Arnaitz Gorriti

Fenerbahçe garaitu osteko euforia baretu bitartean, Baskoniak Valentzia bisitatuko du

Uneotan Saski Baskoniaren arreta Euroligak hartzen badu ere, ez da ahaztu behar ACB Ligako lidertzan dagoela, Bartzelona eta Real Madrilekin berdinduta. Valentzia Basket, aldiz, Euroligako aukera guztiak galduta itzuliko da ligara, asteon Belgraden eta Kaunasen jokatu ostean.

Vanja Marinkovic eta Buesa Arenako zaleek elektrizitate eztanda eragin zuten ostiral gauean.
Vanja Marinkovic eta Buesa Arenako zaleek elektrizitate eztanda eragin zuten ostiral gauean. (@EUROLEAGUE)

«Datorren astea etorriko da. Goza dezagun gaurko garaipenaz eta presta dezagun igandeko partida!» Horra Joan Peñarroyaren hitzak Fenerbahçe menpean hartu ostean. Lasaitu ederra hartuta, ohi baino apur bat euforikoago eta pozarren, nola ez ba, azaldu zen prentsa aretora Terrassako entrenatzailea. «Baskoniak azkenera arte onenen artean lehiatzeko eskubidea irabazi du», azpimarratu zuen teknikari katalanak, «joko ona eta Baskonia Izaera uztartzea» posible izan zelako ere oso gustora.

«Saskibaloia sehaskatik maite dugunok halako neurketak jokatu eta irabaztearekin egiten dugu amets, baita entrenatzaile lanetan hasi nintzenetik ere. Hemen ikusi den jokoaz, hemen sortu den giroaz, hemen bizi izan denaz guztiaz... gozatzen ez badugu, zertarako geunedeke orduan? Gure lana egin dugu, baina bizitakoaz harro egoteko moduan gaude gainera, gogoratzeko modukoa izan baita garaipen hau», gaineratu zuen.

Baina euforia hori orain baretu egin behar da, nahiz eta ACB Ligako etxeko lanak askoz aurreratuago dituen Saski Baskoniak Euroligakoak baino. Bartzelona eta Real Madrilekin batera, Joan Peñarroyarenak ACB Ligako lidertzan daude eta urtarrilaren 22tik hona partida bat galtzea zer den ez dakite.

Valentzia Basket txanponaren ifrentzua dela esan liteke. Talde taronjak bere burua Baskoniaren «ordezko» moduan definitu izan du hainbat alditan eta nolabait esatearren, txanponaren ifrentzua izatea uste eta nahi baino gehiagotan egokitu zaion iaz Joan Peñarroyak eta aurten alex Mumbruk zuzentzen duen taldeari.

Hala, Euroligako Top 8an egoteko aukerarik gabe geratu da talde valentziarra aste honetako neurketa biak galdu eta gero, eta hori gutxi ez balitz, Bojan Dubljevic kapitaina ere galdu dute belauneko lesio baten erruz. Hala, orain arte min hartuta egon den Kyle Alexander pibota jarriko du jokoan Alex Mumbruk Fonteta pabiloian igande gaueko 20.00etan hasiko den norgehiagokan.

Aldaketak eta atsedenak

Ostiralean Max Heidegger joko antolatzaileak ez zuen jokatu eta Darius Thompsonek atseden hartu zuen une labur horietan Markus Howard, Arturs Kurucs eta Vanja Marinkovic aritu ziren antolatzaile lanetan. Sander Raiestek eta Dani Diezek ere segundu gutxi batzuek baino ez zituzten jokatu, Steven Enoch pibota bigarren erdian kantxara atera ez zen bezala.

Gauzak ondo, eta Ostegun Santu gauez 21.00etan Asvel Villeurbanneren aurka Euroligako partida garrantzitsua jokatu behar dutela jakinaren gainean, Joan Peñarroyak ACB Ligako neurketa honetan aldaketei eta atsedenei bide emango die. Esaterako, Dani Diez jokalari madrildarra jokatzeko prest egongo da bi partidako zigorra bete ostean eta hala, joan zen igandean Bilbao Basketen aurka ez bezala, Dani Diezek eta ez Rokas Giedrasitisek beteko luke hegal-pibot postua. Esan gabe doa Darius Thompsonek atsedena behar duela, Giedraitis berak edo Maik Kotsarrek ere atsedena beharko lukeen moduan.

Esan gabe doa ere Saski Baskonia Valentzia Basketi irabazten ahaleginduko dela, baina egia da uneotan, ACB Ligako sailkapenari so eginez gero –20 garaipenekin eta buru-buruan arabarrak; 13 partida irabazita, zortzigarren valentziarrak–, gasteiztarren motibazioa uneotan Euroligan dagoela, talde taronjarena ACB Ligan dagoen modu berean.

Tamalez, Baskoniak oraindik Tadas Sedekerskisen baja nozitzen du eta luze joko omen du gainera. Valentzia Basketen, berriz, Bojan Dubljevicen bajaz gain, Klemen Prepelic, Sam Van Rossom eta Millan Jimenez gaztea jokatu ezinik daude, eta esan beharrik ez dago jokatzeko daudenak ere nekatuta izango direla asteon Belgraden eta Kaunasen jokatu ondoren eta aldartea ere hala moduzkoa izango dutela Izar Gorria eta Zalgirisen aurka Euroligan emaitza onik lortzeko aukera guztiak galdu ostean.