‘Lugañene’-k txapeldun baten erara bukatu nahi du liga; pauso batera du Zarauzko Ikurrina

Arraun Lagunak-ek erakustaldia eman du XV. Zarauzko Ikurrinako lehen jardunaldian, atzekoz aurrera eginda, eta Oriori eta Donostiarrari sei eta zazpi segundoko aldea aterata. ‘Lugañene’ matematikoki oraindik Euskotren Ligako txapelduna ez bada ere, hondamendirik ezean, bihar txapela jantziko du.

Arraun Lagunakeko trainerua ziaboga egiten, Zarauzko estropadako lehen jardunaldian.
Arraun Lagunakeko trainerua ziaboga egiten, Zarauzko estropadako lehen jardunaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arraun Lagunak-ek txapeldun baten erara amaitu nahi du Euskotren Liga, XV. Zarauzko Ikurrina prestigiotsua astinduta. Gaur pauso sendoa eman du horretarako, lehen jardunaldiko estropada irabazita, eta, biharko, haizea alde izango du. Orio izan da bigarren, eta Donostiarra hirugarren.

Juan Mari Etxaberen taldearentzat ez da nahikoa Euskotren Ligako txapeldunak izatea −hondamendirik ezean, bihar jantzi beharko lukete maillot gorria−, gehiago nahi dute, eta anbizio eta konfiantza horrekin, gailendu dira ligako banderarik prestigiotsuenaren lehen jardunaldian.

‘Lugañene’-k atzekoz aurrera egin du estropadan, bost segundo atzetik hasita, eta bost segundoko aldea aterata aurkariei. Alegia, hamar segundo jan dizkizkie gainerako traineruei. Ia ezer ez.

Oriok hartu du aurrea lehen metroetan, Arraun Lagunak-i traineru bateko aldea aterata. Indartsu hasi da Nadeth Agirre patroiak gidatutako taldea. Donostiarra eta Tolosaldea, ordea, lau bat segundora zeuden. Ramon Erostarberen taldea atzetik joan da estropada osoan zehar, alde handiz, gainera. Donostiarrak ere, bere bizilagunaren antzera, atzekoz aurrera egin du, eta pixkanaka-pixkanaka Orio harrapatzen joan da.

Lehen ziabogara iritsi baino lehen, orduan hasi da Arraun Lagunak-en motorra pizten, eta, hortik aurrera, ez da gelditu ere egin. ‘Mirotzak’ atera dira aurretik lehen ziabogan, bira ederra eginda. Bi segundora zuen ‘Lugañene’ eta laura ‘Kaiarriba’.

Denak berdinduta zeuden, eta orduan hasi da kaleen dantza. Denak lehen kale aldera joaten hasi dira, baina Donostiarrak ondo defendatu du berea, eta ez dio utzi Oriori bigarrenetik lehenera joaten. Agirre ‘mirotzen’ patroiak ababor aldera jo behar izan du.

Segundo batean zihoazen hiru ontziak, Arraun Lagunak indar erakustaldia egiten hasi den arte. Indar eta konfiantza erakustaldia; esanez, «Ez dugu oraindik gure azken hitza esan, eta liga poltsikoan badugu ere, Zarauzko Ikurriñaren bila goaz».

Arraun Lagunak hirugarren kaletik zihoan, eta Andrea Astudillok ere, Agirreren antzera, ontziaren norabidea zuzendu behar izan du, epaileak ababor aldera joateko agindu baitio. Maniobra hori eginda ere, ‘Lugañenek’ ez du segundorik galdu.

Poparean dotore amaitu dute estropada Etxaberen arraunlariek. Sei segundora iritsi da Orio, eta zazpira Donostiarra. Tolosaldea 32 segundora heldu da, eta Hondarribiak lehen txandan egindako denbora hobetuta, gutxigatik izan bada ere.

Lehen txandan, Hondarribia garaile

Lehen txandak kolore berdea berreskuratu du, Boiroko azken estropadan Hibaikak kendu baitzion liga osoan Hondarribiarena izan den bosgarren postua. Hori bai, hasieran Hibaikak hartu du aurrea, eta Cabo ere ez da atzean geratu. Galiziako ontziak lehen luze ona egin du, ziabogara lehenak iritsita. Tiran hasieratik atzetik jarri da, estropada amaiera arte.

Cabo ziabogara lehenak iritsi bai, baina atera, azken-aurrekoak atera dira. Hibaikaren antzera. Hondarribia izan da dotoreena ziaboga hartzen. Miren Garmendia patroiak ederki eman du bira, eta aurretik jarri da estropadan alde nahikoa aterata Cabori eta Hibaikari, lehen txandan gailentzeko.

Bigarren luzean Hibaikak eta Cabok izan dute lehia bizia txandako bigarren postua nork lortuko. Gutxigatik izan bada ere, Gipuzkoako ontziak zeharkatu du helmuga aurretik.

XV. ZARAUZKO IKURRIÑA

1. Arraun Lagunak: 11:07.22

2. Orio: 11:13.44

3. Donostiarra 11:14.96

4. Tolosaldea: 11:39.68

5. Hondarribia: 11:40.42

6. Hibaika: 11:50.96

7. Cabo: 11:51.16

8. Tiran: 12:25.42

 

EUSKOTREN LIGAKO SAILKAPENA

1. Arraun Lagunak: 88 puntu

2. Orio: 81

3. Donostiarra: 71

4. Tolosaldea: 65

5. Hondarribia: 50

6. Hibaika: 36

7. Cabo: 25

8. Tiran: 15