NAIZ

CAFeko langile baten heriotza ez-traumatikoaren berri eman du LABek

Beasaingo CAF enpresan lanpostura zihoanean izandako istripu ez-traumatiko baten ondorioz 60 urteko langilea hil dela jakitera eman du LAB sindikatuak.

Lan istripuen aurkako elkarretaratzea.
Lan istripuen aurkako elkarretaratzea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hilaren 18an 60 urteko CAFeko langile batek heriotza ez-traumatikoa jasan zuela jakitera eman du LAB sindikatuak. Autoz Beasaingo CAF enpresako bere lanpostura zihoala hilaren 16an, ondoezik sentitu zen eta handik bi egunera zendu zen.

Azken horrekin, gutxienez hamabi dira aurten lan istripuen ondorioz hildakoak, eta, LABek dioenez, «badakigu gehiago direla, zifra horietan ez baitira kontuan hartzen, besteak beste, gaixotasun profesionalen ondorioz hildako langileak».

«Laneko istripu ez-traumatikoak, istripu guztiak bezala, kausa anitzekoak dira. Faktore pertsonalak, bizitzakoak eta lanekoak dira, besteak beste, faktore guzti horien oinarria. Horregatik, LABek beti eskatzen du laneko prebentzioaren ikuspegitik ikerketa bat egitea», gaineratu du sindikatuak.

Hildakoaren gertukoei elkartasuna adierazi ondoren, LABek nabarmendu duenez, beharrezkoa da laneko prebentzio sistema osasun publikoaren barruan integratzea: «Hala, prebentziotik abiatuta, politikak zehaztu behar dira, ikuspegi integralarekin, laneko arrisku faktoreak, lanaldien ordutegiak, adina eta, oro har, baldintzak identifikatu ahal izateko, eta beste batzuk osasunaren eta ongizatearen ikuspegi globaletik landu behar dira».

Lana, bizitza, baliabideak eta baldintza duinak behar dira laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko, LABen esanetan: «Hori guztia enpresetan eta lantokietan borrokatzen eta lantzen jarraituko dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da enplegu politikak aldatzea, lehentasuna laneko segurtasuna eta osasuna eta guztiontzako bizi-baldintza duinak izan daitezen».