NAIZ

Iker Serranoren ‘Haitz_erroa’ artelana jasoko du Monzon-Ganuza sari gisa Xabier Amurizak

Iker Serrano artista iruindarraren ‘Haitz_erroa’ artelana jasoko du Xabier Amurizak, III. Monzon-Ganuza sari modura. Olio-pintura eta arte digitala uztartu ohi ditu Serranok.

Iker Serrano artista iruindarraren ‘Haitz_erroa’ artelana.
Iker Serrano artista iruindarraren ‘Haitz_erroa’ artelana. (IKER SERRANO)

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen dute Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria, Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzeko eta, hirugarren edizio honetan, Xabier Amuriza bertsolari, idazle eta euskalzaleak jasoko du saria. Sari banaketa martxoaren 16an egingo da, Bergarako Seminarixoan.

Saria artelan bat izan ohi da, urtero artista ezberdin batek egiten duena, eta aurtengoan Iker Serranoren ‘Haitz-erroa’ obra izango da. Sariketatik azaldu dutenez, autoreak euskarak mendeetan zehar irautea harriaren gogortasunarekin lotu nahi izan du eta ‘haitz’ hitzaren erroa zein doinua aipatzen ditu euskararen jatorriari erreferentzia egiteko.

«Bere pinturarekin haitza, aizkora, horien zorroztasuna eta antzinatasuna lotzen ditu (euskararekin ere lotura bilatuz bide horietatik). Iragana, oraina eta etorkizuna iradokitzen ditu espazioan kokatu dituen hamar harri zorrotzekin», azaldu dute.

Iker Serrano.

Epaimahaiak balioan jarri du artista iruindarrak artearen barruan «begiratzeko modu desberdinak» eskaini izana. «Figurazio kolorista baten bidez, pintura-ingurunean bertan oinarritutako lana egin du, autoreferentziatik artista gisa duen esanahia zalantzan jarriz, bidaiaren ideiarekin, pinturarekin, arketipoarekin eta subkontzientearekin lotura estua duten elementu narratiboak erabiliz». Hala, autorteak «ikuspegi denboraz kanpokoa, telurikoa planteatzen du, unibertsoari eta haren memoriari irekia».

«Denboraren, kultura-denboraren, denbora geologikoaren gainean margotzen du, baina baita guri buruz hitz egiten duen denbora bat ere, gure espazio minerala, gure arrastoa homo faber gisa eta hori guztia, pintura garaikidetasunetik antzina-antzinako praktika aldarrikatuz», azaldu dute.