Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Interview
Juan Jose Etxeberria
Deustuko Unibertsitateko errektorea

«Aldaketa handiak datoz; aukera bezala hartu eta jorratu behar dira»

Karguan hasi berri, azpeitiarra ehun urtetik gorako historia daukan Deustuko Unibertsitatearen erronken inguruan aritu zaigu. Aldaketa handien eskutik datozen garaiak aukera gisa ikusten ditu, «pertsona beti erdian» jarrita, balioetan heziz. Iragana irakasgai, oraina lanabes eta etorkizuna ardatz.

Juan Jose Etxeberria, Deustoko Donostiako campusean.
Juan Jose Etxeberria, Deustoko Donostiako campusean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Tolosan jaio zen bizitzak dauzkan txiripen kapritxoz; bere nortasun agirian hala dator, baita Deustuko Unibertsitateko web orri ofizialean ere. Baina erretore berriak argi dio: «Ni azpeitiarra naiz». Juan Jose Etxeberria (1966) jesulaguna Deustun «oso etxekoa» da. Ikasle hasi, irakasle izan eta orain erretorea da.

Donostiako campusean hartu gaitu. Elkarrizketa egin dugun gelarako bidean, pasilloetan langileek eta irakasleek agurtzen dute, kargu berriagatik zorionduz. Suelto sumatzen zaio, oratoriaren artea ez zaio arrotza. Deustuko Unibertsitatearen orainaz eta geroaz, demografiaz, teknologiaz, jesulagunez, orotariko galderei erantzun die, natural eta urrutiko ikusmiraz.

Zer moduz erretore karguaren traje berriarekin? Eroso?

Esker onez, jende askok jarri duelako konfiantza nigan. Alde batetik, Jesusen Lagundiak, Elizaren instituzio bat garelako. Eta, noski, unibertsitate honetako hainbat pertsonak. Etapa berria da eta gogoarekin nago zerbitzu moduan bizitzeko. Horrek markatu du nire ibilbidea, hori da Unibertsitate honen bokazioa: zerbitzatzea, gure gizartearekin bat egitea.

Deustuko Unibertsitateko leloak «mundua eraldatzen duten pertsonak» dio; baina nola eralda dezake mundua bere burua eraldatzen ez duenak?

Pertsonak eraldatzea erronka handia da. Ez da erraza. Balioetan heztea eskatzen du, formakuntza integral bat egitea Erronka handiak ditugu. Planetaren bideragarritasun ekologikoaren kinka, gerrak, migrazioak, bakearen beharra, edo, gure aldetik, Elizaren egoera. Unibertsitate bezala erantzun beharrean gaude, eta gizarte bezala ere bai.

Erronkak aipatu dituzu. Bata, bistakoa egiten zait: gero eta gazte gutxiago, gero eta herri adinduagoan, gero eta unibertsitate gehiagorekin. Hori nola ezkontzen da?

Egia da demografia erronka dela. Guk oraindik ez dugu nabaritu, azken urteetan ikasle kopuruan gora egiten jarraitzen dugulako. Baina seguru aski, iritsiko da momentu hori kopuruan behera egingo duguna. Horren aurrean egiten dugun aukera estrategikoa hezkuntza eskaintza dibertsifikatzea da. Gurean 18-24 urte bitartean mugitzen gara nagusiki, baina datozen urteetan horrekin bakarrik ezingo gara konformatu; beste formakuntza mota batzuk eman beharko ditugu, batez ere etengabeko formakuntzaren bidean. Hainbeste aldaketa datoz, beharko dugula etengabeko formakuntzan asmatu, baita online eta dual moduan ere. 18-24 urte bitartean eta beste adinetan horrelakoak bultzatu beharko ditugu.

Teknologiarena ere hor dago. Unibertsitate digitala, pandemiak utzitako irakaspenak, adimen artifizialak dena aldatuko duela... holakoak entzuten dira. Norantz doa aurrerabidea eta ze erronka ekarri ditu teknologiak?

Teknologia oso sartuta dago gure Unibertsitatean, eta pandemiak ekarri digun aldaketa izugarria izan da. Horrek ez du esan nahi lehen ez geundela mundu horretan sartuta, baina azken urteetan aldaketa teknologiko handiak eman dira Deustuko Unibertsitatean. Niretzat teknologia beti da aukera bat, baita adimen artifiziala ere; ez diogu beldurrik izan behar. Aldaketa asko ekarriko ditu eta, noski, dilema etikoak ere bai, hausnartu beharko direnak. Baina nik uste aukera on bat bezala hartu eta jorratu behar dugula. Gu horretan gaude. Teknologia, oro har, ez da bere baitan helburu bat. Tresna bat da. Gurean ez da teknologiaren adoraziorik egiten; badirudi batzuetan teknologia dena dela, eta ez, guk pertsona jartzen dugu erdian.

Unibertsitateetan ez al da gailendu hezkuntza errendimendura bideratzen duen pentsamolde anglosaxoia? Eta ez gara gai zentzu kultural eta harrotasun existentzial batez erantzuteko.

Merkatuak hori eskatzen dio hezkuntzari. Baina egun behar ditugun gazteak, pertsonak, eta enpresekin hitz eginda diotsut, balioak dituztenak dira. Hori eskatzen digute, ez bakarrik konpetentzia profesionalak, edo intelektualki oso ondo prestatuak egotea. Noski, hori behar da, baina baita elkarlanean jarduten dakiten pertsonak ere, lidergoa daukatenak, edo hitz egiteko eta idazteko gaitasuna dutenak, etikoki konprometituak, ingurugiroarekin, gizartearekin.

