Argitxok bakarrik ezin du
Kontseilua kezkatuta dago euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiarekin. Manifestazioa deitu du azaroan.
Eta kezkatuta egotekoa da. Epaileak harro asko dabiltza hizkuntza eskubideak egurtzen eta komunikabide espainol batzuetan Argitxoren kontrako kanpaina ere hasi dute. Eskoletan haurrak euskarara gerturatu nahi dituen iratxoa da Argitxo. Sinpatikoa zelakoan nengoen, baina kazetari espainol batek kontatu digu beldurgarria dela. Euskaraz hitz egiten ez duten haurrak ohearen azpian ezkutatzen omen dira Argitxoren beldur. Ume koitaduak.
Norbaitek pentsatuko du euskaldunak zapaltzaile hutsak garela, Euskal Herrian euskararen diktadura gogorra ezarrita dagoela eta beste hizkuntzek ez dutela arnasik. Euskara belarrietan lehertzen zaigula kale bazter guztietan, jolastoki denetan, futbol zelaietan, kuadrilletan, lantokietan, anbulategietan... eta euskaraz ez dakitenak itolarrian bizi direla, ezagutzen ez duten eta ikasteko hain aldrebesa den hizkuntza horren erruz. Norbaitek pentsatuko du gure neska-mutikoak euskararen paradisuan bizi direla TikTokera sartzen diren bakoitzean eta influencer eta youtuber euskaldunak lotsagabe aberasten ari direla.
Norbaitek pentsatuko du osasuntsu eta indartsu dagoela euskara Euskal Herrian eta, horrekin konforme ez, eta inguruan dituen hizkuntzak zapaltzea beste helbururik ez duela. Euskal Herria, euskararen diktadurapean. Akaso norbaitek hori pentsatuko du, ipuin hori saltzen ahalegintzen direnek bozgorailu ozenak dituztelako.
Mesedez, atera ohe azpitik eta zabaldu begi-belarriak. Hor ikusiko duzue Argitxo, balantzaka, noraezean, euskarari ahoz ahokoa egiten, haren taupadari eutsi nahian. Euskararentzat zer nahi dugun erabaki beharko dugu. Argitxok bakarrik ezin du. •

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

El Supremo confirma las condenas a Zulueta y Enparantza y reduce las de Zuriarrain y Sarriegi

EH Bildu volvería a ganar en Gipuzkoa y PNV y PSE necesitarían un apoyo para gobernar

