

Nahiko deigarria iruditu zaidan beste aldaketa bat puntuena da. Txapelketak beti dakar zenbakien jokoa, baina aurtengoa bezalakorik nik ez dut ikusi, irrigarri izateraino batzuetan. Iruditzen zait gizartearen joera bat islatzen duela. Badakigu zenbat ordu egin dugun lo, zenbat urrats egin ditugun, gure mugikorrak hori guztia esaten digu, eta orain bat-batean ganbarakoa hasi eta kronometroarekin gaude. Niretzat datuak dira, eta datuek esaten dute askotan zuk esanarazi nahi diezuna, interpretazioa da gakoa. Ziurrenik, publikoa baino gehiago, bertsoa entzuteko modua, txapelketa bizitzeko modua aldatzen du horrek. Horretara ohitu behar.

Finala Iruñean, zure bizitokian.

Bertsozale Elkartearen gauzak egiteko modua erakusten du: ausardia eta lurraldetasuna aintzat hartzea. Gauzak bere dimentsiotik atera gabe, baina oso ongi dago euskarafobia hain presente dagoen toki batean horrelako arnasgune bat sortzea. Inolako paternalismorik gabe diot hori. Ongi dago behingoz ez elkartzea manifestazio batean, elkartzea gure zauriak eta minak eta ametsak bizi ditzakegun ekimen batean. Uste dut horrek arnasa ematen duela.