
Desinformazioak aurrera egin du eta gero eta pisxu handiagoa hartzen ari da, egia eta gezurra bereiztea zailtzen duten propaganda kanpaina ofizialen bidez. Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundea kexu azaldu da munduan prentsa askatasunak duen zailtasunen inguruan.
180 herrialdetako egoera aztertzen duen 2023ko urteko txostenean, Prentsaren Askatasunaren Munduko Eguna den honetan zabaldu duenean, RSFk atzerakada nabarmentzen du oro har. Hamar herrialdetik hiruk baino ez dute bizi egoera «egokia».
«Ezegonkortasuna botereak hainbat herrialdetan sare sozialetan eta mundu fisikoan kazetarien aurka duen gero eta agresibitate handiagoaren ondorioa da», salatu du Christophe Deloire RSFko idazkari nagusiak.
Deloirek desinformazio kanpainak ere aipatu ditu, «simulakroaren industria» definizioa emanez.
IA-ren eta Twiterren eragin negatiboa
Testuinguru horretan, Adimen Artifizial sortzailearen garapenak «hedabideen unibertso jada hauskorra astindu du». Elon Muskek Twitterren duen jarrera ere salatzen du ikerketak, «logika arbitrario eta zentsurazkoa muturrera eraman duelako». Horrek kazetaritza «harea mugikorren» amildegian uzten du, gaineratu du RSFko idazkari nagusiak.
Desinformazioarena gudu-zelai bat da, Ukrainako gerran elikatu dena. RSFk Errusia jartzen du jomugan, bere diskurtso ofiziala zabaltzeko «denbora errekor batean armategi mediatiko bat martxan jarri zuelako». Horrek herrialde hori RSFren sailkapenean 164. posturaino bederatzi plaza atzera egitea eragin du.
Ikerketak Ukrainan ere kazetari lanean jardutea inoiz ez dela hain zaila izan onartzen du, baina inbasioari leporatzen dio erantzunkizuna, ez Kieveko Gobernuaren aspaldiko noraezeari.
Prentsa askatasunaren egoera «oso larria» da 31 herrialdetan, «zaila» 42tan, «problematikoa» 55etan eta soilik 52 herrialdetan da «ona» edo «oso ona», ia guztiak Europan.
Norvegia da zerrendaburu zazpigarren urtez jarraian eta ondoren Irlanda dago, Finlandiaren atzerakadaz baliatu dena. Izan ere, Estatuaren sekretuak ezagutarazteagatik zigortutako bi kazetari daude bertan, eta Suedia ere zigortuta dago, iturrien konfidentzialtasuna zailtzen duen lege berri baten ondorioz.
Atzeratuenen egonkortasuna
Egonkorragoa da sailkapenaren beheko aldea: Ipar Koreak jarraitzen du azkena, Txinaren aurretik. «Munduko kazetarientzako espetxe handiena» eta «propaganda edukien faktoria nagusietako bat» da Asiako herrialde hori. Txinaren gainetik dago Vietnam, «kazetari eta esatari independenteen jazarpena indartu duena».
Erori direnen artean, AEBak nabarmentzen dira; bi kazetariren hilketak eragin negatiboa izan du Washingtonen sailkapenean (45).
Indian oligarken esku dauden hedabideen kontzentrazioak eta Turkiako hauteskundeen bezperan kazetarien aurkako errepresio gero eta handiagoak bi herrialde horiek egoera «oso larrian» utzi dituzte, eta Iranek jaisten jarraitu du, erregimenak Mahsa Amini gazte kurduaren hilketaren inguruko protesten aurkako errepresioa dela eta.
Tunisian ere beherakada handiak izan dira, «gero eta autoritarioagoa» den Kais Saied presidentearen eraginez. Peruk 33 postu galdu ditu, 110era arte, «kazetariek ezegonkortasun iraunkorraren zigorra ordaintzen baitute».
Albiste on gutxi daude. Nabarmenena Brasilen 18 posturen aurrerapena da (92. postua), Jair Bolsonaro presidente ultraeskuindarra boteretik irtetearekin eta Luiz Inazio Lula da Silva presidente ezkertiarraren itzulerarekin lotuta.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza
