NAIZ

Mondragonek ‘Bihar’ abiarazi du, adinekoak eta mendekotasuna dutenak etxean zaintzeko zerbitzua

Mondragon korporazioak ‘Bihar’ zerbitzua jarri du abian, adinekoak eta mendekotasuna duten pertsonak etxean bertan artatzeko. EAEn salduko dute zerbitzua momentuz, baina datozen urteetan estatuko beste erkidego batzuetara ere zabalduko dute.

Mondragon Korporazioak ‘Bihar’ zerbitzua aurkeztu du.
Mondragon Korporazioak ‘Bihar’ zerbitzua aurkeztu du. (Aritz LOIOLA | FOKU)

‘Bihar’ zerbitzua aurkeztu du Mondragon Korporazioak, adinekoak eta mendekotasuna duten pertsonak etxean bertan zaintzeko zerbitzua, alegia. Azaldu dutenez, «bere jarduera eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, baina 2025ean beste erkidego batzuetara zabalduko da». Enpresa berria «zainketen sektorean erreferentzia bihurtzeko ideiarekin jaio» dela adierazi dute. Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Iñigo Uzin Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko presidentea eta Hector Olabegogeaskoetxea ‘Bihar’ enpresako zuzendari nagusia izan dira aurkezpenean.

Zerbitzu berriaren «bokazio soziala eta epe luzeko apustua» azpimarratu dute denek, «datozen urteetako testuinguru demografikoan adinekoen zainketak funtsezko elementuak izango baitira». Nabarmendu dute dinamika hori «aukera bikaina» dela, «kolektibo horien beharrak asetzeari dagokionez».

Plataforma digital baten bidez

Azaldu dute ‘Bihar’ kooperatiba izango dela eta plataforma digital baten bidez egingo dutela lan, hiru atal izango dituena. ‘Bihar Home’ asistentzia kontratatzeko izango da, enpresak dagoeneko osatuta daukan lantaldeak eskainiko duena. ‘Bihar Shop’ atalaren bidez, produktuak erosteko aukera izango da, hala nola, ohe bereziak, besaulki egokituak edota mugikortasuna errazteko gailuak, besteak beste. Telefono bidezko arreta ere eskainiko dute, ‘Bihar Help’ atalean, zaintzaren edo mendekotasunaren inguruko zalantzak argitzeko.

Mondragon Korporazioak «zainketen ekonomia delakoaren erronkei erantzun bat eman nahi» diela adierazi dute, enpresa berriaren sorrerarekin. Hasiera batean, eredua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ezartzeko asmoarekin sortu dute proiektua, «presarik gabe, baina etenik gabe», ondoren hazi eta 2025ean espainiar Estatuko beste erkidego batzuetara esportatu ahal izateko.