Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Aljeriako Bidea, «indiferentziaren harresia»

Aljeria Balear Uharteekin, Levanterekin eta Ekialdeko Andaluziarekin lotzen duen bidea ezezaguna da, baina Estatu espainiarrera iritsi nahian migratzaile gehien hil diren ibilbidea da, Kanarietakoaren atzetik. Caminando Fronteras GKEak 1.583 heriotza zenbatu ditu 2018 eta 2022 bitartean.

Migrazio bide honetako pertsona gehienak mutil gazteak diren arren, askotariko taldeak daude; horien artean emakumeak eta familiak nabarmentzen dira, aunitz ama bakarrekoak.
Migrazio bide honetako pertsona gehienak mutil gazteak diren arren, askotariko taldeak daude; horien artean emakumeak eta familiak nabarmentzen dira, aunitz ama bakarrekoak. (CA-MINANDO FRONTERAS)

Mediterraneoa Europara heltzeko bide baino, harresi erraldoi ikusezin bilakatu da azken hamarkadetan. Bizitzak kolokan jartzen dituen murru zitala da. Estatu espainiarrera ailegatzeko bide guztien artean, Aljeriakoan hil da pertsona gehien bost urteotan, baina, paradoxikoki, ezkutatu egiten da. Bide honetan bertzeetan baino gehiago estigmatizatzen dira migratzaileak eta horrek kontrol sistemen biktimengan eta haien familiengan eragiten du, Ca-minando Fronteras erakundeak azaldu duenez.

Argi pixka bat egin nahian, GKEak txosten bat kaleratu du Aljeriatik Andaluzia ekialdera, Murtziara, Valentziara eta Balear Uharteetara doan ibilbide honen inguruan: “Indiferentziaren harresia, Mendebaldeko Mediterraneoko Aljeriako bidea” izena du eta Helena Maleno giza eskubideen defendatzaileak aurkeztu zuen Palman otsailaren 7an.

Urtebeteko landa lana

Gobernuz Kanpoko Erakundeak egindako urtebeteko landa lanean ez da falta Aljeriako itsasertzarekin izandako truke historikoen erreferentziarik: 1936ko gerran, hilabete behar izan zuten Stanbrook ontzitik 3.000 errefuxiatuak Aljerreko portuan lehorreratzeko; eta Menorcako jende askok herria utzi zuen geroago, 40 eta 50eko urteetan, gose zelako.

Ca-minando Fronteraseko ikertzaileek adierazi dutenez, lan hau egiterakoan izan duten sentsaziorik okerrena «ezezagutzaren harresi handiaz» ohartzea izan da. «Ikusezin egitea, estigmatizatzea, indarkeriaz tratatzea eta pertsonen eskubideak zapaltzea posible egiten du horrek». Azaldu dutenez, Estatu espainiarrean hagitz gutxi ezagutzen da Aljeria, eta gutxi horren barrenean sartzen dira itsasoa zeharkatzen duten pertsonei buruzko aurreiritzi guztiak. Era berean, Aljerian ere ezezagutza handia dago Estatu espainiarraz -eta bertako prozesu administratiboez, politikaz, erakunde sozialez-, eta horrek babesgabe uzten ditu pertsona migratzaileak eta haien sendiak.

Distantzia emozionala ere sumatu dute Mediterraneoaren bi bazterren artean. Egoera hori sustatzen dute, gainera, erakunde publiko batzuek, migratzaileen kontrol sistemaren parte bezala, Aljeriatik ateratzen diren pertsonak estigmatizatu eta haiek eta haien senitartekoek bidean sufritzen dituzten giza eskubideen urraketak ikusezin egiten laguntzen duten neurrian.

Zenbat eta bide luzeagoa, orduan eta handiagoa da arriskua.

Herrien arteko ezagutza

Herrien arteko ezagutza eraikitzea ere bada Ca-minando Fronteras elkarteak Balear Uharteetan, Andaluzia ekialdean, Murtzian, Valentziar Herrialdean, Estatu frantsesean eta Aljerian egindako ikerketaren helburua.

Migratzaileen bide honetako biktimen 28 senide elkarrizketatu dituzte; horietatik 15, emakumeak. Bidea egin duten 13 pertsona ere bai, tartean lau emakumezko. Lau lider edo komunitate buru; erdiak, andreak. Elkarte sozialen 23 ordezkari; horietatik 13, emakumeak. Eta administrazio publikoko zortzi ordezkari; horietatik sei, andreak.

