Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Jakaren joko elektrikoak gorrien zirkuitulaburra ekidin du Larrazabal-Zabaletaren aurka (22-13)

Jaka eta Martijak oso lan txukuna egin dute Bastidan, CaixaBank Masterseko hirugarren jardunaldi honetan lehenengo garaipena lortzeko eta txapelketan oraindik aukerekin jarraitzeko. Larrazabal-Zabaleta ezinean aritu dira gaurkoan.

Jakak partidaren zama eraman du eta Larrazabal ezinean aritu da.
Jakak partidaren zama eraman du eta Larrazabal ezinean aritu da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jaka-Martija bikoteak garaipena behar zuen bai ala bai igande honetan Bastidan CaixaBank Mastersean bizirik jarraitzeko eta bere aukera guztiak, edo ia guztiak, ez baztertzeko. Eta hirugarren jardunaldian iritsi da lehen puntua, ezinean aritu diren Larrazabal-Zabaletaren aurka oso partida txukuna eta serioa eginda. Erik Jakak bere betiko joko elektrikoa baliatu du aurreko koadroetan mina egiteko eta Julen Martijak oso ondo dominatu ditu atzeko koadroak nahiz eta aurrean Jose Javier Zabaleta bezalako jotzailea izan duen.

Gaur urdinez jantzitako bikoteak garaipen bakarra du sailkapenean eta beste puntu bat lortzea oso garrantzitsua zen beretzat, baina aurkariak baino gutxiago izan dira eta lanean jardun beharko dute play-offetan egin nahi badute.

Egoerak behartuta, Jakak eraman du partidako zama guztia. Indar eta abiadura zitala eman dio jokoari eta Iker Larrazabal jokoan sartu ezinik aritu da gehienbat neurketaren lehen zatian. Atzean, gainera, Martijak bizkarraren atzean mantendu du Zabaleta, gaur bere maila onenetik urrun. Esku batekin konta daitezke Etxarrengo atzelariak atzean emandako kolpeak –Martijak oso defentsa ona egin duela ere aipatu behar da–, eta nafarra bere kolpe handienarekin ez badago, oso zaila izaten dute aurrelariek tantoetan mina egitea.

Neurketaren hasiera nahiko parekatua izan da, baina kasualitateak kasualitate, lehenengo zortzi tantoak gorriek egin edo galdutakoak izan dira (5-3). Hasieratik ikusi da Jakak txapatik gertu nahi zituela pilotak, Larrazabalek ezin altxatuz aritzeko.

Urdinek beren aukerak izan dituzte momentu askotan neurketa berdintzeko, baina ez dituzte aukera garbiak aprobetxatu eta gorriak, pixkanaka, tartea handituz joan dira.

Tanto kuriosoa

9-8tik 14-8ra igaro dira gorriak. Hain zuzen ere, 9-8ko horretan urdinak oso ondo aritu dira. Zabaletak asmatu egin du atzean, tartea zabalduz, eta Larrazabalek bikain amaitu du tantoa txokoan boleaz.

Esandakoa, gorriek 14-8raino alde egin dute eta tanto kuriosoa gertatu da 14-9koan. Jakak oso ondo defendatu du, baina Larrazabalek txokoan dejada egin, Martija lurrera bota da erantzuteko, Zabaleta ere iritsi egin da eta beste dejada batekin lurrean zen atzelari gorriaren gorputzean jo du pilotak, tantoa urdinentzat izateko.

Lehen atseden luzea iritsi baino lehen, Larrazabalek gehiago asmatu du errematean, eta bi tanto eder egin ahal izan ditu 16-11, 16-12 eta 17-13koa egiteko. Ezker airea txokoan, ezker gantxo zitala zabalean eta beste ezker aire bat txokoan, Jakari engainatuz, esperantza eman die.

Baina hortxe amaitu dira urdinen aukera guztiak. Zabaletak, arraroa bada ere, neurketako bigarren hutsa egin du pilota txapara bidaliz eta Erik Jakak beste lau tanto egin ditu jarraian bere erakustaldia handitu eta biribiltzeko.

Laugarren jardunaldia

Larrazabal-Zabaletak CaixaBank Masterseko laugarren jardunaldiari hasiera emango diote hilaren 17an, Tafallako pilotalekuan. Bertan play-offetan egoteko aukera ugari dituzten Peña II-a-Rezusta izango dituzte aurkari.

Hurrengo egunean, Altsasuko Burunda pilotalekuan, Jaka-Martijaren txanda izango da. Hauek oraindik asteartean Azkoitian hirugarren jardunaldia jokatu behar duten Ezkurdia-Mariezkurrena II-aren aurka aritu beharko dute.

Laugarren jardunaldiko hirugarren partida Zarautzen jokatuko dute, hilaren 20ean, oraindik garaipenik ez duten Elordi-Albisu bikoteak eta Altuna III.a-Imazek.

PARTIDAKO FITXA:

Jaka-Martija: 22

Larrazabal-Zabaleta: 13

Pilotakadak: 382. Iraupena: 49:21. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-4, 9-4, 9-8, 14-8, 14-9, 15-9, 15-10, 16-10, 16-12, 17-12, 17-13 eta 22-13. Sakez egindako tantoak: 3 Jakak eta 0 Larrazabalek. Jokoan egindako tantoak: 10 Jakak, 1 Martijak, 6 Larrazabalek eta 2 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Jakak, 1 Martijak, 6 Larrazabalek eta 2 Zabaletak. Gertakariak: CaixaBank Masterseko hirugarren jardunaldiko partida. Giro ona Bastidako pilotalekuan. Lehen sakea urdinentzat.