Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gasteizko Parlamentuak bat egin du larunbaterako Kontseiluak Bilbon deitutako mobilizazioarekin

EAJk eta EH Bilduk adostutako mozio batekin, Gasteizko Parlamentuak Lakuari eskatu dio, euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, «dituen bitarteko juridikoak» erabiltzeko «indargabetutako artikuluen legezkotasuna defendatuz». Bat egin du larunbaterako Kontseiluak deitutako mobilizazioarekin.

Jasone Agirre EH Bilduko kideak aurkeztu du mozioa. Artxiboko irudia.
Jasone Agirre EH Bilduko kideak aurkeztu du mozioa. Artxiboko irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrak bat egin du larunbat honetan, «euskararen aurkako oldarraldia salatzeko» Bilboko kaleetan euskalgintzaren Kontseiluak deitutako mobilizazioarekin.

EH Bilduk eta EAJk adostutako mozio batekin, Parlamentuak Lakuari eskatu dio «euskararen gaia erdigunean izaki, 179/2019 dekretuaren defentsa egin dezala, indargabetu diren artikulu horien legezkotasuna defendatuz, bere gain dituen bitarteko juridikoak eta Justiziaren esparruak ematen dituzten aukera guztiak» erabiltzea. Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin da eta PSEk, PPk, Voxek eta Ciudadanosek aurka bozkatu dute.

Zentzu berean, «hemendik aurrera ere normalizazio eta biziberritze politikak garatzeko» eskatu dio Parlamentuak Iñigo Urkulluren Gobernuari, eta «euskarak etorkizunera begira dituen erronka handiei aurre egiteko EAEko sektore publikoko erakundeek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko duten babesa sakondu dezala».

Modu berean, «aurrerantzean ere, jarraitu dezala euskararekiko gizartearen atxikimendua eta adostasun zabala sustatzen eta elikatzen» eskatu dio Legebiltzarrak.

Eskaerak ez ditu Lakuari mugatu, eta erakunde publiko guztiei «orain artean emandako beren eskumeneko zerbitzuak herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatze aldera» erabiltzeko eskatu diete. Udalei, «herritarrengandik gertuen dauden administrazioak izanik», exijitu diete mantendu dezatela «azken 40 urteetan egin duten lana, eta adierazi duten konpromisoa euskararen erabileraren normalizazioan, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatze aldera».

«Eztula, euskarafobiaren sintoma»

«Eztula. Eztula gauza askoren sintoma izan daiteke: katarroarena, gripearena… Covidarena ere izan zitekeela ikasi genuen. Eta, orain, eztula nahasmendu mental baten sintoma ere badela ikasi dugu: euskarafobiarena», adierazi du EH Bilduko ordezkari Jasone Agirrek, mozioa aurkezterakoan, Urkulluk Familia Enpresaren Institutua deiturikoaren ospakizunean, Felipe Borboikoa Espainiako erregearen aurrean, pairatu zuenaren harira.

Agirrek gogora ekarri duenez, «dagoeneko, euskararen normalizazioa eta biziberritzearen aurkako 15 sententzia daude». Hau «ez dela kasualitate bat, kasu isolatuak», nabarmendu du, baizik-eta «ondo antolatutako ekinaldi bat, oldarraldi bat dira». Era berean, espainiar sistema judizialaren menpe egotearen ondorio gisa ikusten du EH Bilduko ordezkariak. «Guk geuk erabaki dezakegu hemen zeintzuk diren joko arauak, baina, gero, joko arau horiek Espainiako sistema judizialeko epaile batek interpretatuko ditu, bere sentsibilitatetik eta batez ere bere ideologiatik».

Horregatik, hizkuntza politika «indartsuak eta ausartak» aldarrikatu ditu Agirrek, «euskaraz jakiteko eskubidea denontzat bermatuta egon dadin».

Aitor Urrutia EAJko legebiltzarkidearen ustez, aipatutako dekretuan euskarari buruzko artikuluak baliogabetzeko auzitegiek hartutako erabakia «beldurraren epaia da». Izan ere, «euskararen esparruan aurrera egiten jarraitzea planteatzen den bakoitzean, euskararen normalizazioa gaztelania desagertuko den beldurrarekin aurkitzen da, eta hori ez da horrela, gaztelaniak oso osasun ona duelako Euskadin; ez dakit euskarari buruz gauza bera esan dezakegun».

Autogobernua «egunero» defendatu behar dela adierazi du, Lakuak «horrelako epaiei aurre egiteko tresna guztiak» erabiltzeko eskubidea duela azpimarratu aurretik, baina «auzitegietara iritsi aurretik hitz egin behar dela» uste du.

Elkarrekin-Podemos abstenitu; gainontzekoak aurka

Aitzitik, Alberto Alonso PSEko legebiltzarkideak aipatu duenez, «kultura eta hizkuntza homogeneotasuna bilatzen dutenen aurrean», bere alderdiak «kultura aniztasuna defendatzen du», eta «demokrazian epaileen zeregina legeak interpretatzea» eta «joko arauak inork ez urratzea» dela defendatu du.

Isabel Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak kritikatu duenez, «azkenaldian euskara arma gisa erabiltzen ari dira auzitegietan, eta horrek ez dio mesederik egiten euskarari, ezta euskal gizarteari ere». Hala ere, uste du «ez dela zilegi norbait zigortzea bere enplegua galduz», hori «hizkuntza politiken porrota langileen bizkar jartzea» dela baieztatuz. Hori dela-eta, abstenitu egin da alderdi morea.

Ciudadanos, Vox eta PPko ordezkariek ukatu egin dute euskararen aurkako «inongo oldarraldirik» dagoenik.

Lakuak ez du mobilizazioan parte-hartuko

Bestetik Lakuak, jakinarazi duenez, ez du ordezkaririk bidaliko datorren larunbatean Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestaziora. EAJk, EH Bilduk eta Sumarrek martxara joango direla baieztatu diete antolatzaileei, eta Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari gerentea ere bertan izango da, Nafarroako Gobernuaren izenean, bai eta udal erakundeetako eta sindikatuetako kideak ere.

Ostegun honetan bertan, baina, Jaurlaritzako iturriek baieztatu dute ez direla bertan izango. Gobernuko iturriek Europa Pressi adierazi diotenez, «Eusko Jaurlaritza ez da manifestazioetara joaten, eta oraingoan ere ez du egingo».