Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

49.3 baliaturik Parisek inposaturiko erreforma salatu dute lasterka eginez

Frantziar Gobernuak onarrarazi zuen erretreten erreforma salatzeko protesta bizirik dagoela erakusteko, Hendaia eta Baionako tren geltokiak lotuz, 49,3 kilometroko ibilbidea osatu zuen atzo intersindikalak.

Borroken maratoiak hainbat etapa bero izan zituen; hala nola erreforma babestu duten hautetsien egoitzetatik igaro zenean.
Borroken maratoiak hainbat etapa bero izan zituen; hala nola erreforma babestu duten hautetsien egoitzetatik igaro zenean. ( Guillaume FAUVEAU)

Hendaian hasi eta Baionara iritsi arte 49,3 kilometroko borroken maratoia osatu zuen, atzo, intersindikalak.

Eguerdia pasatxo, batzuk lasterka eta beste batzuk bizikletan, hamarnaka lagunez osaturiko segizioa abiatu zen, «erretreta 60 urtetan» oihuen artean, kostako herriko tren geltokitik. Hiri barnean sartu ziren ondotik ekintzaileak, eta handik hondartzako auzora. Bertako Itsas Ospitalearen aitzinetik pasatu ostean, Hendaia atzean utzita, haien ibilbidea jarraitu zuten.

Peio Dufau tren langile eta CGT sindikatuko kideak NAIZi azaldu zionez, «ekimenaren helburua da gure haserrea erakustea eta 49,3 kilometroko ibilbidea eginez keinu bat egitea Asanblea Nazionalari».

Horregatik, sindikalistak zehaztu zuenez, hainbat «geltoki» markatu nahi izan zituzten Hendaia eta Baiona artean.

Hala, euskal hautetsiek Parisen erreformaren alde hartu duten jokabidea agerian jarri zuten lasterkariek, BABn (Biarritz-Angelu-Baiona) sartu eta berehala.

Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatu zentristen bulegoetara bertaratu ziren, baita Les Republicains alderdiko Max Brisson senatari biarriztarraren egoitzara ere.

Dufauk adierazi zuenez, «haien permanentzietara joan gara azken hilabeteetan gutxi ikusi ditugun hautetsi horiei geure kexa agertzera».

Borroken maratoia

Baionako tren geltokira heldu ondoren, arratsaldeko 19.30ak aldera, zuzien ibilbidea egitekotan ziren sindikatuak Lapurdiko hiriburuko karriketatik gaindi. Atzoko ekimena protesta moldeak etengabe berritzeko azkeneko lau hilabeteetan sindikatu eta gizarte eragileek erakutsitako gaitasuna baieztatzera dator. Noiz eta frantziar presidentea, Emmanuel Macronek, bere lehen ministro Elisabeth Bornek eta gobernuko hainbat ministrok arazo franko atzeman dituzten agenda aurrera eramateko, lapikoen hotsak entzun gabe.

Ekitaldiak itzaltzeko prest

Hain zuzen ere, gaur Futbol Kopako Finala kari, Frantziako Estadioan, Parisen, azaltzekoa den Emmanuel Macroni oharra egin zion, atzo, zeharka bada ere, intersindikalak.

Hala, argindar alorreko sindikatuetako kideek «borroka zabaltzeko» agertu duten asmoaren berri eman zuten sindikatuek Ipar Euskal Herrian. Roland Garroseko tenis txapelketa, Canneseko zinema jaialdia, 2024ko Olinpiar Jokoak Parisen... Hainbat hitzordu garrantzitsu izan zituzten aipagai, eta horiek «argirik gabe» igarotzeko arriskua hartzen duela ohartarazi zioten Gobernuko buruari.

Hain zuzen, azken lau hilabeteetan luzatu den borrokaren baitan, «argindar mozketak» burutu dituzte EDFko sindikalistek, esaterako, Donibane Lohizuneko eta Baionako udaletxeetan argi mozketa laburrak eraginez.

Edonola ere, CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek Maiatzaren Lehen «bateratu eta herrikoiaren alde» eginiko deialdiari aipamen merezia egin zioten borroken maratoiaren antolatzaileek.

Astelehenean, ohiko toki eta orduan –goizeko 10.30ean, Santa Ursulan–, hitzordua eman du intersindikalak. Deialdi hori babestera deitu dute beste hainbat eragilek, baita hainbat ñabardura eginez, LAB sindikatuak ere.

«Batasuna», LAB baztertuz

Deialdi hori indartzeko, ostegunean eginiko agerraldian, intersindikaleko bozeramaileek berriz ere errefusatu zuten LAB sindikatuak aliantza horretan sartzeko aste honetan berretsi duen eskaera.

Frantziar sindikatu «nazionala» ez denez, LABek aliantza horretan tokirik ez duela azaldu zuen intersindikalak.

Bazterketaren estrategia behingoz gainditzeko intersindikalari eskaera ofiziala luzatu zion, astelehenean, Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak.

Baionako Merkatu Plazan eginiko agerraldian LABeko ordezkariek azaldu zuten erretreten erreformak sortu duen urgentzia sozialari erantzuteko inoiz baino garrantzitsuagoa dela batasuna eta iragan urtarriletik honat sindikatuen arteko aliantzak ekarri dituen emaitzak goraipatu zituzten.

Horrendako, Maiatzaren Lehenean intersindikalak Baionan eman duen hitzordua babestu zuten Argitxu Dufauk eta Eñaut Aramendik, «LABen batasunean sinesten dugulako». Dena dela, betoa altxatu ezean, ibilbidea osorik ez dute beteko. Hala, momentu batean bloke nagusitik atera eta Merkatu Plazara joanen dira sindikatu abertzaleko manifestariak, bertan antolaturiko ekitaldian parte hartzeko.

Azkeneko hilabeteetan, manifestazioetan soilik ez, LAB sindikatuko kideak FSU eta Solidaires zentraletako kideekin batera elkarlanean aritu dira; hala nola, portuan, autopistan, saltegietan edo tren geltokietan eginiko blokeatze ekintzetan. Horren ulergaitzago bilakatzen du aspaldian LABi ezarritako betoa atxikitzea.