Gazte langileei zuzendutako eskubide gidaren gaurkotzea aurkeztu dute gaur Donostian LABek eta Ernaik.
Gazte erakundearen izenean, Pello Zabartek nabarmendu duenez, «gazteok belaunaldi krisia bizi dugu. Gure bizi baldintzek okerrera egin eta bizi eredu kapitalista eta patriarkala inposatzen zaigu, bizi proiektu duina garatzeko ezintasuna eraginez».
Ikasturte hasieratik egoera hori borrokatzeko ekimen ugari egin dituzte, herrietan, Gazte Topagunean edo beste eragile batzuen mobilizazioak indartuta.
Lan eskubideen gidaren berritzearekin bide horretan urrats berria eman nahi du Ernaik. «Gazte langileok zapalkuntza egoera partikularra bizi dugu. Ikasketak luzatzera behartuta gaude, lanak eta ikasketak uztartzea, zabor kontratuak gazte izate hutsagatik, kontraturik gabeko lana, langabezia altua, eta abar luze bat», azaldu du Zabartek.
Horregatik, gazte langileei zuzendatuko tresna zehatzen beharra nabarmendu du. Horrela, gidarekin eskubideei buruzko oinarrizko informazioa jaso ahal da, hortik aurrera eskubide horiek defendatzeko eta antolakuntzan ere aurre egiteko.
Maiatzaren Lehenaren inguruan gidaren lanketa egingo dute eta dokumentua sozializatzeko ekimenak egingo dituzte.
LABen izenean Oihana Lopetegik gaineratu duenez, gazte langileen krisi egoera ez da hobetu. Are gehiago, okerrera egin du prekarietate mota berriak agertu direlako. Prezioen igoerak edo zerbitzu publikoen eraispenak ere eragin zuzena dute gazte langileen egoeran.
«Egoera honek langileria gazteari tresnak eskaintzea eskatzen du. Horregatik ematen da LAB eta Ernairen aliantza eta horretan kokatzen da gida honen berritzea ere. Euren eskubideak jakiteko baliabide bat eskaintzen diegu gida honekin», azaldu du.
«Eskubideen jabe izateko, eskubide horien jakitun izan behar da lehenengo. Behin eskubide horien kontzientzia hartuta eskubideak borrokatzeko tresnak ere eskaintzen ditu gidak. Azkenik, eskubide murriztaile den marko hau gainditzeko deia egiten du, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioa defendatuz», gaineratu du LABeko kideak.
Lan erreforma
LAB eta Ernairen gida urtetik urtera berritzen da, baina azkenekoz egin zutenetik berrikuntza nabarmen bat dago: 2021eko lan erreforma. «Erreforma horrek eskaintzen dizkigun ustezko onurak desmontatzen ditugu. Benetako helburua eta filosofia azaltzen ditugu», nabarmendu du Lopetegik.
Kontratazioan izandako aldaketak jasotzen dira gidaren berrikuntzan, praktiketan eta prekaritatean arreta jarriz. «Behin-benikotasunarekin amaitzeko erreforma gisa saldu ziguten errefoma horrek estatistikak aldatu ditu, baina soilik estatistikak aldatzeko helburua zuen», gaineratu du, behin-behineko kontratuak beste mota batzuetakoekin ordezkatu direlako. «Estatistikak aldatu dira baina gazte langileen egunerokotasunak bere horretan jarraitzen du, prekario eta ezegonkor», azpimarratu du.
Kontratu bat irakurtzeko gakoak
Gidaren berritzearen beste ezaugarri bat lehen aldiz kontratu bat irakurtzeko gakoak biltzen dituen atala sartu dutela da. Gazte batek lehen kontratua sinatu behar duenean arreta non jarri behar duen azaltzen da.
Lopetegik azpimarratu duenez, kontratu askotan iruzurra da nagusi, ahoz esandakoa eta idatziz jasotzen dena bat ez datozelako. «Momentu horietan horrelako gida bat izateak langile horiek ahaldundu ahal dituela uste dugu».
Iruzur horien artean, dagokion kategoria ez azaltzea eta jardunaldi luzeagoak egitera behartzea dira ohikoenak. Egoera zaurgarriagoan egoten ohi direnak gazteen artean iruzur gehiago izaten dira.
Honekin batera, gidan langileen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren, hitzarmen kolektiboa non topatu daitekeen, kontraturik gabe lan egiten dutenen eskubide eta betebeharrak, lan kontratuen amaieran zer egin behar den eta abar jasotzen dira gidan.
Gidak bizilan.eus weborria hartzen du erreferentzia bezala, eta gai bakoitzean informazio gehiago jasotzeko QR loturak ditu. Gida bera LAB eta Ernairen web orrietan topatu daiteke. Hemendik aurrera gida gazte langileen artean ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa eta horretarako aurkezpen ugari egingo dituzte.
Dagoeneko bospasei urte hasi ziren elkarlanean LAB eta Ernai eta biek balorazio positiboa egiten dute. Ernairentzat lan munduan euren planteamenduak zabaltzeko aukera eman die. LABentzat, berriz, langile gazteengana heltzeko balio izan du.