Amagoia MUJIKA
BERRIZ
Elkarrizketa
XABIER AMURIZA
BERTSOLARIA

«Konturatu ere egiten nintzen zerbait berria egiten ari nintzela»

Eusko Ikaskuntzaren 2019ko Manuel Lekuona saria jasoko du, «bertsolaritza modernoaren erreferente absolutua» dela ulertuta. Plazatik erretiratu eta lau urtera, berezkoak dituen gaitasunak bizi mantentzen ditu; hausnarketarako gaitasuna, sortzeko gogoa, mundua patxadaz behatzeko gustua.

Mundua hankaz gora jarria ez balego –akaso lehenago buruz behera zegoen arren–, gaur jasoko zuen Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Sariarenak itxaron egin beharko du, baina beti da une egokia Xabier Amuriza entzuteko. Berrizko Andikoa auzoan paratu duten bake-lekutik –Anbotok, Udalatxek, Aizkorrik eta Urkiolak besarkatzen dutela–, goitik begiratzen dio munduari, baina badu mundu horren sustraiak ikusteko gaitasuna.

Eusko Ikaskuntzaren 2019ko Manuel Lekuona saria jasoko duzu. Nola hartzen dira horrelakoak?

Urteen buruan, pozik. Ni orain bertsolaritza aktibotik, bat-batekotik, aparte nabil. Beste gauza batzuetan aritzen naiz. Adibidez Korrontzirekin koplagintzan, abestuz, ibiltzen naiz eta disko bat ere aterako dugu. Bat-bateko bertsolaritza da nik utzi dudana, plazakoa. Idazten ari naizela bertso idatziak sortzen bazaizkit edo kantaren bat eskatzen badidate... horretan banabil. Baina zirkuitu horretatik erretiratua nago. Saria ez nuen itxaroten, uste dut inork ez duela horrelakorik itxaroten. Banekien izendatuen artean nengoela, baina... Eusko Ikaskuntza gainera erakunde garrantzitsua da Euskal Herrian, ospe bat dauka, itzal handi bat eta poza hartu dut. Poza saria hartzen duzunean eta poza ikusten duzunean jendea poztu egin dela, lagunek eta ingurukoek pozik daudela adierazi didate.

Bertsolaritza modernizatzen egindako lana nabarmendu dute; «erreferente totala» zarela eta bertsolaritza modernizatu zenuela esan dute. Horretan ari zinenean zure gogoan ez zegoen gerora zutaz zer kontatuko zen, ezta?

Gustatzen zitzaidan arlo bat zen eta zerbait eman nezakeela ikusten nuen. Konturatu ere egiten nintzen zerbait berria egiten ari nintzela. Errima hiztegia egiten ari nintzenean eta Txirritak –izan den jenioarekin– errima posibleen %10 bakarrik erabiltzen zuela esan nuenean, banekien zer esaten nuen. Banekien errimak asko zabalduko zirela. Kontzeptuetan, doinu berrietan, euskara batuaren hautuan... konturatzen nintzen artean egin gabe zeuden gauzak egiten ari nintzela.

Kontrako ahotsak pizten zirelako ere konturatzen zinen.

Bai. Horrekin konturatu nintzen batez ere lehen txapela irabazi eta gero. Aurretik entzuten nuen politikoa nintzela, apaiz ohia, kartzelan egondakoa... tira, enfrentamendu ideologikoak ere baziren eta ulertzen nituen kritika horiek. Baina behin txapela irabazita, bertsolaria nintzela zalantzan jartzeak amorratu egin ninduen. Orduan, nik zertarako irabazi nuen txapela? Horrek piztu eta haserretu egin ninduen. Koldar samarra ere banaizenez eta aurrera egin behar denean atzera egiteko joera dudanez, hor bertsolaritza uztekotan ere egon nintzen. ‘Nik zertan ibili behar dut borrokan?’, pentsatzen nuen. Horrelako banaketa bat dagoenean zuk horien aurrean aritu behar duzu bertsotan, bertso-afarietan, herri-bazkarietan... eta zure kontrakoak han egoten dira eta esan egiten dizkizute gainera. Gero, behin joanda, publikoa irabazi egiten nuen. Batzuk hurreratu ere ez ziren egiten, ni kritikatu ninduten asko ez nituen nire bertso saioetan ikusi. Baina hori ere gertatu zen. Horrek zer ekarri zuen? Aurrera egin behar nuenez, amorru horrek piztu egin ninduen, eta joan eta irabazi egin nuen. Pixka bat Xalbadorri txistuekin gertatu zitzaiona.

Epaile zinen Xalbadorri txistu egin zioten saio hartan.

Bai, epaile nintzen. Txistu horiek entzun ez balitu, Xalbadorrek ez zuen egingo ondoren egin zuen bakarkako saioa. Horrelako saiorik ez da egin. Hark saio jeniala kantatu zuen, amorraturik eta umiliatuta sentitu zelako. Eta behera egin beharrean gora egin zuen. Erreakzio hori sentitu nuen nik ere lehenengo txapelarekin. Eta oso ondo atera zitzaidan. Amorru puntu horrek indartu egin ninduen, baina bertsolaritza uzteko kinkan egon nintzen.

Eskerrak ez zenuen utzi.

Tira, ez nuen utziko eta arrazoi handi bat emango dizut: “bizibidea” berba duina da. Niretzat bertsolaritza bizibidea izan da batez ere. Ni kartzelatik atera nintzenean bizibide bat behar nuen. “Egin” egunkarian hasi nintzen lanean, baina han ere arazoak sortu ziren eta atera egin nintzen. Niri bertsolaritzak bizibide bat ziurtatzen zidan. Hori zen nire arrazoi handietako bat. Gainera ekarpena egin nezakeen, euskararekin lotura zuen, nire ideiekin... baina sakon-sakonean bizibidea zen. Ni bertsolaritzan ez naiz ibili gehigarri moduan. Osoa ez, baina erdia baino gehiago bizibide bat izan da. Eta bizibidea gauza duina eta serioa da. Eta 75 urtera arte ez nukeen jarraituko segur aski bizibidea izango ez balitz. Lehenago utziko nukeen bertsolaritza, baina ogibide bat izan da eta jarraitu egin behar izan dut.

