NAIZ

Xabier Amurizak jasoko du III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria

Xabier Amuriza bertsolari, idazle eta euskalzaleak jasoko du III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria, euskal kulturari egindako bizi osoko ekarpenagatik. Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen duten sariak Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren baloreen zabalkundea du oinarri.

Xabier Amuriza, 2021ean, Etxepareren gaineko liburu baten aurkezpenean.
Xabier Amuriza, 2021ean, Etxepareren gaineko liburu baten aurkezpenean. (Aritz Loiola | FOKU)

Olaso Dorreak eta Bergarako Udalak Xabier Amuriza bertsolari eta euskalzaleari eskaini diote III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria. Sariak Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren baloreen zabalkundea bilatzen du eta euskal kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du xede.

Ohar bidez azaldu dutenez, Amurizaren ibilbideak bat egiten du Monzon eta Ganuzaren baloreekin, «bizi osoko ekarpen oparoa» egin baitio Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari.

Gogora ekarri dute, esaterako, 80ko hamarkadan bertsogintzari ekarri zion berritasuna. «Seguru aski ezinezkoa da egungo bertsolaritza modernoa ulertzea bere ekarpena kontuan izan gabe. Bai hizkera arloan, bai bere irudi eta metafora-mundu poetikoaren erabileran eta, oro har, bertsoak egituratzeko moduak (ordu artekoak ez bezalakoak), iraultza suposatu zuten bertsolaritzan», nabarmendu dute. Neurri eta doinuetan egindako ekarpena ere aipatu dute.

Helduentzako bertso eskoletako lehen ikasmateriala (‘Zu ere bertsolari’ eta ‘Hiztegi Errimatua’) Amurizak apailatu zuela ere ekarri dute gogora, eta horrekin bat «bertsotan aritzeko jaio egin behar da» ustea irauli zuela goraipatu dute.

Euskal Herriarekiko adierazi izan duen konpromisoan ere jarri dute begia, frankismo garaian apaizen mugimenduaren sustatzaile izan baitzen Amuriza (horren ondorioz zazpi urte egin zituen preso Basauri eta Zamoran) eta politika arloan ere aritu zen, Zornotzako Udalean hasi eta 80ko hamarkadan Gasteizko legebiltzarrean legebiltzarkide izatera iristeraino, Herri Batasunaren izenean. Hain zuzen, 82an berriro atxilo hartu zuten Bizkaiko Juntetxean, errege espainolaren etorrera zela eta HBko beste ordezkariekin batera ‘Eusko Gudariak’ abesteagatik.

Kultur arloan ere ibilbide aski ezaguna du Amurizak. ‘Egin’ egunkarian ‘Telefono Gorria’ idazten zuen, itzulpengintzan ere badu ibilbidea eta hainbat eleberri, narrazio, olerki liburu eta saiakera idatzi ditu. Bereak dira, era berean, euskal kantugintzako hainbat kopla ezagun, ‘Euskal Herrian euskaraz‘’ edo ‘Mendian gora haritza’ ezagunak tarteko.

Azken urteetan hainbat sari bildu ditu Amurizak, besteren artean Lauaxeta eta Manuel Lekuona sariak. Azken hori jasotzean, NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan egin zuen bere ibilbidearen errepasoa.

Monzon-Ganuza saria martxoaren 16an jasoko du Bergarako Seminarixoan egingo den ekitaldian, 18.30ean. Saria artelan bat izan ohi da eta antolakuntzak martxoaren 1ean jakinaraziko du aurten nork egingo duen Amurizak jasoko duen saria.