NAIZ

Biziarteko kartzela zigorra ezarri diote 12 emakume bortxatu zituen polizia britainiarrari

David Carrick polizia britaniarrak gutxienez 30 urte eta 239 egun eman beharko ditu kartzelan. Biziarteko kartzela zigorra ezarri diote hainbat delitugatik, tartean 12 emakume bortxatu izanagatik.

Protesta egin dute epaitegiaren aurrean.
Protesta egin dute epaitegiaren aurrean. (Adrian DENNIS | AFP)

David Carrick Londreseko Polizia Metropolitarreko (Met) kideari biziarteko kartzela zigorra ezarri diote astearte honetan. Gutxienez 30 urte eta 239 egun bete beharko ditu, 2003 eta 2020 artean gutxienez hamabi emakume bortxatu eta abusatzeagatik.

Carrick 2001ean hasi zen polizia lanean, eta 2009an sartu zen babes parlamentarioaren eta diplomatikoaren komandoan. 49 karguren erruduntzat jo zuen bere burua (batzuek delitu bat baino gehiago zituzten), 24 bortxaketa kargu barne, Londresko Southwark auzitegian egindako epaiketan.

Bobbie Cheema-Grubb epaileak hainbat biktimaren testigantza entzun ondoren eman zuen epaia. Biktimek «munstrotzat» jo zuten erasotzailea, eta hainbatek beren borondatearen aurka atxiki zituela eta sexu-eraso «basati eta bortitzak» jasan zituztela azaldu zuten.

«Kondena hau erorketa ikusgarria da legea betearazteko ardura duen eta suzko arma bat eramateko baimena duen gizon batentzat», adierazi du epaileak. Magistratuak azaldu duenez, baldintzako askatasuna eskatu ahal izateko gutxienez 60 urtez bete beharreko kartzela zigorra 30era murriztu dio, akusatuak gertakariak onartu zituelako eta 2021ean atxilotu zutenetik behin-behineko espetxealdian igarotako denbora kendu diolako.

Carrick hasieran lanetik kendu zuten, eta joan den urtarrilean kaleratu egin zuten, jokabide larria izateagatik. Londreseko Polizia Metropolitarrak delituak egin dituzten agente askok eragindako sinesgarritasun krisiari aurre egin behar dio eta barkamena eskatu du Carrick lehenago ez identifikatzeagatik eta kanporatzeagatik.