Maiatzaren 3an 79 urte beteko dituzu. Lau urte plazak utzi zenituela. Falta sumatzen duzu?

Zerbaiten falta sumatzen dut, batez ere zirkulu sozialarena. Baina, beste alde batetik, urteak ere aurrera doaz, ni oso animalia territoriala naiz eta nire territorioa mugatuz doa urteekin. Nik aukeratzen ditut nire harreman sozialak orain eta ez ditut asko behar. Lehen beharrezkoak ziren harreman horiek, ibilian, eta oso gauza politak eta atseginak sortzen ziren. Horrek bazuen gainera adikzio puntu bat ere. Baina adinarekin ez zara atzera-aurrera hain erraz ibiltzeko gai, urduritu ere gehiago egiten zara.... bukatu zen eta beste harreman sare txikiagoa dut orain. Baina lasaitasun izugarria daukat, ez daukat ardurarik, kezkarik, nire burua jokatu beharrik.

Manuel Lekuona sariaren harira zure biografia txiki bat idatzi behar izan duzu. Bizitza errepasatu, haurtzarotik. Zein garrantzitsua den haurtzaroa zuretzat, ezta?

Haurtzaroa da bizitzak daukan abiapuntua eta itzulpuntua. Nik orain zerbait sentitzen badut, beti dago analogia bat haurra nintzela sentitzen nuenarekin. Kukua entzuten dudanean haurtzaroko kukua entzuten dut. Eta tartean 70 urte pasatu direla konturatzean, joño, hura eta ni bera naiz. Sentimendu horiek guztiek haurtzarora zaramatzate. Hori biologikoki normala da, han gauzatu zinen, hark markatu zintuen... haurtzaroa ez zaizu ahazten. Ni haurtzaroari buruz idazten hasiko banintz, xehetasun guztiekin, orduak eta orduak beharko nituzke. Baina beharbada azken hamar urteotakoak kontatzen... ez dakit, agian elkarrizketa batean kontatuko nituzke. Hor daude, baina atera egin behar dituzu. Haurtzarokoak ez. Nik mendia ikusten badut, haurtzaroko mendia ikusten dut.

Haurra zinela mendian bakarrik ordu asko ematen zenituen behiak zaintzen. Bakardadeak eta asperdurak pizten omen zizuten sormena.

Bai. Umea bakarrik utzi behar da, bakarrik egonarazi behar zaio. Ume guztiak aspertu egiten dira eta hor esnatzen da irudimena, nahitaez buruari eragin behar diolako. Nik elementu asko nituen, txakurra, basoa, harriak... Suposatzen dut niri horrek sekulako mesedea egin zidala. Hiru-lau ordu behiak zaintzen, basoan txakurrarekin bakarrik, zerbait egin behar duzu. Nik orduan egiten nituen asmazioak.

Horrek markatu zintuen.

Bai. Eta bakarrik egoteak kantatzea ere bazekarren. Nik asko kantatzen nuen jolas moduan. Nekizkien kanta guztiak kantatzen nituen. Erritual bat zen. Buelta bat eman eta behiak kokatuta zeudenean, txakurrarekin jolastu ondoren... eta orain zer egingo dut? Dakizkidan kanta guztiak kantatuko ditut. Baina, nondik? Arbola puntatik. Nahiz eta bakarrik egon, handik imajinatzen nuen mundu guztia ni entzuten ari zela. Orduan basoetan eta mendietan beti bazebilen norbait. Hori egiten nuen, pare bat edo hiru aldiz. Nekizkien guztiak: elizakoak, aitarenak, bertsoak, erdarazkoak... Horregatik izan ez balitz, akaso gero ez nukeen kantatuko.

Zure lehen plaza, zuhaitz punta hori.

Bai, Etxano aldera, Zornotza aldera... norbaitek entzun ere egiten zuen eta aitari edo amari kontatzen zion, ‘zuen mutikoak izugarrizko kantak kantatzen ditu’. Eta gure aita oso fantasiosoa zenez, hori kontatzen zuen gero toki guztietan.

Orain ere tontor batetik munduari begira. Andikoako txoko honetatik gertu dago Zaldibar. Miseria asko bistaratu da hor.

Bai, eta ekonomiaren funtzionamenduaren azpijoko zikin bat. Beti ari gara berritzen, ikertzen, aurrera egiten... eta ez gara gauza atzean uzten dugun hori kudeatzeko. Berritu, hazkundea bultzatu... etengabe entzuten da, baina zer egin atzean uzten dugun horrekin? Zaldibarren agertu dena hori da, aurrerapenarenaren izenean atzean uzten dena. Hainbeste berrikuntza dagoen garaian, ez dago modurik hondakinen kudeaketa ere maila berean aurreratzeko? Kezkagarria da. Aurrerapena besterik aipatzen ez den garaian hondakinak enpresa pribatuen esku uzten dira. Hori aurrerapenaren zerga latza da. Nora goaz aurrerapenaren gainean atzerapen zikin hori utzita? Zaldibarkoa gertatu eta gero, harrituta geratu nintzen esan zutenean orain Euskal Herrian ez daukagula hondakinak nora eraman. Hau da marka! Hori bakarrik zen eta horrek huts egin du? Ez dago alternatibarik? Nora goaz horrela?