NAIZ

Etxanobe (EAJ), Casanova (EH Bildu) eta Gonzalez (PP), Bizkaiko ahaldun nagusi izateko prest

Datorren asteazkenean Gernikako Batzar Etxean izango da inbestidura saioa. Elixabete Etxanobek (EAJ), Iker Casanovak (EH Bildu) eta Raquel Gonzalezek (PP) Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaitzak aurkeztu dituzte.

Gernikako Batzar Etxean pasa den astean egindako bilkuraren argazkia.
Gernikako Batzar Etxean pasa den astean egindako bilkuraren argazkia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Elixabete Etxanobek (EAJ), Iker Casanovak (EH Bildu) eta Raquel Gonzalezek (PP) Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaitzak aurkeztu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Ostiral honetan itxi da hautagaitzak aurkezteko epea, eta maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren Batzar Nagusietan ordezkaritza duten bost taldeetatik hiruk hautagaitza aurkeztea erabaki dute.

EAJk hauteskundeak irabazi eta 23 batzarkide eskuratu zituen. EH Bildu bigarren indarra da, 15 ordezkarirekin. PPk hiru batzarkide lortu zituen.

PSEk zortzi batzarkide ditu, eta ziur aski Etxanoberen hautagaitza babestuko dute asteazkenean, uztailaren 5ean, Gernikan egingo den inbestidura saioan.

Mahaiaren osaketa

Ekainaren 22an osatu zen Bizkaiko Batzar Nagusiak zuzenduko dituen Mahaia. Bilkura polemikoa izan zen eta argi geratu zen bi bloke ezberdin daudela: alde batetik, EAJ, PSE eta PPk osatzen dutena, eta bestetik EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak osatutakoa.

Iker Casanovak, EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramaileak, gogor kritikatu zuen Mahaiaren osaketa. Haren ustez «ez du modu egokian errespetatzen Bizkaiko gizartearen borondate demokratikoa», izan ere, bere ustez, «EH Bilduk hautetsontzietan izan duen presentzia eta protagonismoa murriztera bideratutako operazioa izan da».