Harraga: hesiak erre

‘Harraga’ hitza behin eta berriz agertzen da migratzaileen kontakizunean. 1990eko hamarkadan hasi zen migrazioei lotuta erabiltzen, eta 2006an protagonismoa hartu zuen mugak zeharkatzeko prozesuak izendatzeko, bai itsasontziz bai lurretik. Erranahia bera da dariyaz eta Aljeriako arabieraz: ‘erre’ erran nahi duen ‘haraqa’ hitzetik dator. ‘Harraga’ deitzen zaie paperik gabe bidaiatzen dutenei, migrazioen kontrolaren horma pasatzen ausartzen direnei. Profilak aldatzen ari dira eta hasieran gizon gazteei erreferentzia egiten bazien ere (aunitz nerabeak, Maroko eta Aljeriakoak), azken hamarkadan kontzeptua zabaldu egin da eta bertze nazionalitate batzuk eta emakumeen migrazioak ere barne hartzen ditu.

Pertsona migratzaileen jatorria, bidea eta helmuga da Aljeria. 2006tik aitzinera ugaritzen joan ziren irteerak herrialdearen kostaldetik, bi bide nagusitatik: Mendebaldeko Mediterraneoa, Espainiar Estatuko Levante aldera, eta Erdialdeko Mediterraneoa, Italiara.

2008an, Aljeriako Estatuak atzerritarren sarrera, zirkulazioa eta irteera arautu zituen, ikuspegi zigortzaile garbiarekin. Ondorengo urtean, estatutik ateratzen zirenei kartzela eta isunak ezarri zizkien.

2012tik, gero eta jende gehiago ateratzen hasi zen Mendebaldeko Mediterraneoan, Levanteko kostaldea helmuga. Ca-minando Fronterasen azterketa Aljeriako ibilbideak 2018tik izan duen garapenean zentratu da, aljeriar ugari iritsi zelako orduan espainiar Estatuko itsasertzetara. Geroztik erregularki atera dira aljeriarrak Almeria aldera, Murtzia, Alacant eta Valentziara, eta ibilbide luzeagoa eginez, Balear Uharteetara.

Bide honetan, harraga gehienak aljeriarrak dira, baina badira, ehuneko txiki batean, Siria, Yemen, Palestina, Maroko, Ginea, Mali, Burkina Faso eta Kamerungoak ere.

Bidea zenbat eta luzeagoa, orduan eta arrisku handiagoa. Tipaza, Chlef eta Cherchell hirietatik Balear Uharteetarako bidea da adibidea.

Nola antolatzen dute? Nor dira?

GKEak migratzaileen errealitatera norbanakoen historien bidez hurbildu nahi duen arren, aljeriarrak bide hau hartzera eramaten dituzten egoerak multzokatzeko beharra ikusi dute, harragak nortzuk diren ulertzeko. Afrikako herrialde honetatik irteten diren herritarren irudia mutil gazte batena da, hedabideek eta administrazioek gaizkile gisa aurkeztua sarri. Estigmatizatu egiten dituzte. «Horrek arriskuan jartzen ditu giza eskubideak, eta babes berezia beharko luketen egoera zehatzak ez identifikatzea eragiten du».

Egia da gehienek 30 urte baino gutxiago dituztela, eta bakarrik bidaiatzen duten gizonen kopurua gainerako profilena baino handiagoa dela. Migrazio bide honetan askotariko taldeak daude, ordea, eta horien artean emakumeak eta familiak nabarmentzen dira, aunitz ama bakarrekoak.

Bakarrik bidaiatzen duten mutilen kasuan, pobretzea, esperantza falta eta eskubideen aldeko borroketako partaidetza daude alde egiteko faktoreen artean. Familietan, eskubide falta, osasunarekin, haurtzaroarekin eta emakumeekin lotua. Indarkeria matxista ere badago tartean.

Aljeriako bidean barna, kolokan egoten da pertsonen bizitza. Ez diete erreskate zerbitzuei abisatzen, arriskua hagitz nabaria ez bada, eta halakoa denean sarri ez dute bitartekorik laguntza eskatzeko. Bertzalde, Itsas Salbamenduaren protokoloak ez daude garbi eta arbitrarioak dira.

Ikerketaren emaitza bat pertsona ugari desagertzen dela baieztatzea izan da. Desagertu baten arrebak dioen bezala, «ez badituzte biziak ikusten, nola bilatuko dituzte hilak?».

BILAL, MINA ETA JUSTIZIAREN ALDEKO BORROKA

Bilal gizon argala baina indartsua da; betaurreko beltzen azpian ezkutatzen ditu lo egin gabeko gauen begi nekatuak. «Ia ez dut jaten, kafez elikatzen naiz, bera desagertu zenetik egia bilatzen dut soilik, etengabe. Hiru anaia ginen. Horregatik gure izenen siglekin sortu dut orria facebooken. Ederra da, ezta?». Anaia Aljeriako bidean desagertu zen 11 lagun zihoazen txalupa batean. 2021eko abuztuaren 21ean abiatu ziren.

«Bidaiatu zuela jakin nuenean egin nuen lehendabiziko gauza erakunde batera deitzea izan zen; langile batek bertze elkarte baten inprimakia bidali zidan. Hor hasi zen bilaketaren historia. Orri horiek bete nituen eta elkarteko pertsonarekin harremanetan segitu nuen. Gauza aunitz erran zizkidan, desatseginak ziren eta beti aldatzen zituen. Hilik edo bahituta zegoela erraten zidan, adibidez».

