NAIZ

Mexikoko Poliziak 175 migrante aurkitu ditu kamioi batean, horietatik 30 adingabeak

Mexikoko Poliziak 175 pertsona migrante aurkitu ditu ostiralean kamioi baten trailerrean. Horien artean, 30 adingabe zeuden bakarrik bidaiatzen. Europan, berriz, hamasei pertsona zauritu dira Bielorrusia eta Poloniaren arteko mugan.

Mexikoko Polizia, migratzaileak Ciudad Juareko kanpamendu batetik kanporatzen.
Mexikoko Polizia, migratzaileak Ciudad Juareko kanpamendu batetik kanporatzen. (Herika MARTINEZ | AFP)

Migrazio Institutu Nazionaleko (INM, gaztelerazko siglatan) agenteek eta Guardia Nazionaleko (GN) soldaduek 175 pertsona migrante aurkitu zituzten ostiralean kamioi baten trailerrean. Horien artean, 30 adingabe zeuden bakarrik bidaiatzen.

Gidaria Mexiko erdialdeko Chiapa de Corzo herrian atxilotu dute. Herri horrek tragedia bat bizi izan zuen 2021 abenduan: 49 pertsona migrante hil ziren garraio-istripu batean.

INMren arabera, puntu horretan zeuden agenteek Guatemalako 154 pertsona, Ekuadorreko 14, El Salvadorreko hiru eta Pakistango beste bat antzeman dituzte.

Bakarrik bidaiatzen zuten adingabeez gain, haurrak zituzten bost familia zeuden kamioiean.

599 lagunen erreskatea Mediterraneoan

Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) Geo Barents ontziak 599 pertsona erreskatatu ditu Erdialdeko Mediterraneoan. Agintari italiarrek koordinatutako operazio batean Barin lehorreratzea baimendu zuten, Italiako Apulia eskualdean (hegoaldean).

«Gure taldeak Siziliako kostaldean prestakuntza-jarduerak egiten zituen bitartean, Italiako Itsas Salbamendurako Koordinazio Zentroa harremanetan jarri zen Geo Barents-ekin, arriskuan zeuden 599 pertsona laguntzeko», adierazi du GKEak bere sare sozialetan.

MSFk jakinarazi du erreskateak hiru ordu iraun dituela, pertsona asko zeudelako ontzian. Orain, 599 lagunak Geo Barents-en daude, Barin lehorreratzeko zain.

Sos Humanity GKEko ontziari ere larunbat honetan eman diote Livornoko portuan (Italiako ipar-mendebaldea) lehorreratzeko baimena, ostiralean 88 migrante erreskatatu ondoren.

Hamasei pertsona zaurituta

Bestalde, gutxienez 16 lagun larriki zauritu dira Bielorrusia eta Poloniaren arteko mugan larunbat honetan, Britainia Handiaren laguntzarekin migranteen pasabidea eragozteko eraikitako alanbre-hesia zeharkatzen saiatzen ari zirela.

Talde humanitarioek ikerketa bat eskatu zuten, ikusteko gobernu britainiarrak zergatik lagundu zuen 5,5 metro altuerako hesia eraikitzen, eta Exekutiboak pertsona zaurgarriei eragindako kalte eta miserian duen «arduren» inguruan azalpenak eman ditzan.

Gainera, Poloniako defentsa-ministroak adierazi zuenez, herrialdeak Belgikarekin duen mugan beste hesi bat laguntzen lagunduko dute britainiar soldaduek.

Ez da Bielorrusia eta Polonia artean eraikitako alanbrezko hesian ezbeharra gertatu den lehen aldia. Apirilean gutxienez 16 pertsona zauritu ziren, batez ere Siriakoak, Kurdistanekoak eta Afganistanekoak.