Nerea Goti

Argiñetako nekropolia, hariztiaren zaintzapean

Elorrioko hirigunetik gertu, harizti eder batek inguratzen du San Adriango baseliza, eta ondo-ondoan, Argiñetako nekropolia dago, harrizko hilobi multzo batez osatua. Dorretxeak, jauregiak... bisitatzeko moduko ondare historiko handia dauka Elorriok. Argiñetako nekropolia elementu nagusietakoa da, leku berezia, bere balio historikoagatik, inguruneagatik eta bien eraginez bertan arnasten den atmosferagatik.

Hogei hilobi daude nekropolian eta bost hilarri, lau borobil eta triangelu formako bat. Kanpoan ikus daitezkeen elementuez gain, multzoko beste ale batzuk baselizaren barruan daude. Harrizko sarkofago handi bat da, esaterako, baselizako aldarearen elementu zentrala. XVI. mendean eraiki zuten gaur egungoa, aurretik zaharrago bat egon zen tokian bertan. Zaharberritze batzuk izan ditu ondoren. Ez da eraikin handia, eta ondo zainduta dago. Bisitatzeko modukoa da. Arreta ematen dute, aldarearen albo bietara, inskripzioak dituzten hilobiek eta hilarriek, eta goiko aldeko egurrezko koru argiztatuak.

VI. eta IX. mende arteko sarkofagoen erreprodukzioak dira nekropolian ikus daitezkeenak; horietako bat bikoitza da. Kareharriz egina daude, eta berez, kasu guztietan, Argiñeta ez da jatorrizkoen kokapen originala. Baina nor lurperatu zuten han? Zer dakigu hilobi horien esanahiaz?

Garazi Agreda Elorrioko Turismo Bulegoko langileak lagundu dio GAUR8ri parajerainoko bisitan. Egun eguzkitsua da eta bero handia dago, baselizaren inguruko hariztiaren magalean sartu arte. Arbola handien gerizpera helduta, bestelakoa da hozberoa, freskotasun handia sumatzen da, zuhaizpean zerua ez da ia ikusten. Garbi dago ingurua, eta oso jende gutxi ikusi dugu: herritar bakarren bat paseoan, eta bertako bikote bat kanpoko lagunei Argiñetako parajea erakusten. Baseliza itxita dago, baina bisitatzeko aukera izan du GAUR8k, turismo gidariari esker. Auskalo zenbat urte duen burdinazko giltza handi bat bat sartu du sarrailan. Giltza hori «arreta handiz» gordetzen dute, kontatu duenez.

Hilobietara begira egon gara isilik segundo batzuetan zehar. Zenbait errenkadatan jarritako sarkofago horiek, harriz inguratuta, errespetua ematen dute. Inguruko isiltasunak ere nabarmen laguntzen du baitaratze sentsazio hori sortzen.

Elementu historiko horien inguruan dagoen informazioaz hitz egin du GAUR8k Agredarekin. Arreta ematen du harrizko bi piezatako hilobi horiek gainean duten triangelu formako estalkiak. Agredak azaldu du garai bateko gizarte hierarkiaz hitz egiten dutela elementuok. Garai hartan, gizarte maila altuko pertsonak lurperatzen zituzten harrizko sarkofagoetan. Herritar xumeak, aldiz, lurrean egindako habi komunetan lurperatzen zituzten. Harrizko elementu horiek, beraz, lehen datu bat uzten dute datazioaz gain: gizarte maila altuko herritarrak izan ziren haietan lurperatutakoak.

Zehaztu duenez, Argiñeta ez da erakusten dituen elementu guztien jatorrizko kokapena. Gaur egun bertan ikusgai dauden elementuen artean beste auzo batzuetako baselizetatik ekarritako elementuak daude. XIX. mendean jarri ziren San Adriango baselizaren inguruan. Elorrioko orduko parroko Domingo de Retolazak bildu ei zituen bertan auzoetan zeuden hilobiak, gogoratu duenez.

Kristau inskripzio zaharrenetakoak

Bi piezaz osatutako sarkofago horietako batzuetan inskripzioak daude. Inskripzio horiek Bizkaiko eta ziur asko Euskal Herriko lehen inskripzio kristauak dira, hainbat iturriren arabera. «Jainkoaren izenean, Momus bizitza gorputzean/ 921 aroan (urtea 883) egin zidan/Hemen lo», irakur daiteke latinez. Ondoko batean, «Paterna hil zen, jainkoaren morroi, abuztuko kalenden 17an» ageri da. Gurutzearen ondoan, omega letraren zeinua dago.

Hilobi multzoaren inguruko informazio osatuagoa bilatu dugu Elorrioko Udaleko webgunean. Oiz mendiko harrobietatik ateratako kareharriz eginak direla dio, eta sarkofagoen egituran sakontzen du. «Bi zati dituzte: kaxa, pieza bakarrekoa, itxura antropomorfokoa, eta estalkia, triangelu-formako sekziokoa, teilatutxo modukoa. Hainbat dimentsiotakoak dira eta, kasu batzuetan, bi elementuek ez datoz bat».

Ezaugarri horietan sakonduz, batez besteko luzera bi metro ingurukoa dela zehazten du. Neurriak kontuan hartuta, lurperatutako gorpuen altuera irudikatzeko aukera dagoela dio udal atariak, eta 1,63 eta 1,97 metroren arteko luzerakoak izan zitezkeela. Hutsune antropomorfiko eta bainuontzi formako kanpoaldeko kutxetako batek baino ez dauka apainketa kanpokoaldeko perimetroan zehar. Gaur egun oso galduta badago ere, «zerra hortzez beteta» egongo zela nabarmentzen du udal informazioak.

Erreferentziazko ingurunea

Nekropolia osatzen duten elementuen kopuruagatik, haien antzinatasunagatik eta kontserbazio egoera onagatik EAEko lehen mailako ondare elementu gisa izendatuta dago Argiñetako nekropolia, baina Elorrio osoa da monumentu multzoa, Garazi Agredak zehaztu duenez.

Balio historikoari lotuta, gainera, lekuaren esanahia itzal luzekoa da eta izaera hori denboran zehar mantendu da, Garazi Agredak nabarmendu duenez. Ohikoa zen ehorzlekuak baselizen inguruan egitea, baina Goi Erdi Aroko gizarteetan leku erreferentzialak ere baziren espazio horiek, eta denbora luzean gorde dute, hain zuzen, proiekzio hori. Antzinako gizarte haietan bilgune eta babesleku ziren baselizak, baina erabakiak hartzen zituen kontzejua biltzeko tokia ere baziren, kudeaketa egiten zuten kofradien biltokia...

Iraganaz hitz egiten dute elementu askok Argiñetan, baita haritz hostotsu handi horiek ere eta ez dute bakarrik GAUR8ren arreta eskuratu, hedabideekiko hurrengo hitzordua National Geographic-ekin izango baita uda honetan bertan.