Egia jakiteko bere konpromisoari esker bila ari ziren familia gehiago ezagutu zituen Bilalek. 2019tik, 2020tik... gehiegi ziren desagertutako pertsonak, eta maite zituztenak, erantzunik gabe. «Anaiaren desagerpenaren harira lapur ugari dagoela jakin dut. Izugarri-izugarri-izugarri-izugarri pila. Familiak engainatzen dituzte agintariekin kontaktua dutela erranez, elkarteak direla, GKEak. Ez dakit zer gertatu zen anaiarekin itsasoan gertatu zelako eta inork ez dakielako zer dagoen itsasoan, baina sendien minaz aprobetxatzen diren pertsonen istorioez mintza naiteke».

Bilalek senide horiei laguntzen die. Desagertutako pertsonenganako konpromisoak mugitzen du, baita gazteei etorkizunik eskaini ezin dien herri baten minak ere. Ez du isildu nahi. Estatu espainiarreko legeez eta Nazio Batuen Erakundearen hitzarmenez ikasi du, mugetako biktimen berri du eta migratzaileen bideetan gertatzen dena zabaltzen du sare sozialetan. Aljerian, nerabezarora iristen direnean, Europarekin amesten hasten dira, bizi on baten bila. «Aljerian, gazte gehienek itsasoa dute buruan. Goizean atera, ingurura begiratu, eta ahal duten bezala moldatzen dira, gauza txikiekin, baina ez dago gerorik. Ez, ez dute gazteek bakarrik alde egiten. Gurasoek, emazteek ere ospa egiten dute orain; lehen ez zen hori gertatzen. Hainbertze dira joaten direnak... denak joaten dira».

«Familiak ez daude antolatuta. Ahal dugun bezala antolatzen dugu geure burua, eskutik goaz, ministerioetara joaten gara, baina beti daude familiak bakean uzten ez dituzten iruzurgileak».

Bilalek argi du agintariek dutela ardura eta hori agerian jartzeko arriskua hartzen du. Bere bizitza horretaz ikertzea da 2021eko abuztuaren 21 hartatik. «Agintariei eskatzen diet desagertuen espedienteak ireki eta haiez hitz egiteko, hemen, Aljerian, ez agintariak ez hedabideak ez baitira haietaz mintzo».

SALMA ETA DIASPORAREN LIDERGOTZA

Gaztea izan arren, ahots sendo eta argiz erantzuten du Salmak osabaren historiaz galdetzen diotenean. «Dei bat jaso genuen Aljeriatik Espainiara ongi ailegatu zela eta bila joan behar genuela erranez. Ez genekien joan zenik ere, baina norbaitek bazekien eta gure buruari erran genion: ‘Ongi dago, printzipioz iritsi da, bila joan behar dugu’. Horrela jakin genuen, deitzen saiatu ginenean ez zigulako erantzun».

Salmaren osaba 2022ko urtarrilaren 2ko arratsean atera zen. Patera batean zihoan bertze pertsona batzuekin, hainbat herritakoak, denak Aljeriakoak, marokoar bat salbu. Familiak ez daki 17 edo 15 lagun ziren. Horietako batzuk bizirik atera ziren eta osaba desagertu zela kontatu zieten.

Senitartekoek bilaketa hasi zuten: Almeriara joan ziren, txalupa lehorreratu zen lekura. «Poliziarengana eta Gurutze Gorrira jo genuen. Ez ziguten erantzun zehatzik eman: zein ontzi atera ziren eta zeintzuk iritsi ziren zekitela soilik, bilaketaren abisu txiki bat jar genezakeela paperean. Halaxe egin genuen. Sare sozialetan eta elkarteetan plazaratu genuen; hori izan zen guztia. Ezin genuen gehiago egin, ez zegoen gehiago egiterik».

Bidaia hartatik bizirik atera zirenek beren testigantza eman zuten sare sozialetan. Aljerian dauden pertsonen eta diasporan daudenen arteko antolaketa giltzarria izaten ari da desagertutako lagunak bilatzen hasteko.

«Nahi nuke agintari aljeriarrek begiak ez ixtea, badakitelako zer gertatzen den. Agintari espainiarrek berdin, ez dute ikertzen, migratzaile gehienak ez direlako Espainian gelditzen. Espainiarrek pentsatuko dute ez dela beren arazoa. Baina jarraibide bat egon behar da: nora jo desagerpen bat salatzeko, eta gero kontaktu bat izan berriak jakiteko. Nahi nuke estatuek bertze aldera ez begiratzea, bidaia hau egiten duen jendeari bizkarra ez ematea, denek baitakite min honetaz, baina inork ez du deus egiten», dio Salmak.