Egia da anglosaxoien unibertsitateak asko goratzen direla. Guk baditugu harreman batzuk, baina baita munduko beste bazter askokoekin ere. Latinoamerikan, adibidez. Orain dela gutxi Guatemalan egon naiz konbenioak egiten gure Medikuntza ikasleek praktikak han egin ditzaten. Afrikarekin ere ari gara. Badirudi Europan edo AEBetan egiten badira beste zerbait direla, baina mundua askoz ere zabalagoa da. Gure ikasleek zabaltasun hori ikustea eta ezagutzea aberastasun handia da.

Deustuko Unibertsitatean gora egin dute osasun arloko ikasketek (Medikuntza, Fisioterapia, Erizaintza). Ingeniaritzek ere bai (datuen analitika, adimen artifiziala). Ez dira garai onenak humanitateentzat, oso «Deustuko» izan diren ikasketentzat, ezta?

Normaltasunez ikusi behar da hori. Ez dut uste Zuzenbidean edo Ekonomian behera egin dugunik. Egia da osasun munduan gehiago sartu garela, Ingeniaritzak ere goitik dabiltza, aipatu dituzun berrikuntza horiekin interesak asko biderkatu dira. Baina Hezkuntzazko ikasketetan jende pila bat daukagu; Psikologian ere bai. Guk humanitateak ez ditugu inoiz baztertuko, gure eskaintzak hor segituko du, jakinez berritasunak etorriko direla. Deustuk badu sendotasun bat, memoria kondentsatua eta historia bat. 1886an sortu zen eta horrek laguntzen du: aldaketak egitea, berritasunei helduta baina tradizioak mantenduta.

Arantzazun frantziskotarrek ez dute erreleborik, beneditarrak Lazkaon, domingotarrak joan ziren Bergaratik; aro baten bukaeraren lekukotza ematen du joerak. Jesulagunek nola eusten diozue?

Jesulagunek lehen Europan eta AEBetan izaten zituzten bokazio gehienak. Euskal Herrian ere lehen asko ziren, pila bat. Jesusen Lagundiak jarraitzen du, baina bokazioak ez daude Euskal Herrian; orain, gehienbat, Indian, Indonesian eta Korean daude. AEBetan gorantz doaz, Afrikan mantentzen dira, Latinoamerikan hortxe-hortxe eusten zaio, baina bistan da beherantz doala Europan. Hori nabarmena da.

Nobiziatua, gure lehenengo formakuntza, Bilbon dago, eta badaude euskaldun batzuk, bat edo bi, baina oso gutxi. Gure adina nahiko altua da eta, urtero jesulagun pila bat hiltzen direnez, zaila da esatea mantenduko garela. Bada, ez, gutxitzen joango gara. Lehenago Euskal Herritik hainbat jesulagun joaten ziren Venezuelara, Erdialdeko Amerikara, Indiara, Afrikako Kongora... Etorkizunean beste toki batzuetatik etorriko dira eta hori ere biziko dugu.

Jesulagunak Nazareteko Jesusen jarraitzaileak zarete eta misio ekumenikoaren bihotzean pobreekiko eta baztertuekiko konpromisoa duzue; zer esango zenieke Deustuko Unibertsitatean ikastea oso garestia dela esaten dutenei?

Gehienbat ikasleek jartzen duten dirutik bizi gara, hori argi dago. Baina azken urteetan hainbat baliabide eta beka jarri ditugu pobreagoentzat. Adibidez, Arrupe bekak dauzkagu baliabideak ez dauzkatenentzat; %100a guk jartzen dugu; eskatzen dieguna da espediente pixka bat ona edukitzea. Ikasle afganiarrak hartzen ditugu, nikaraguarrak... Gure ikerketak eta pilatzen dugun jakintza saiatzen gara arlo sozialera bideratzen, pobreen aukeren alde, giza eskubideen alde. Harreman estua daukagu migranteen munduarekin; hor dugu Ellakuria Institutua. Caritasekin ere elkarlanean gabiltza. Egia da tasak altuak izan daitezkeela, baina behartsuekin daukagun konpromisoa argia da.

Gurea herri txikia da, baina unibertsitate ekosistema aberatsa du. Nola moldatzen zarete? Lehian ala elkarkidetzan?

Elkarkidetzan, eta hori gauza ona da. Noski, ikasleak toki berean daude eta denok jarriko dugu gure onena ahalik eta gehien erakartzeko. Elkarlana dago, sinergiak ikerketa munduan, nazioarteratzean, enpresekin dauzkagun harremanetan. Deustu, Mondragon eta EHU, eta sortu den unibertsitate berria ere espero dut, saiatzen gara, ahal den neurrian elkarlan horretan.

Harritu nau zenbat euskara entzuten den Donostiako campus honetan. Euskara arnasten da eta euskarak arnasten du hemen.

Euskararekiko gure konpromisoa aspaldikoa da. Duela 40 urte sortu genuen Euskal Filologia. Euskaraz bizitzeari garrantzia ematen diogu; hemen euskararen presentzia nabarmena da. Eta zabaldu nahi dugu; gure planetan euskarazko eskaintza %6 igotzea dago.

Bukatzeko, zein ondare utzi nahi zenuke?

Hortik jo nahi nuke: mundu berri baten alde elkarlanean. Elkarte konprometitua gara, jende eskuzabala dugu, potentzial handi bat. Hainbeste aldaketa datoz hain denbora laburrean! Hor egon behar dugu, pertsona defendituz beti, pertsonaren duintasuna. Hortik jo behar dugu, denok.