Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Alaphilippe gabe baina Vingegaard, iazko txapeldun Daniel Felipe eta 22 euskaldunekin

Daniel Felipe Martinezek txapela defendatu nahiko du aurten, Ineosek talde indartsua ekarriko baitu Itzuliara. Tourreko irabazle Vingegaard izango da Jumboko liderra. Ion Izagirrek, iaz Arraten irabazi ostean, etapa garaipen bat bilatuko du. 22 euskaldun lehiatuko dira gorabehera handiko edizioan.

Eibarko Coliseo antzokian egin dute aurkezpen ofiziala.
Eibarko Coliseo antzokian egin dute aurkezpen ofiziala. (EH ITZULIA)

Tourrerako 100 egun falta badira, Euskal Herriko Itzulia gainean daukagunaren seinale da. Apirilaren 3tik 8ra bitartean Hego Euskal Herriko errepideetan goi-mailako txirrindulariak lehiatuko dira, nor baino nor, ibilbide gorabeheratsuan nor trebeago eta indartsuago den erakusten. Ostegun honetan egin dute aurkezpen ofiziala –protokolarioa ere dei daitekeena– Eibarko Coliseo Antzokian, lasterketa bukatuko den herrian, hain zuzen ere.

Maillot berrien aurkezpena eta Gasteizko irteera gunean egongo diren txirrindularien behin-behineko zerrenda iragarpena zela-eta, arreta handia bereganatu du ekitaldiak, zeinean Lakuako eta Nafarroako Gobernuko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari politikoak egon diren. Nabarmentzekoa, Bahrain Victorious taldeko kirol zuzendari Neil Stephens ere Eibarren izan dela eta baieztatu du Mikel Landa eta Pello Bilbaorekin irabaztera etorriko dela taldea.

Landa eta Bilbaorekin batera, hain zuzen ere, beste 20 euskal txirrindulari lehiatuko dira aurtengo edizioan. Ion Izagirrek, Cofidisekin, iaz Arraten garaile eta bigarren sailkapen nagusian, beste etapa garaipen bat bilatuko du aurtengoan ere, Jonathan Lastraren taldekidearen laguntzarekin. Alex Aranburu eta Gorka Izagirre Movistarren deialdian daude, Jon Aberasturi Trek Segafredorenean eta Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo Ineos Grenadiersen talde indartsuaren parte izango dira. Daniel Felipe Martinezek iazko garaipena defendatzeko egingo dute lan, Egan Bernal kolonbiarrarekin batera –istripu larriaren ostean, gutxika-gutxika, forma hartzen ari da–.

Pro Team taldeei dagokionez, Euskaltel Euskadik Mikel Bizkarra, Asier Etxeberria, Unai Iribar, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin deitu ditu (Joan Bou eta Carlos Canalek osatzen dute taldea); Kern Pharmak, Jon Agirre, Igor Arrieta, Iñigo Elosegi eta Ibon Ruiz; Caja Ruralek, Jokin Murgialday eta Jon Barrenetxea; Burgos BH taldearekin arituko da Ander Okamika lekeitiarra eta Total Energies-ekin Victor De la Parte gasteiztarra.

Guztira, 161 txirrindulari egongo dira irteera lerroan eta ausentzia nabarien artean, Alaphilippe frantziarra dago. Iaz, Vianako maldan, bigarren etapan, garaipenarekin egin zen. Aurtengoan ez da izango 2021eko Munduko txapelduna baina bere faltan, Tourreko egungo garaile Vingegaardek bereganatuko du arreta, bai eta iazko txapeldun Daniel Felipe Martinezek ere.

Jumboko txirrindulariak seigarren bukatu zuen iaz eta bigarren 2021eko edizioan. Egun, Pogacarri gauzak zail jartzeko gai den txirrindulari bakanetakoa da danimarkarra. Itzulian ez du arerio izango esloveniarra baina UAE taldeak Adam Yates ekarriko du lider moduan, Juan Ayuso, Davide Formolo, Brandon Mcnulty eta Marc Soler deialdian direla.

Richard Carapaz (Education First) txapeldun olinpikoa, Luis Leon Sanchez (Astana), Cristian Rodriguez (Team Arkea), Buchmann (Bora), Simon Yates (Team Jayco), Rui Costa (Intermarche), Remi Cavagna (Soudal Quick-Step) dira, besteak beste, aurtengo edizioan zeresana eman dezaketen txirrindulariak. Itzuliak ezustekorako tartea uzten du beti, beraz lehiakide guztiak hartu beharko dira kontuan.

99.000 euroko aurrekontua sarietan

Apirilaren 3an Gasteizen hasi eta hilaren 8an Eibarren bukatuko da itzulia, 6 etapetan banatuta. Berritasun nagusi gisara, azken etapa ez da bukatuko Arrateko mendatean –Espainia eta Frantziako usakume-tiro txapelketa dela-eta, hauek okupatu baitute eremua–, Eibarren erdigunean jarriko da helmuga.

Sei etapa hauetan 26 mendate, 19.777 malda eta 10.000 km baino gehiago igaro beharko dituzte txirrindulariek. Ez da erlojupekorik izango eta helmuga guztietan egongo dira bonifikazioak. Honi arreta berezia eman dio aurkezpenean Juan Mari Guajardok, «hasieratik, talde lanean oinarrituta, irabaztera joan beharko» dutela iritzita, espekulaziorik gabe. Viana-Leitza, bigarren etapa, izango da luzeena.

Ohi bezala, lau maillot nagusi egongo dira: sailkapen nagusian lider doanarentzat hori kolorekoa, puntuko sailkapenekoarentzat berdea, mendateetako liderrarentzat zuri eta gorria eta gazte onenarentzat, urdina. Hala, aurreratu dute sariei dagokionez, aurrekontua 99.000 eurokoa dela eta etapa garaile bakoitzak 4.000 euro poltsikoratuko dituela.